Aztarna argitaletxearekin Ni ez naiz hamalau poesia liburua kaleratu du Karlos Linazasorok (Tolosa, 1962). Berrehun soneto idatzi ditu. Molde poetiko zahar hori erabili du gauza berriak esateko. «Ematen du gauza zaharkitua dela, oso zurruna, baina justu kontrakoa da. Sonetoak oso modernoak dira, oso malguak, eta edozer gai, kezka, kritika edo ideia kontatzeko balio dute», esan du idazle tolosarrak.
Liburuaren aurkezpen ekitaldian izan den Anjel Lertxundik, hain zuzen, sonetoen «ugaritasuna» azpimarratu du. «Nahiz eta sonetoak makurtzen gaituen oso mundu itxi batera, liburuaren ezaugarri garrantzitsua da ugaritasuna. Egitura berdina dute den-denek, baina gauza ezberdin asko kontatzen dituzte poemok», esan du idazle oriotarrak. Linazasorok aitortu du gai filosofikoak eta transzendentalak jorratzearekin batera sonetoen artean badaudela ipuinak, rap kantuak, ereserkiak eta abesti modernoen moldaketak ere. Liburu aurkezpenean parte hartu duen Juan Kruz Igerabidek ere nabarmendu du Linazasororen jolaserako gogoa. «Soneto hauek errezoak dirudite hainbatetan, egileak poesia erlijio bakar bihurtu izan balu bezala. Baina, aldi berean, jolasa ere ikusten dut. Ikusten dut haur bat jolas sinbolikoa egiten, berean, baina oso serio».
Idazle adunarrak nabarmendu du poesia egiterakoan «zintzo» jartzen dela Linazasoro, «baita ironia erabiltzen duenean ere». Kasu honetan, poesian darabilen ironia «maitekorragoa» da Igerabideren hitzetan. «Ipuinetan gaizto, eta poesian txintxo, maitekor. Baina ez ttontto». Idazle tolosarrak berak esan izan du, gehienetan idazten duenean ez duela disfrutatzen, sonetoekin, ordea, tarteka gozatu izan duela aitortu du. «Sonetoek badute zu harrapatzeko gaitasun bat. Droga bat bezala dira. Hasten zara eta ezin duzu utzi. Pasatzen duzu denbora bat edozein lekutan hendekasilabikoak ikusten, kalean, lanean, lagunekin... Txoro piura hartzen duzu azkenerako eta jendeak arraro begiratzen zaitu», esan du.
SONETOAK GORDETZEN DUENA
Hasieran 50, gero 100, azkenerako 200 soneto baino gehiago idatzi ditu Linazasorok eta beranduago egin du aukeraketa libururako. «Lehen hendekasilabikoa ahora etortzen zaidanean, ondoren datorrena nahikoa erraz ateratzen zait», azpimarratu du. Tolosako idazlearen iritzian sonetoen %30 arkitektura da eta gainerako %70 sormena. «Niretzako sonetoak gordetzen du sorpresa bat. Hasten zara eta ez dakizu zer esango dizun berak zuri. Berak eramaten zaitu. Zuk ez duzu gobernatzen. Gidatu egiten zaitu eta zaila da kontra egitea. Bukaeran irakurtzen duzunean zeure buruari esan diozu, 'kontxo, hau nik idatzia al da?'. Bukaeran hartzen duzun sorpresa atsegina izaten da. Uste dut genero hau oso esker onekoa dela, eta sonetoak idazlearekin oso eskuzabalak direla».
Lertxundik uste du liburuaren bigarren sonetoan ageri dela literatur lanaren gai nagusia. Horrela dio sonetoaren bukaerak: «Erantzunak esanezinak dira / Zer da esanezina? Poesia». Idazle oriotarrak aipatu du idazlea beti saiatzen dela galdera fundamentalak egiten eta galdera horiei erantzuna ematen. «Nor naiz, nora noa, zein da nire zentzua, denboraren joana, mina... Karlosek hitz bakar batean definitzen du esanezina poesia dela. Idazlea saiatzen da esanezin den hori ahalik eta garbien adierazten, ahalik eta modu pertsonalenean eta iradokitzailenean, gu irakurleok mirari horretara hurbiltzeko eta geure buruari ere galdera horiek egin diezazkiogun. Modu guztiz pertsonalean egiten du hori idazleak liburu honetan».
