Euskararen kaleko erabilerak bigarren aldiz gainditu du %50eko langa Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 21a, 07:59

1985etik orain arte erregistratutako daturik altuena da 2022ko kale neurketak emandakoa: %52,5ean egiten da euskaraz; gazteenak dira euskara gehien erabiltzen dutenak, eta adinean zenbat eta gorago joan, orduan eta txikiagoa da erabilera.

Hizkuntzen kale erabileraren 2022ko neurketaren datuak eta 2021eko Tolosako datu soziolinguistikoak aurkeztu dituzte Galtzaundi Euskara Taldeak, Uemak eta Tolosako Udalak. 1985etik urtero egiten dira kale neurketak Tolosan eta ordutik erabilerak 23 puntu egin ditu gora, laugarren aldiz, eta jarraian, gaztelaniaren aurretik kokatu da euskara. Iazko kale neurketan, 6.317 hiztunen 4.646 elkarrizketatatik atera zuten informazioa. Abenduko hiru egun ezberdinetan ibili ziren kalez kale 16 neurtzaile.

Euskarak orain arte eman gabeko emaitza eman du kale neurketan Tolosan: %52,5ekoa da euskararen erabilera, gaztelerarena %45,2 eta beste hizkuntzena %2,3. 2019ko datuetan kokatu zen lehen aldiz euskara gaztelaniaren gainetik, baina %49 eman zuen, eta 2021ak markatu zuen %50etik gorako erabilera. «Segida horrek tendentzia argi bat badagoela erakusten digu», esan du Igor Agirre Galtzaundiko ordezkariak. «Argi esan daiteke emaitza anekdotikoak izan beharrean, euskararen erabilera indarberritze joera argian egonkortuta dagoela Tolosako kaleetan».

Adinari begira, haurrak (2-14 urte) dira Tolosako kaleetan euskara gehien erabiltzen dutenak: %76,2. Atzetik gazteak (15-24 urte) daude: %67. Horiei jarraiki, heldu gazteak (25-44 urte) daude: %61,5; gero, heldu-nagusiak (45-64 urte): %37,6; eta, azkenik, adinekoak (65 urtetik gorakoak): %35,8. «Adinean zenbat eta gorago joan, orduan eta txikiagoa da erabilera», zehaztu du Agirrek.

Bilakaera horretan azpimarratzeko da 45 urtetik gorakoen eta beherakoen artean dagoen aldea: 45 urtez azpikoek %67,5eko erabilera erregistratu dute, 45 urtez gainekoei %37ko erabilera neurtu zaien bitartean. Aldaketa nabarmena izan du datu horrek, Agirrek kontatu duenez: «1985 eta 1989 artean, 15 eta 24 urte artekoak ziren euskaraz gutxien egiten zutenak Tolosan, eta gaur egun, haurren atzetik beraiek dira gehien erabiltzen dutenak». 65 urtetik gorakoen kasuan, 1985 eta 1989 artean, beraiek ziren euskaraz gehien egiten zutenak, eta gaur egun euskara gutxien haiek erabiltzen dute. «Hala ere, adinekoen erabileran beherakadak geldialdia izan du 90eko hamarkadatik lehen aldiz eta errekuperazio zantzuak sumatzen ditugu egun».

Kalean sortzen diren elkarrizketetan haurren presentziak duen garrantzia «adierazgarria» dela dio Galtzaundiko ordezkariak. «Nagusiek, haurrak parean izatearekin bakarrik, nahiz eta haurrek ez hitz egin, euskaraz gehiago egiten dute». Nagusiak elkarren artean aritzean %45ean egiten dute euskaraz eta haurrak parean izanda %70ean. 

Ezagutza, lehen hizkuntza eta etxeko erabilera

Zentsuaren arabera, Tolosan, 1981etik 2021era, euskaldunak biztanleen %50 izatetik % 70 izatera pasa dira; euskara ulertu ez ezik, hitz egiteko gaitasuna dute %70 horiek. Hori kontuan izanik, Gari Goikoetxea Uemako ordezkariak baieztatu du Tolosan geroz eta jende gehiagok dakiela euskaraz.

Lehen hizkuntzaren datuei begiratuz, etxean euskara jasotzen duten herritarrak gutxiago dira egun, orain dea hogei urterekin alderatuta. 1991n, tolosarren erdia ziren etxean euskara jaso zutenak, eta euskara zekitenak %58; 2021ean, euskaraz dakitenak %70 dira eta lehen hizkuntza euskara dutenak %48. «Datu horiekin ikus daiteke euskaldun multzo oso handi bat dagoela euskara eskolan edo euskaltegian ikasi duena» gehitu du Goikoetxeak.

Tolosako etxeetan euskararen erabilpena %36koa dela jaso dute. «Euskaldunen ezagutza oso handiko adin taldea guraso izateko adinean sartzen ari da, beraz, ikusiko dugu etxeko erabilerak ze bilakaera hartzen duen datozen urteetan, izan ere, badakigu euskara dakiten gurasoek euskara transmititzen dutela». 

Lorpen kolektiboa

Urtez urteko emaitzetatik haratago, eboluzioak «egoeraren azterketa fidagarria» egitea ahalbideratzen duela esan dute. Hori horrela izanik, «azken urteetako berrindartze honen atzean modu desberdinetara beren aletxoa jarri duten herritarren lana dago».

«Lorpen kolektiboa» da Tolosako kaleetan euskararen presentzia nabarmen areagotzea; «euskararen aldeko urrats sendoak eman dituzten herriko talde, elkarte, ikastetxe, euskaltegi, komunikabide, erakunde, enpresa eta saltoki, mugimendu sozial, sortzaile zein norbanako eta euskaltzaleen lanaren fruitua da. Eta azken emaitzek argi erakusten dute lorpen horretan parte hartu duten eragile eta norbanako guztien aletxoa zein garrantzitsua izan den».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!