Elkartasun urratsak egiteko aukera, bihar, Tolosan

Ataria 2023ko martxoaren 17a

Herrikide ikastetxeak Malawiko herritarrei ur edangarriko iturrietarako irisgarritasuna hobetzen laguntzeko kanpaina jarri du martxan; bihar, tolosarrek kanpainan laguntzeko aukera izango dute.

Tolosako Herrikide ikastetxeak elkartasun kanpaina bat abiatu zuen pasa den astelehenean, hilak 13. Fasfi fundazioak Malawiko gune batean ur edangarriko iturrietarako irisgarritasuna hobetzea du helburu aurtengo kanpainak. «Malawiko Kaudanchulu inguruko biztanleei ur edangarria eskaini nahi diete; horrela, beraien bizi baldintzak hobetzea lortuko lukete, ura egoera txarrean edateak eragindako gaitzak gutxituz. Horretarako, ur putzu bat eraiki nahi dute», azaldu dute Herrikidetik.

Ekintza ezberdinak burutzen ari dira eta berdin jarraituko dute datorren astean ere. Bihar, 'Elkartasun urratsak' deituriko ekintza berezia gauzatuko dute San Frantzisko pasealekuan, 10:30etatik 12:30etara, tolosarrek kanpainan laguntzeko aukera izan dezaten. Tolosarrek ahalik eta kilometro gehien (oinez edo korrika) egitea da ekintzaren helburua. 2 euroren truke dortsalak erosteko aukera egongo da, eta markatutako ibilbidean nahi adina kilometro egin ahal izango dituzte herritarrek. Ondorengoa izango da ibilbidea: San Frantzisko pasealekua, Gernikako Arbola lorategiak, Batxiller Zaldibia kalea, Geltoki kalea eta San Frantzisko pasealekua (Herrikideko Lehen Hezkuntzako eraikinaren parean). «Kanpainan lortutako diru guztia proiektu hau laguntzera bideratuko dugu, ikasleek, hezitzaileek eta familiek euren ingurunea eta errealitatea aldatzen eta eraldatzen jarrai dezaten».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!