Igerabidek ere azpimarratu du idazle tolosarrarengan sumatu duen gogoa. «Egarria ase nahia dago, nahiz eta jakin ezin dela inoiz ere ase. Hortik betegintzarrea, konprenitu nahia, eta galdera horiei ezin erantzunak sortzen duen porrot sentsazioa». Linazasorok ondotik baieztatu du: «Maria Zambranok esaten du esanezina misterioa dela. Haren atzetik ibiliko gara, baina ez dugu sekula jakingo misterio hori zer den. Saiatuko gara, baina alferrik, beti frakasatuko dugu, eta ni horretan oso iaioa naiz».
Testamentu poetiko bat ikusi du idazle adunarrak Linazasororen azken lanean. «Esango balu bezala, 'hau da nire ondare poetikoa'». Lertxundik ere ideia berdinean sakondu du: «Karlosek dio, 'hemen dago nire mundu poetikoa, hemen nabil, hemen ibiltzen naiz saltseatzen, hor ulertu behar nauzue' eta hitz guztiak aspaldi esanda dauden arren, bere ahotik esaten dizkigu, forma berriak bilatzen». Hain zuzen, Igerabidek nabarmendu du poesiaren unibertsaltasunaren aldarrikapena dagoela liburuan. «Oihartzun asko nabari dira, etxeko poesia dago, baina baita ere poesia unibertsala. Aipatzen ez dituenean ere hor daude, ekarri egiten ditu». Bere maisuak omendu nahi izan ditu poetak, eta lagunak goretsi.
Gogoan dituen poetetako batzuk aipatzen ditu Linazasorok soneto horietako batean: Goytisolo, Marai, Sylvia Plath, Costafreda, Violeta Parra, Anne Sexton, Pavese, Mirande, Primo Levi, Virginia Woolf, Alfonsina Storni, Marita Tsvetaeva... Hunkituta irakurri du Igerabidek sonetoaren amaiera, «eta betiko hauen denen itzal handi goxoan, Joxan Ormazabal».
2020ko abenduaren 7tik 2021eko urriaren 11ra bitartean idatzitako 200 sonetoak kronologikoki antolatu ditu Linazasorok Ni ez naiz hamalau poesia liburuan. XVI. mendean Oihenartek hasitako bideari jarraitu zioten, besteak beste, Larramendik, Mirandek, Arrese-Beitiak, Oxobik, Lauaexetak, Krutwigek, Iratzederrek edota Juan Luis Davantek. Azkenaldian Juan Mari Irigoien eta Harkaitz Canok kaleratutako lanekin, zerrenda osatzera dator orain Linazasoro.
SONETOAK MUSIKATUTA EMANGO DITUZTE
Aurkezpen ekitaldian Lertxundik azpimarratu du sonetoek «soseguz» lan egiteko aukera ematen dutela eta zailtasun «handikoak» direla. «Elementu dezente lotu behar ditu musikaltasuna lortzeko. Sonetoaren funtsa ez da bakarrik esaten dena, esaten den horrek musikaltasun bat eduki behar du» .
Aztarna argitaletxeko arduradun Joxan Goikoetxeak adierazi du Linazasorok eta biak badutela asmoa liburuan bildutako sonetoak musikatzeko eta jendaurrean emateko.
«Aurretik, Shakespearen sonetoak itzuli zituen Juan Gartziak eta musikatu egin genituen. Ez da langintza erraza melodia bat eta idazlearen ikuspegia asetzea, baina saiatuko gara horretan», esan du Goikoetxeak. Musikariak aurreratu du aurten Aztarnan musika lanez gainera, beste hiru literatur lan ere publikatuko dituztela.