Iurreamendi egoitzak 20 plaza eredu berrira egokituko ditu

Irati Saizar Artola 2023ko mar. 17a, 18:00

Iurreamendi egoitza birmoldatzeko aurreikusi dituzten 12 fasetatik lehenari ekingo diote apirilean; banakako 16 gela eta bi gela bikoitz ezarriko dituzte, orain daudena baino zortzi plaza gutxiago.

Iurreamendi egoitza birmoldatzeko 12 faseetako lehena apirilean hasiko da, espazio fisikoak "arreta eta zaintza eredu berrira" egokitzeko. Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatuak esan duenez, egoitza elkarren artean independenteak diren moduluetan zatitzea planteatu dute: «Modulu horietako bakoitzak, gehienbat, bainugela duten banakako gelak, eta sukaldea, jangela eta egongela dituzten eremu komunak izango ditu».

Proiektu osoak solairu bakoitzeko bi modulu planteatzen ditu, eta guztira sei modulu izango ditu egoitza osoak. Era berean, espazio komun orokorrak zabalagoak izatea eta beheko solairuan eta lehenengoan kokatuta egotea aurreikusi dute.

Lehen fasean, mendebaldeko hegaleko lehen solairua berrituko dute, eta moduluak, eraberritzearen ondoren, 20 plaza izango ditu guztira, lehen baino zortzi plaza gutxiago: banakako 16 gela eta bi gela bikoitz. Guztiek izango dute komun irisgarri partikularra, eta erabiltzaile bakoitzak bere espazioa pertsonalizatu ahal izango du. Egongela berri bat, jangela berri bat sortuko da sukalde eta guzti, kontrol puntu berri bat, jarduera gela bat eta familien bisitetarako bi gela izango direla azaldu du Marijose Moreno Errotuko arkitektoak. Gela guztietan garabiak jarriko dituztela aurreratu du.

Gipuzkoan zaintza ereduaren trantsizioan murgilduta daudela esan du Peñak. «Eredu berri hori martxan jartzeko pertsonalizazioa, erabiltzaileen parte-hartzea, berrikuntza eta ebaluazioa indartu behar ditugu». Pasa den urtean 20 milioi euro bideratu zituzten, dauden egoitzak eredu berri horietara egokitzeko, eta martxan jarriko den lehen proiektua Tolosakoa izango dela argitu du. 

Eredu berriarekin, bizikidetza unitate txikiagoak sortu behar dituztela esan du diputatuak: «Banakako gelen kopurua handitu nahi dugu,  arreta pertsonalizatuan oinarrituta eta komunitatearen lotura sendotuz».

Horrez gain, gehitu du birmoldaketak ez diola espazio fisikoen egokitzapenari bakarrik erantzuten, baizik eta arretaren esparruarekin, zainketen kalitatearekin, langileen prestakuntzarekin, zentroen ikuspegi berritzailea txertatzearekin, zainketetan parte hartzearekin eta taldeen eta zereginen antolaketarekin lotutako guztia barne hartzen duela, besteak beste.

Marijose Moreno Errotuko arkitektoak gogorarazi du 1920an eraikitako eraikina dela Iurreamendi, sotoa, behe solairua eta beste bi solairu dituena.«Guztira 147 plaza dauzka egun egoiliarrentzat, 60 gela indibidualetan eta gainerakoak bikoitzetan». Haien bizi kalitatea hobetzeko «etxe giroko gune komunetan» eraikiko dituzte, eta sozializazioa kontuan izango dute. Logeletan «pertsonalizazioa» landuko dute, pribatutasuna lantzearekin batera. «Erlaxatzeko gune bat ere izatea nahi dugu, familiarekin edo egon ahal izateko». 

Olatz Peon Tolosako alkateak zaintza eredu berriaren aldeko apustua begi onez ikusten duela esan du: «Pertsonen arreta eta zaintza erdigunean jarriko dituzte, eta arretaren pertsonalizazioa eta berrikuntza uztartuko dituzte». Gehitu du biztanleriaren zahartzea dela aurrean duten erronka nagusienetariko bat  eta adinekoen zaintza eta ongizatea lehentasunezkoak direla. «Iurreamendi egoitzaren egokitzapenak eragin zuzena izango du egoiliarren arreta eta ongizatean, pertsonen zaintza eta arreta erdigunean jartzen dituelako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!