Zubeldiarentzat hiru domina Espainiakoan

Ataria 2023ko martxoaren 16a

Tolosaldea IKT taldeko Mattin Zubeldia igerilariak zilarrezko domina bat eta brontzezko bi domina lortu ditu infantil mailako Espainiako Txapelketan.

200 metro bizkarrean lortu zuen zilarra, eta, kanporaketako 2.06,18 markarekin Euskadiko 16 urteko marka onena egin du eta Eslovenian egingo den Europako Gazte Olinpiar Jaialdirako gutxienekoa lortu zuen. Euskadiko betiko sailkapenean Bidasoan aritutako galiziar bat eta hiru frantziar ditu aurretik; beraz, historiako euskaldunik azkarrena da 200 bizkar igeri egiten. Brontzezko domina bat 100 metro bizkarrean lortu zuen, finalean 59,11 eginez. Brontzezko bestea 50 metro bizkarrean lortu zuen, finalean 27,71 eginez eta Euskadiko 16 urteko marka onena berdinduz.

Tolosaldea IKT taldeko beste bost igerilari izan ziren txapelketan. Uhaitz Aranbarrik 50 metro libreetan (25,84), marka pertsonala lortuz, 200 metro libreetan (2.04,97) eta 100 metro libreetan (55,78) parte hartu zuen, azken horretan finaletik gertu geratuz. Enara Urizarrek 200 metro (2.32,06) eta 50 metro (33,13) bizkar probetan marka pertsonala egin zuen. Malen Zubeldiak ere marka pertsonala egin zuen 200 metro estiloetan (2.36,12). 4x100 metro estiloetan, mutilek zazpigarren postua lortu zuten (4.10,11). Mattin Zubeldia (bizkar, 59,15), Ekhi Saizar (bular, 1.14,46), Markel Zaldua (tximeleta, 1.01,62) eta Uhaitz Aranbarrik (krol, 54,70) egin zuten igeri.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!