Martxan da migratzaileei aholkularitza juridikoa eskaintzeko Aholku-Sarea

Ataria 2023ko mar. 16a, 18:00

Zerbitzu berria asteazkenero eskainiko dute, 10:00etatik 14:00etara, Tolosako Familia Elkargunean, Musika Eskolako eraikineko beheko solairuan.

Tolosako Udalak, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarekin lankidetzan, Aholku-Sarea zerbitzua jarri du martxan, pertsona migratzaileei, lan merkaturatzeko bidean, aholkularitza juridikoa eskaintzeko. Horrela, Biltzenek (Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita dagoen zerbitzu publikoa) eskaintzen duen telefono bidezko arreta juridikoa osatuko du zerbitzu honek.

Aholku-Sarearen bitartez aurrez-aurreko aholkularitza juridikoa eskainiko zaie kalteberatasun egoeran dauden etorkinei zein etorkinen gizarteratze prozesuetan lan egiten duten administrazio publikoetako eta hirugarren sektoreko erakundeetako profesionalei. «Izan ere, migratzaileek zailtasunak izan ohi dituzte beren egoera erregularizatu eta lana bilatzeko eta horri helduta, Aholku-Sarearen helburu nagusia da prozesu hori lege-aholkularitza baten bidez bideratzea», azaldu dute.

Tolosako bulegoa, Atzerritartasunari buruzko Laguntza Juridikoaren Euskal Sarera gehitu da eta aurrerantzean, sare honek 28 informazio-gune izango ditu: 10 Bizkaian, 10 Gipuzkoan eta 8 Araban.

Tolosako Aholku-Sarearen bulegoa Familia Elkargunean kokatu da, Musika Eskolako eraikineko beheko solairuan, alegia. Zerbitzua asteazkenero eskainiko dute, 10:00etatik 14:00etara. Bertaratzeko, beharrezkoa da aurrez hitzordua hartzea 943 245 626 edo 943 245 627 telefonoetara deituz.

Familia Elkargunea

Tolosako Familia Elkarguneak 2019an zabaldu zituen ateak, eta gaur egun familiei zuzendutako hainbat zerbitzu eskaintzen ditu.

Alde batetik, Familia Elkargune zerbitzua jasotzen du, Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Justiziako Sailak eskaintzen duen zerbitzua, alegia. Familia Elkarguneak krisi egoeran dauden familientzako elkartze eremu neutroak, egokiak eta segurtasun- eta ongizate-bermedunak dira eta haren erabilera ebazpen judizial batek xedatuz behar du. Zerbitzu honi esker, adingabeek aitarekin, amarekin, tutorearekin edo beste senitarteko batzuekin harremana izateko daukaten eskubidea bermatzen da. Segurtasun-berme guztiak eskaintzen ditu familia-nukleoa adostasunik gabe hausten den egoeratan eta gatazka, tratu txar eta beste hainbat egoeratan. Askotariko diziplinatako ekipo psikosozialak eta adituak ditu, eta horiek une oro zaintzen eta babesten dituzte adingabeak. Elkargunearen zerbitzua baliatu ahal izateko epaitegian egin behar da eskaera.

Familia Elkarguneari, halaber, Familia Bitartekaritza Zerbitzua gehitu zitzaion 2020an, hain zuzen, familiei arreta emateko eta esku-hartze estra-judiziala eskaintzeko. Familia bitartekaritzak familia esparruko edozein gatazkaren aurrean elkarrizketa berreskuratzeko bitartekaritza lanak eskaintzen dizkie beharra duten herritarrei. Zerbitzu hau, hain zuzen, astelehenetan eskaintzen dute, aurrez hitzordua eskatuta, 943 576 208 telefonoan.

Bestalde, 2019 urtetik aurrera Familia Elkargunea erabiltzen da Tolosako Udalaren Gizarte Zerbitzuen eta Osasunaren Sailak eskaintzen duen Esku Hartze Zerbitzuko zenbait saio egiteko, beti ere esku hartzeko saio horien eraginkortasuna bermatzeko espazio horien beharra edo egokitasuna baloratzen den egoeretan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!