Bihar hasiko dira Oyarbide eraikineko eranskina eraisten

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 14a, 15:59

Lanek hilabeteko iraupena izango dute, eta horien hasiera baliatu du udal gobernuak Gorriti plaza inguruko eremu osoa berritzeko proiektua aurkezteko; urte amaierarako aurreikusten dute integralki eraberritzea.

Bihar hasiko da Tolosako Udala Oyarbide eraikineko eranskina eraisten. Lan hauek direla eta, segurtasuna bermatzeko, obra eremua itxiko dute eta errepide zati bat hartuko da. «Halere ibilgailuak igaro ahal izateko eremua egokitu egingo dute, eta beraz, uneoro bermatuta egongo da pasabidea», baieztatu du Patxi Amantegi zinegotziak. 

Eraisketa lanek hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusten du udalak, eta eraisketa lanekin hastearekin batera, Agintari kaleko horma-bitartekoa iragazgaizteko eta estetikoki txukun jartzeko obren lizitazioa abiatuko du. «Beraz, hurrengo urratsa obra horiek gauzatzea izango da, eta ondoren etorriko da eremu osoaren eraberritze integrala», esan du Egoitz Sorozabal zinegotziak.

Gaur egun, eremua «degradatuta» dagoela esan du Sorozabalek. «Ez da erakargarria, ezta erosoa ere, herritarrentzat. Beharrezkoa da beraz, eremu osoa era integralean zaharberritzea, mugikortasun paradigma berriei jarraituta, oinezkoei lehentasuna emateko eremuan, pertsonak erdigunean kokatzen dituen hiri eredu baten alde lanean jarraituz», gaineratu du.

Eremu osoaren eraberritzea urte amaierarako bukatuta egotea espero dutela esan dute. «Tolosako Alde Zaharraren sarrera historikoetako bat da, eta ondorioz, merezi duen proiektua da», adierazi dute udal gobernuko ordezkariek. Alkateak nabarmendu duenez, «legealdi honetako proiektu estrategiko eta garrantzitsuenetako bat» izan da Gorriti eremukoa, bere ustez eremua berreskuratzea «lehentasunezkoa» delako. «Legealdi osoa daramagu proiektu honen baitan lanean, urratsak egiten eta oso pozgarria da, beraz, eraispen lanen hasiera hau iragartzea, ondoren etorriko baita eremu osoaren eraberritzea», gaineratu du. 

Bertan eraikitzeko etxebizitza berrien inguruan galdetuta, Sorozabalek argi utzi du udal gobernuaren «lehentasuna» eremua berreskuratzea dela, eta esan du berreskuratze horrek, gerora, «ate berriak» irekiko dizkiola etxebizitza berriak eraikitzeko aukerari.

«Konplexutasun handikoa»

Gorriti plazaren eremu osoa (RC2) «konplexutasun handikoa» dela adierazi du alkateak. «Jabetza pribatuak tarteko, legealdi honetan 2 erosketa gauzatu behar izan ditugu eta 3 proiektu garatu ditugu eremu osoa behar bezala berreskuratzeko. Nahi baino gehiago luzatu da lanen hasiera, baina bihar emango dugu eremu osoa berreskuratu eta zaharberritzeko lanen lehen pausoa», gaineratu du.

Lehenik, Oyarbide eraikineko eranskina eskuratu zuen udalak; ondoren, udalaren jabetzakoa ez zen beste lur zati bat ere eskuratu behar izan zuen. «Behin jabetza guztiak eskuratuta, hiru proiektu garatu ditugu, eremuaren eraberritze integrala hiru fasetan oinarrituta dagoelako eta esku hartze bakoitzak bere proiektu eta lanketa propioa behar izan duelako», azaldu du Peonek. 

Ondorengoak dira proiektuak barnebiltzen dituen fase eta azpi-proiektuak:

  1. Oyarbide eraikineko eranskina eraisteko obra-proiektua.
  2. Agintari kaleko horma-bitartekoa edo mehelina iragazgaizteko eta estetikoki akabera txukuna emateko proiektua, eremu horrek merezi duen duintasuna emateko.
  3. Berrurbanizazio proiektu integrala.

Oinezkoek lehentasuna

Girder Ingenieros taldeak eta ALD estudioa enpresak gauzatu dute eremu osoaren proiektua, eta Gorriti plazaz gain, Andre Mari kalean ere esku hartuko dute. Guztira, eremua berreskuratzeko 1,3 milioi euroko inbertsioa egingo du udalak, erosketa, proiektuen idazketa eta hirigintza lanak barnebilduta. «Berrurbanizazio proiektuak helburua du eremua berreskuratzea, herritarren beharrei erantzunez, espazio atseginagoa eta irisgarriagoa izan dadin. Eta eremu osoari itxura homogeneo edo bateratua emango zaio», esan du Sorozabalek.

Gorriti plazan plataforma bakarra eratuko dute, hau da, ibilgailuen eta oinezkoen arteko koexistentzia edo partekatutako eremu bat sortuko dute. Asfalto inprimatua erabiliko dute, ibilgailuen abiadura murrizteko, Zumalakarregi kalean bezala. Oinezkoek izango dute lehentasuna, eta beraz, ibilgailuen trafikoa berrantolatuko dute. 

Andre Mari kaleari dagokionez, asfalto inprimatuko zoladura jarriko dute eta errei bakarreko galtzada bi erreiko galtzada bihurtuko da, bi noranzkoetako zirkulaziorako. Andre Mari eta Agintari kaleen arteko eremua «trantsiziozko eremua» izango dela esan dute, loreontziak jarriko dituzte, eta edukiontziak ere bertan kokatuko dituzte; plataforma berri batean jarriko dituzte, gainera.

Ibaiaren alboan dagoen eremua izanik, pasealeku berria sortuko dute ibai ertzean, eraisketa lanak egingo dituzten espazioan. Lorategi eremua ere eratuko dute, eserlekuekin, aisialdirako eta atsedenerako berdeguneekin eta jolas-eremu berriarekin. Landarediak garrantzia berezia izango du proiektu honetan, eta landare eta zuhaitzak landatuko dituzte sortuko den berdegune berrian. Amaitzeko, kale argiztapena ere berrituko dute, energia kontsumo baxuko argiak jarrita; eta euri uren bilketarako sistema ere aurreikusi dute, egungo trazadura mantenduz.

Argazkiak: Tolosako Udala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!