Etxebizitza tasatuen zozketa izango da apirilaren 19an

Ataria 2023ko mar. 22a, 17:59

Tolosako Udalak Iurramendi eta San Kosme eta San Damian eremuetan eraikiko dituen 60 etxebizitza tasatuen zozketa egingo du 18:00etan, Tolosako Leidor aretoan.

Iurramendi eremuan 40 etxebizitza, eta San Kosme eta San Damian eremuan, berriz, 20 etxebizitza tasatu eraikiko ditu Tolosako Udalak. Aipatutako eremu horietan etxebizitza tasatu zein libreak egiteko obra baimenak emanak ditu, eta hirigintza lanekin hasita daude dagoeneko. Guztira 60 etxebizitza tasatu izango dira, eta apirilaren 11an, 18:00etan Leidor aretoan egingo dute zozketa.

Xabier Balerdi etxebizitza saileko zinegotziak adierazi bezala, izen ematea «oso altua» izan da, guztira 900 eskatzailek izena eman dutelako deialdian. «Bistakoa da Tolosan etxebizitza eskari handia dagoela», nabarmendu du Balerdik. Era berean, alokairu ordainketa errazteko diru laguntzen azken deialdiak ere «arrakasta» izan du, guztira 68 eskari jaso dituelako.

Izan ere, diru laguntzak jasotzeko oinarriak aldatu egin dituztela gogorarazi du Balerdik, tolosar gehiagorena zabaltzeko helburuarekin: «Iaz diru laguntzen deialdi berria zabaldu genuen, Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun programan sartzen ez ziren 18-35 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa. Orain diru laguntza eskatzeko aukera hori beste hainbat kolektiboen artean zabaldu dugu: bananduak, alargunak, guraso bakarreko familiak edota 70 urtetik gorako herritarrak». Egindako informazio kanpaina ere lagungarri izan dute horretarako, eta emaitzarekin «gustura» daudela aitortu du, «kolektibo horiengana zuzentzearekin asmatu egin dugulako».

Amaitzeko, etxebizitza hutsak eraberritu eta alokairuan jartzeko diru laguntza eskatzeko aukera urte osora zabalduko dela ere jakinarazi du Balerdik.

15 etxebizitza babestu

Iurramendi eremuaren garapenari lotuta, Tolosako Udalak jaso duen aprobetxamendua baliatuko du alokairura bideratuko diren 15 etxebizitza babestu eraikitzeko. Proiektua idazteko prozesua datozen asteetan abiatuko dela azaldu du Egoitz Sorozabal hirigintza saileko zinegotziak: «Udal gobernu honek alokairura bideratuko diren 15 etxebizitzak eraikitzeko erabakia irmo hartuta du. Zentzu horretan, datozen asteetan lizitazioa martxan jarriko dugu, eta horren ostean, obrarekin hasiko gara».

Bestalde, Visesarekin elkarlanean, Amarotz auzoan eraikiko diren alokairuko etxebizitza babestuen sustapenerako Plan Berezia martxan dagoela jakinarazi du Sorozabalek: «Hitzarmen horretan adostu dugun bezala, Amarotzen babes ofizialeko 111 etxebizitza sustatuko dira lehen fasean, eta etxebizitza guzti horiek alokairura bideratuko ditugu. Bertan, tolosarrek izango dute lehentasuna». Aurreko astean etxe horien proiektu idazketa egiteko lizitazioa martxan jarri zuen Visesak, 722.040 euroko aurrekontuarekin.

Beharrei erantzuten

Olatz Peon Tolosako alkatearen hitzetan, «Tolosan etxebizitza beharra dago. Ikusi besterik ez dago promozio desberdinetan aurkezten diren pertsonen kopurua. Horregatik, etxebizitza politika lantzeko garaian, legealdi hasieratik gai estrategikoa eta lehentasunezkoa izan da hori. Azken finean, etxebizitza sarbidea eskubide bat da, eta eskubide horri modu eraginkorrean erantzun behar zaio».

Legealdi hasieran etxebizitza hutsen inguruko azterketa egin zuen Tolosako Udalak, tolosarren beharrak zeintzuk ziren identifikatzeko. «Beharrei erantzuteko egitasmo desberdinak abiatu ditugu: alokairu ordainketa errazteko diru laguntzak eskaini dira, eta etxebizitza hutsak merkaturatzeko plangintza ere antolatu da. Horretarako, Alokabiderekin hitzarmena sinatu zen, eta lanketa berezia egin da etxebizitza hutsak dituzten jabeekin ere», azaldu du Peonek.

Lan lerro horiekin batera, hirigintza garapena eta auzogune berrien sorrera sustatu du udal gobernuak azken urteetan. Hortaz, Tolosako eremu ezberdinetan 371 etxebizitza berri izango dira etorkizunean. «Eraikuntza horien sustapenerako pausoak emanak daude dagoeneko, eta alokairuaren aldeko apustu garbia ere ari gara egiten. Etorkizunean lanean jarraitzea ezinbestekoa izango da, eta horregatik, ez dut aipatu gabe utzi nahi San Esteban auzoaren garapena eta etxebizitza hutsen merkaturatzea ere», azpimarratu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!