Kultur azpiegituren berrantolaketa eta plangintza zehatza egin du Tolosako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 20a, 17:59

Liburutegi berriaren proiektua gauzatu ahal izateko zerbitzu eta espazioen berrantolaketa zehatza egin du udalak. Zortzi urterako plangintza osatu du, baita aurreikusitako inbertsio eta lanak egiteko kronograma zehatza ere.

Aurreko legealdian, 2015-2019an alegia, herriko azpiegitura soziokulturalei buruzko azterketa egin zuen Tolosako Udalak; 2018an eman zuen egindako lanketaren berri. «Azterketaren helburu nagusia zen ekipamenduen katalogoa osatzea eta ekipamendu bakoitzak eskaini beharreko zerbitzuak zehaztea, beharrak eta baliabideak kontuan hartuta, udal ekipamenduen optimizazio eta erabilera hobetzeko, Tolosak duen jarduera soziokultural handiari modu eraginkorragoan eta efizienteagoan erantzuteko eta tolosarrei eskaini beharreko zerbitzuak hobetzeko», adierazi dute udaletik. Azterketa horren baitan, 18 udal ekipamendu eta 33 zerbitzu aztertu zituzten.

Azterketaren emaitzak aintzat hartuta, eta bertan atzemandako beharrei jarraiki, legealdi honetarako lehentasunak ezarri zituzten, horien artean, Emakumeen Etxea eta udal liburutegi berria, kultur etxean kokatuko dena. «Legealdi honetan, beraz, Emakumeen Etxearen proiektua bere osotasunean gauzatu da eta gune berriak ateak zabalduko ditu apirilaren 1ean, eta liburutegi berria kultur etxean kokatzeko proiektua ere egin da, eragileekin eta herritarrekin elkarlanean».

Udal liburutegi berriaren proiektua prest dago, baina proiektua aurrera eramateko, ezinbestekoa da aurrez, kultur etxean kokatuta dauden zerbitzuen berrantolaketa eta lekualdaketa egitea. Horregatik, Tolosako Udalak, aurreko legealdian egindako lanaren osagarri modura, kultur azpiegitura eta zerbitzuen berrantolaketarako plangintza zehatza eta inbertsio eta obren aurreikuspen eta kronogramak landu ditu, Hiritik at enpresaren laguntzarekin.

8 urterako plangintza eta bide-orria osatu du udalak, aurreikusitako egokitzapen eta berrikuntza guztiak aurrera eraman ahal izateko; azpiegitura bakoitzean egin beharreko inbertsioak ere zehaztu ditu. Kultur etxea, Iturriza jauregia, Gorosabel eraikina, Aranburu Jauregia, Errota eta Abastos eraikinak berregituratu eta berrituko dituzte, beharrezkoak diren inbertsioak eginda, eta udal ekipamendu horiek zerbitzu berriak hartuko dituzte, hala nola, udal liburutegia, Euskaltegia, artearen etxea, udal bulegoak, elkartegintzarako espazioak edota ikasgela eta Topagunea.

«Kultur azpiegiturak, pausoz pauso, berritu eta egokitzeko, puzzle-lana osatu dugu, izan ere, aurreikusitako udal ekipamenduen optimizaziorako eta herritarrei zerbitzu hobeagoak eskaintzeko aldaketa ugari egitea beharrezkoa da», azaldu du Olatz Peon alkateak. «Egindako azterketa sakon honen helburua da liburutegi berria egin aurretik, zer egin behar dugun zehaztea da», gaineratu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!