Eukene Larrartek emaitza bikaina lortu du Nazioen Kopan

Ataria 2023ko martxoaren 20a

Pasa den astean, Kairon (Egipto) jokatu ziren Nazioen Kopako lasterketak, eta txirrindulari tolosarrak meritu handiko 10. postua lortu zuen omnium proban. Larrartek proba honetan inoiz lortu duen emaitza onena da.

Ostiralean izan zen proba, eta Larrartek oso ondo ekin zion, scratchean zazpigarren eta Tempo Race lasterketan hamaikagarren postuan sailkatuz. Kanporaketako proban, hamabosgarren izan zen tolosarra, eta puntuazioko probako esprint batean 3 puntu lortu ondoren, 63 punturekin amaitu zuen proba, hamargarren postuan. Espainiako Txirrindularitza Federazioak Larrarteren emaitza nabarmendu du, eta esan dute bere prozesuaren eta hazkundearen erakusleiho dela. Gogoan izan behar da aurtengo Europako Txapelketan zilarrezko domina lortu zuela Larrartek scratch proban, eta hamaikagarren izan zela omniumean. Kairon lortutako emaitza garrantzitsua izan daiteke Larrarterentzat, Olinpiar Jokoetan aritzeko aukerari begira.

Omniumekoa, ordea, ez zen izan Larrartek Kairon jokatu zuen proba bakarra. Bezperan, ostegunean, Madison proba jokatu zuen, Laura Rodrigezekin bikotea osatuz. 13. postua lortu zuten, eta punturik lortu ez bazuten ere, lehiakortasun handia erakutsi zuten.

UCIk antolatutako Nazioen Kopako hirugarren eta azken jardunaldia Miltongo belodromoan (Kanada) jokatuko da, apirilaren 20tik 23ra.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!