Judo Klub Tolosakoek urrezko bi domina, Espainiako Kopan

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 16a, 19:59

Unai Saralegik eta Unai Regillagak senior mailan irabazi dute, eta Joseba Regillagak eta Joseba Etxarrik juniorretan

Nage No Kata modalitateko txapelketetan gero eta izen handiagoa hartzen ari da Judo Klub Tolosa. Oraingoan, Espainiako Kopara joandako bi bikoteak urrezko dominarekin itzuli dira etxera. Unai Saralegi eta Unai Regillaga senior mailan gailendu dira, eta Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri junior mailan. «Badira urte batzuk kata mota hau lantzen ari garena klubean, eta lehenengo aldia izan da bi bikote joan, eta bakoitza bere kategorian urrezko dominarekin itzuli garena. Oso pozik gaude lortutako emaitzarekin», esan du Unai Saralegik.

Alde handiarekin lortu zuten irabaztea, gainera. Senior mailako bikoak 395 puntu lortu zituen, bigarrenak baino 20 puntu gehiago. Junior mailakoak, berriz, 392 puntu, bigarrenak baino 34,5 puntu gehiago. «Bi bikoteekin lan nahiko txukuna atera zitzaigun», zehaztu du Saralegik, eta beraien kasuan meritu handiko puntuazioa izan zela gaineratu du, lesio batetik atera berritan zegoelako. «Guk bilatzen dugun helburua 400 puntuko langa da, gero Europa eta Munduko txapelketetan hor inguruan izaten direlako finalerako pasea eta dominen lehia».

Hurrengo helburua hemendik hilabete batera Portugalen egingo den Iberiar Trofeoaren bigarren proba izango da. Europako Txapelketa ere jomugan dute lau judokek, baina hori ekainaren erdialdean izango da. Munduko Txapelketa azaroan izango da, Abu Dhabin, eta bertan parte hartzeko gogoz daude.

GIPUZKOAKO TXAPELKETAK

Pasa den larunbatean amaitu zen hiru jardunaldi desberdinetan burutu den infantilen Gipuzkoako Txapelketa. Txapelketa horren formatua honakoa izan da: jardunaldi bakoitzean lortutako postuaren arabera puntuak banatu dira, 5 puntu lehenengoarentzat, 2 puntu bigarrenarentzat eta puntu bat hirugarrenarentzat. Jardunaldi guztietan lortutako puntuak batuz sailkapen orokorra lortzen da eta bertako lehen lauak Euskadiko Txapelketarako lekua lortzen dute. 

Adin horietan urtebeteko ezberdintasuna asko nabaritzen da eta hortaz kategorian bigarren urtea dutenek normalean errazago izaten dute sailkapena lortzea. Judo Klub Tolosako kirolarien artean lau domina lortu ziren eta horrenbestez klubeko lau judokek lortu dute Euskadiko Txapelketara sailkatzea. Paul Gibelalde, Alex Echart eta Mara Olanok brontzezko domina lortu zuten eta Unai Arcelusek Gipuzkoako txapeldun izatea lortu zuen. «Pena bat izan zen hauen lagun Amin Lhiti sailkapena lortu gabe geratzea puntu bakar batengatik», azaldu dute klubetik, eta gaineratu: «Nabarmendu nahi dugu kategorian lehen urtea zutenek erakutsitako grina, nahiz eta jakin zaila zutela dena eman dute eta, horien artean nabarmentzekoa Xabat Urkiola, Jon Ander Cifuentes, Unai Artola eta Eneko Lopezek egindako lana».

Igandean kadeteen txanda izan zen, eta maila horretan txapelketa egun bakarrekoa izan zen. Klubetik parte hartu zuten judokek lan ona burutu zuten. Ioar Olanok urrezko domina lortu zuen, eta bere kategorian Inhar Leunda gertu ibili zen finalerako sailkapena lortzeaz eta brontzeko dominarekin konformatu behar izan zuen. Nestor Gibelalde finalerdietara iritsi zen baina tamalez borroka hori galdu eta brontzezko dominaren lehian akats batek bosgarren postuan utzi zuen. Hodei Jauregik pisu kategoriaz jaitsi zen eta horrek bere kumikata gogorraren indarra galtzea ekarri zuen, baina hala ere hirugarren postua eskuratzeko nahikoa lan egin zuen. Estitxu Labakak, berriz, bosgarren postua eskuratu zuen borrokarako gogoa erakutsiz eta lortutako postua hobetzeko prest dagoela erakutsiz. Azkenik, aipatzekoa Ion Mateok lortutako zilarrezko domina, txapelketa hasi aurretik ezinezkoa zirudiena ia urte oso bateko errekuperazio lanak eta gero.

Euskadiko Txapelketarako sailkapena lortu duten judoka infantil eta kadeteek apirilaren 1ean jokatuko dute txapelketa hori judoka arabarren eta bizkaitarren aurka. Txapelketa horretan urreak balio bikoitza dauka, izan ere, dominaz gain Espainiako Txapelketarako sailkapenaren saria du eta. Klubetik taldekideak zoriondu nahi izan dituzte urtean zehar egindako lanagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!