Apirilaren 1ean zabalduko ditu ateak Andragora Tolosaldeko Emakumeen etxeak

Ataria 2023ko martxoaren 21a

Ate irekiera ekitaldirako espazioa ezagutzeko bisita gidatua, txupinazoa, kalejira eta bertso saioa antolatu dituzte.

Mugimendu feministaren aldarrikapen historikoari erantzun asmoz eta berdintasunaren alorrean urratsak egiten jarraitzeko helburuarekin sortutako espazioa da Andragora, eta jada badu irekiera data. 2016az geroztik, eskualdeko emakumeekin elkarlanean garatutako proiektuaren barruan, pauso garrantzitsua izango da apirileko lehen egunekoa.   

Hori horrela, apirilaren 1ean espazioa ezagutzeko bisita gidatua egingo da lehenbizi, 10:30ean; 11:30ean, txupinazoa eta kalejira egingo da trikitilariekin eta Batumore taldearekin, Emakumeon plazatik irtenda.

Behin kalejira amaituta, 13:30ean, Tolosako alkateak, herriko ordezkari politikoek eta talde eragileak hitza hartuko dute, 2016az geroztik egindako lanketa eta elkarlana balioan jarri eta Andragora, Tolosaldeko Emakumeen Etxeak aurrerantzean eskainiko dituen zerbitzuen berri emateko, besteak beste.

Goizari itxiera emateko, bertso saioa izango da Amaia Agirre eta Uxue Alberdiren eskutik; Ayvee eta Alai abeslariek ere parte hartuko dute ekitaldian. Ondoren luntxa izango da, bertaratzen direnentzat.

Ate irekiera ekitaldira herritar oro dago gonbidatuta. Hala ere, parte hartu nahi dutenek asistentzia konfirmatzea eskatu du udalak, berdintasuna@tolosa.eus helbidera idatziz edo 943 670 383 telefonora deituz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!