M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2023

Tolosak bat egin du 'Emakumeak Gora!' kanpainarekin

Ataria 2023ko mar. 17a, 11:57

Erakusketa ikusgai izango da igandera bitarte Trianguloa plazan, plazarako hiru sarbideetan. Emakumeei lidergo-postu horietara berdintasunez iristea eragozten dieten oztopo nagusiak zeintzuk diren erakusten du kanpainak, eta mito faltsuak eraisten ditu.

Emakumeak gora! da 2023ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren kanpainaren leloa, eta Emakundek bultzatu du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarekin, hiru lurraldeetako foru aldundiekin, EUDELekin eta EAEko hiru hiriburuetako udalekin batera. Tolosako Udalak bat egin du kanpainarekin. Lelo horrek aldarrikatzen du gizarteak emakume gehiago behar dituela erabaki eta eragin postuetan. Horren harira, Trianguloa plazan Emakumeak gora! erakusketa jarri dute, hilaren 20ra bitarte.

Emakumeei lidergo-postu horietara berdintasunez iristea eragozten dieten oztopo nagusiak zeintzuk diren erakusten ditu kanpainak, eta mito faltsuak eraisten ditu, hala nola, emakumeek prestakuntza gutxiago dutela postu horiek betetzeko, Euskadin goi-mailako ikasketak dituzten pertsona guztietatik ia %60 emakumeak direla adierazten duten datuak emanez. Kanpainaren informazio guztia Emakumeakgora.eus webgunean eskura daiteke.

Kanpainaren protagonistak emakumeak dira, eta hiru ezaugarri gogorarazten dituzte:

  • Emakumeek gerentzia-postuen %6 bakarrik betetzea ez dela prestakuntza edo lidergo faltagatik, erakundeetan pribilegio eta rol maskulinoak betikotzen direlako baizik.
  • Emakumeek titulazio teknikoetako matrikulen %23 baino ez ordezkatzea ez dela bokazio faltagatik, baizik eta, besteak beste, mugatzen dieten estereotipoetan oinarritutako hezkuntzaren emaitzagatik.
  • Zaintzeko eszedentzien %73 emakumeek hartzea ez dela beraiek bakarrik dakitelako zaintzen, gizarteak rol hori ezartzen dielako eta horrek beraien garapen profesionala zaildu egiten duelako.

Olatz Peon alkateak nabarmendu du «oraindik bidea dugula egiteko berdintasun erreala lortzeko ahaleginean». «Gizarte honek emakume gehiago behar ditu erabaki eta eragin postuetan, gobernantza eredu feministen alde; kanpaina honen helburua da erakustea zein diren lidergo-postu horietara berdintasunez iristeko ditugun eragozpen eta oztopo nagusiak. Boterea gizonen kontu gisa ikusten jarraitzen dugulako; emakumeei perfekzioa eskatzen zaielako,  erantzukizun-postuetara iristeko; haurrek oraindik ere jasotzen dituzten mezuetan mutilen lidergoa indartzen delako; zaintza lanen ardura, oraindik orain, emakumeona delako hein handi batean eta anbizioa sozialki zigortuagoa dagoelako emakumeen artean. Kanpaina honekin honelako ideiei egin nahi diegu aurre, gizarte berdinzaleagoa eraikitzeko beharrezkoa delako mito faltsuak eraistea», gaineratu du.

Nerea Isasik gogoratu du, Gipuzkoak Arrasaterekin batera, Europan desberdintasun maila txikiena duen pertsonen komunitateetako bat izan nahi duela, baina «ahalegin horretan, oraindik ere emakumeak desabantaila egoeran ageri direla eremu askotan, baita gure lurraldean ere». Horregatik, adierazi du «lehentasunezkoa» dela emakumeen lidergoak sustatzea, «ikuspegi feminista gobernantzan txertatuz eta lidergo partekatuaren eredu batetik abiatuz». «Era berean, berdintasun arloan erabakiak hartzean, emakumeen parte-hartzea areagotzeko baldintzak sortzearen alde lan egin behar da, emakumeen parte-hartzea ikuspegi askoz ere zabalago batetik ulertuz, emakumeek erabakiguneetan parte hartzeko dituzten baldintzak aldatuz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!