Tolosan izango du amaiera Natura eta Ingurumeneko III. Zinema erakustaldiak

Leyre Carrasco 2023ko mar. 21a, 17:59

'Ganado o desierto' Francisco Vaquerok zuzendutako film dokumentalaren aurre estreinaldia izango da hilaren 30ean 19:00etan, Topic-en. Sarrerak doan izango dira.

Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko III. Zinema erakustaldia antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak, hilaren 23tik 30era bitartean. Gipuzkoako Naturaldia proiektuaren parte da Gnat Zinema jaialdia, eta Jose Ignacio Asensiok ingurumen diputatuak azaldu bezala, «zinema erakustaldi honek meditaziora gonbidatzen gaitu, errealitateaz jabetzera, eta nor garen eta gure ingurumenarekin nola erlazionatzen garen hausnartzera».

Aurten, Gipuzkoako bederatzi udalerritan izango dira Gnat Zinemaren emanaldiak: Azpeitian, Eibarren, Errenterian, Mutrikun, Oñatin, Ordizian, Donostian, Tolosan eta Zumarragan. Herri horietan naturarekin lotutako 11 film emango dira, hala nola, «El leopardo de las nieves», «We the power», «Salvar Tenerife», «Fire of love», «Aware», «Con la fuerza del viento», «Forest for the threes: The three planters», «Cuerdas», «Joy», «Ganado o desierto» eta «Entre montañas».

Asensiok jakinarazi duenez, «Gnat Zinema proiektua zabalik dago naturaren alde zerbait egin nahi duen ororentzat, bai naturaren defentsaren arlotik, bai sormenaren dibulgazioarekin arlotik jardunda». Era berean, zinema erakustaldi honek «meditaziora» gonbidatzen duela azpimarratu du, «errealitateaz jabetzera eta nor garen eta gure ingurunearekin nola erlazionatzen garen hausnartzera».

Bestalde, Patxi Amantegi Tolosako Ingurumeneko zinegotziak hemendik aurrera «erronka potoloak» hartu behar direla adierazi du, eta aldaketa klimatikoa izango da horietako bat: «Horri behar bezala aurre egiteko naturaren ezagutza ezinbestekoa da. Egoera honi gogor egin nahi badiogu eta buelta eman nahi badiogu, estamentu guztiak inplikatu behar zaizkio, politika berdeak egin behar dira, eta lehen sektoreko eragile guztiekin kontatu behar da, baita herritar guztiekin ere. Erakustaldi hauek kontzientzia hartzen, maitatzen eta errespetatzen laguntzen baitute».

Tolosako emanaldia

Aurtengo edizioak Tolosan izango du amaiera, eta Amantegik aipatu bezala, Tolosa da horretarako herri aproposa: «Tolosa bezalako herri batek natura bere muinean darama, bere ADN-an idatzita dauka».

Bertan, Francisco Vaquerok zuzendutako «Ganado o desierto» dokumentalaren estreinaldia eskainiko da 19:00etan, Topic-en. Metafora Visual enpresak ekoitzi du eta Gustavo Ales izan da eskoizlekide. Dokumental honek animaliak klima aldaketaren aurka borrokatzeko baliabide gisak aurkeztuko ditu; abeltzaintza larreak, lurzoruak, zuhaiztia eta ura lehengoratzeko nola erabiltzen den, baita ganaduaren kudeaketa modu errealean nola egiten den ere, landako eta ekonomiak lehengoratzeko irtenbide gisa. Filmaren zuzendaria eta ekoizlea emanaldian izango dira.

Sarrerak doan izango dira, eta egoitza bakoitzeko ohiko saltokietan edo Gipuzkoa Ingurumena webgunean (www.gipuzkoa.eus) eskuratu ahal izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!