Adif-ek dio giza baliabide gehiago bideratuko dituela geltokia berritzeko

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 15a, 17:00
Udal gobernuko eta Adif-eko arduradunak pasa den asteko bileran.

Adif-eko ordezkariak Tolosako udal gobernuarekin bildu dira eta esan dute urtea amaitu baino lehen lizitatu eta esleituko dituztela guneko irisgarritasuna hobetzeko lanak.

Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileak 2021eko irailean aurkeztu zuen jendaurrean Tolosako erdiguneko geltokiko irisgarritasuna hobetzeko proiektua, baina «barne arazoak» medioa, oraindik orain ez du proiektua behin betiko onartu. Hori dela eta, Tolosako Udalak esan du udal gobernua pasa den astean bildu zela Adif-eko arduradunekin eta proiektua egin duen ingeniari taldearekin, eta bertan hainbat konpromiso hartu zituztela. Udalak  azalpenak eskatu zizkien, «proiektua zein puntutan dagoen ezagutzeko eta proiektua sustatu dezaten exijitzeko, bistakoa delako Tolosako erdiguneko geltokian irisgarritasun hobetu eta bermatzeko beharra badagoela», esan du Olatz Peon Ormazabal alkateak.

Horri erantzunez, Adif-eko ordezkariek esan zuten barne antolaketarekin zituzten arazoak bideratu dituztela jada, barne antolaketa berria ezarri dutelako eta ondorioz orain proiektuak onartzeko prozesuak zorrotzagoak eta luzeagoak direla. Egindako proiektua eguneratu dute jada eskakizun berrietara egokitzeko, eta konpromisoa hartu zuten proiektura giza baliabide gehiago bideratzeko. «Udal gobernuak egindako presioari esker, lan taldea indartu dute egoera desblokeatzeko eta eskatutako txosten berri eta gehigarrien izapidetza arintzeko, proiektua behin betikoz onartua izan dadin, ahalik eta eperik laburrenean. Proiektua onartu ondoren sinatuko da udalaren eta Adif-en arteko hitzarmena eta obren esleipena abiatuko dute; Adif-en aurreikuspenen arabera, udararako proiektuak onartuta beharko luke, 2023an obren lizitazioa egin eta lanak esleitzeko», esan du alkateak. 

Proiektuari esker herriguneko tren geltokiko irisgarritasuna hobetuko dute eta geltokia modernizatuko dute. Igogailuak jarriko dituzte eta pasabide berria eraikiko dute, horrela Monteskue auzorako sarbidea ere hobetuz. 

Adif-ek bere gain hartuko du obren kostua, pasabide berria eraikitzeko lanen %50a izan ezik, hori udalak ordainduko ditu. Guztira 3 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusten dela esan du Tolosako Udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!