EH Bildutik adierazi dute Tolosako kirol instalazioetako langileek «soldata duinak» merezi dituztela, «gainontzeko langileok bezala». «Baina hobekuntza ekonomikoez gain, lan baldintzetan aurrerapausoak eman behar dira, eta hor gakoa sektoreko lan hitzarmen kolektiboa ere izango da. Beraz, kirol azpiegituretako langileen lan baldintzak hobetu, zerbitzuaren bideragarritasuna mantendu eta tolosar guztiek oinarrizko zerbitzu hau erabiltzeko aukera izateko lan egingo dugu. Bien bitartean, EH Bildutik dei egiten diogu enpresa kudeatzaileari lan baldintzen inguruko negoziaketa egin dezan, eta gure babesa adierazten diegu kiroldegiko langileei euren lan baldintzak hobetzeko abiarazi duten borrokan», gaineratu dute.
Kirol instalazioen kudeaketa udal zerbitzu bat izanik, EH Bilduren iritziz, «udalaren ardura» da zerbitzua ematea. «Hala ere, EAJ-k eta PSE-EE-k osatzen duten udal gobernuaren politika pribatizatzaileen ondorioz, zerbitzua emakida bidez kudeatzen da, udalaren esku hartze aukera ia erabat murriztuz. Zerbitzuko lan gatazka konpontze aldera eta bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko sarrera eta gastuen azterketa sakona egin behar da, neurri eraginkorrak hartzeko. Eta urtarrileko osoko bilkuran esan bezala, beste neurrien artean 2024ko tarifak berrikusi behar izateko kasuan, hauek progresiboak behar dute izan, familia bakoitzaren egoera ekonomikoa kontutan izanda».
Tolosako Udaleko oposizioko alderdiak gogora ekarri ditu kirol instalazioen ustiaketaren kontratu berriaren nondik norakoak. «2021eko ekainean 14 urtetarako kontratua onartu nahi izan zuten EAJ-k eta PSE-EE-k, baina horretarako EH Bilduren aldeko bozka behar zuten. Gu, zerbitzua ahal zen heinean publiko egiteko bidean, baldintzak negoziatzeko eta epe motz baterako kontratua esleitzeko prest agertu ginen. Udal gobernuak, baina, nahiago izan zuen lizitazioaren urteak eta diru kopurua jaitsi, aldebakartasunez onartu ahal izateko, adostasuna bilatu baino, horregatik eman genuen irizpenaren aurkako botoa 2022ko otsailean, aurreko urteko iraileko osoko bilkuran bezala».
Sei hilabete igaro dira enpresa berria zerbitzua ematen hasi zela. «Aurreikusitako egoeran aurkitzen gara orain. Argi dugu egoera ekonomikoa asko aldatu dela, lehengaien prezioen garestitze izugarria eman dela lizitazioa prestatu zenetik honaino, eta horrek enpresaren balantze ekonomikoan eragina izan duela, baina ezin dugu ahaztu bertako langileak eta erabiltzaileak ere modu berean ari direla bizitzaren garestitzea pairatzen», adierazi du EH Bilduk.
Tolosako EH Bilduk adierazi du lehen unetik azaldu zuela bere kezka langileen etorkizunarekiko, eta kontratuaren jarraipen estua egiteko eskatu zutela. «Izatez, legeak arlo ekonomikoa lehenestea behartzen du, baina lizitazio honetan izan zuen garrantziak kezkatu gintuen, arlo ekonomikoak teknikoak baino garrantzia askoz handiagoa duenean zerbitzuaren kalitatean, langileen baldintzetan edota erabiltzaileengan ondorioak ekartzen dituelako».