Erosketa-bonu kanpaina berria abiatuko dute Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 21a, 16:00

Martxoaren 23an hasi eta apirilaren 30ean amaituko da, eta datozen egunetan bonuak erosteko aukera egongo da San Frantzisko ibiltokiko etxolan; herritar bakoitzak, 20 euro ordainduta, 30 euroko balioa duten hiru bonu eskuratuko ditu, bakoitza 10 eurokoa.

Bigarren aldiz jarri du martxan Tolosa&Co merkataritza elkarteak erosketa-bonuen kanpaina, Tolosan. Elkarteko bazkide diren saltokietan, ordaindutakoa baino 10 euro gehiago kontsumitzeko aukera izango dute herritarrek.

Datozen egunetan, San Frantzisko ibiltokian (Gipuzkoako Artxiboaren parean) kokatutako etxolan salduko dituzte bonuak. Martxoaren 23an eta 24an, osteguna eta ostirala, goizez (8:30-14:00) eta arratsaldez (16:00-20:00) egongo da bonuak erosteko aukera; martxoaren 25ean, larunbata, goizez bakarrik (8:30-14:00). Izakinak agortu arte mantenduko da irekita salmenta.

NAN zenbaki bakoitzeko bonu bat soilik erosi ahal izango dute herritarrek. Beste norbaiti bonua erosi nahi izanez gero, pertsona bakoitzak, gehienez, 2 NAN erakutsi ahal izango ditu, eta beraz, bi bonu erosi. Ordainketa kreditu txartelez nahiz eskudirutan egin ahal izango da, eta erosketa egiten den momentuan erabiltzaileari ondorengo datuak eskatuko zaizkio: izen abizenak, identifikazioa (NAN zenbakia), jaiotze data, harremanetarako telefono zenbakia eta herria.

Bonuen erabilera eta baldintzak

Komertzio bakarrean edo ezberdinetan trukatu ahal izango dira bonuak, eta horiek kontsumitzeko azken eguna apirilaren 30a izango da. Bonuak Tolosa&Co elkarteko bazkide diren saltokietan kontsumitu ahal izango dira: janari dendak, arropa, oihalak, kirola, oinetakoak, zerbitzu saltokiak edota ostalaritza, besteak beste. Bonu bakoitzaren atzean saltokien zerrenda irakurri ahal izango da.

Bonuak erabili ahal izateko, erosketak 10 eurokoa edo gehiagokoa izan beharko du, inoiz ez, txekearen balioa baino baxuagoa. Erosketaren zenbatekoa bonuaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, diferentzia ez da eskudirutan itzuliko.

Bonuak ezin direnez eskudiruagatik trukatu eta bonuaren zenbatekoa ez denez itzuliko, produktua itzultzen bada, establezimenduak erosketaren zenbateko osoko bonu propio bat emango dio erabiltzaileari.

Bonuak modu arduratsuan erosi eta erabili beharko dira, eta kontuan hartu beharko da bonurik edo ordaindutako zenbatekorik ez dela itzuliko berauek galdu, ahaztu edo ezjakintasunagatik sortu daitezkeen bestelako egoerengatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!