Miguel Angel Plazas 'Txiki' omendu dute

Ataria 2023ko mar. 14a, 11:58

Larunbatean, Alpino Uzturre Elkarteko entrenatzaile eta eskiatzaile ohiari omenaldia egin zioten Larra-Belaguan. Asteburuan, Iraupen Eskiko Euskadiko eta Nafarroako Txapelketak jokatu ziren bertan eta eskualdeko eskiatzaileek emaitza bikainak lortu zituzten.

Larunbatean, urte askoan Alpino Uzturre Elkarteko entrenatzaile eta eskiatzaile, eta azken lau urteetan Eskiko Euskal Federazioko fondo-batzordeko arduraduna izan den Miguel Angel Plazas Txiki omendu zuten Larra-Belaguan. Elkarteko egungo eskiatzaileek txapela jarri zioten, «zurekin ikasi eta gozatu dugu, eskerrik asko Txiki» esanez. Elkarteko kideen esker mezuez gain, estatu osoko iraupen eskiko eskiatzaileen txalo zaparrada jaso zuen.

Halaber, pasa den asteburuan, Larra-Belaguan bertan, Iraupen Eskiko Euskadiko eta Nafarroako Txapelketak jokatu zituzten, larunbatean esprint librean (Ferial gunean), eta igandean, distantzia librean (Contienda gunean). Euriak, lainoak eta tenperatura altuek kalte handiak eragin zituen elur geruzan. Hala ere, Alpino Uzturre Elkarteko eskiatzaileek emaitza bikainak lortu zituzten distantzia librean:

  • Master 1 mailan, gizonezkoetan, 10 kilometroko lasterketan, Harkaitz Labeaga txapeldun izan zen eta Igor Aranburu bigarren sailkatu zen.
  • 20 urtez azpiko nesken mailan, 10 kilometroko lasterketan, Alaia Juaristi txapeldun izan zen, Naroa Amantegi bigarren eta Laia Arakama hirugarren.
  • 18 urtez azpiko mutilen mailan, 10 kilometroko lasterketan, Hodei Juaristi txapeldun izan zen.
  • 16 urtez azpiko nesken mailan, 5 kilometroko lasterketan, Laia Azpilgain hirugarren sailkatu zen.
  • 14 urtez azpiko nesken mailan, 5 kilometroko lasterketan, June Aranburu txapeldun izan zen eta Inge Arin hirugarren sailkatu zen.

Euskadiko eta Nafarroako eskiatzaileekin sailkapen bateratua eginda, Alpino Uzturreko eskiatzaileek ondorengo postuak lortu zituzten esprint modalitatean:

  • Master 1 mailan, gizonezkoetan, Harkaitz Labeaga txapeldun eta Igor Aranburu bigarren.
  • 20 urtez azpiko nesken mailan, Alaia Juaristi txapeldun eta Laia Arakama bigarren.
  • 18 urtez azpiko mutilen mailan, Hodei Juaristi txapeldun.
  • 16 urtez azpiko nesken mailan, Nerea Cestona bigarren eta Laia Azpilgain hirugarren.
  • 14 urtez azpiko nesken mailan, June Aranburu txapeldun eta Inge Arin hirugarren.
Urtero, Euskadiko eta Nafarroako Txapelketak bi asteburutan jokatzen dira, eta aurrez, otsailaren 11an (distantzia klasikoan) eta 12an (erreleboka) jokatu ziren Candanchun (Aragoi). Azken horietan, baina, Espainiako Koparako puntuagarriak izan ziren lasterketak eta FIS lasterketak ere jokatu zituzten absolutu kategorian. Hori dela eta, partaidetza zabalagoa izan zen, eta euskal eta nafar eskiatzaileez gain, Aragoiko eta Herrialde Katalanetako eskiatzaileak ere izan ziren; otsailaren 12an, Argeles eta Azunko (Frantzia) eskiatzaileek ere parte hartu zuten proban.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!