Peñak eta Mariezkurrenak ez dute lortu lehen puntua

Ataria 2023ko mar. 11a, 20:15

Argazkia: EITB.EUS

Elordi eta Zabaletaren aurka 22-14 galdu dute tolosarrak eta bere bikotekideak.

Hasieran Zabaleta pixka bat zalantzati egon da, eta Elordik eutsi dio bikoteari. Baina pixkana Zabaleta hasi da bere nagusitasuna erakusten, eta lehen atsedenaldira 12-6 iritsi dira gorriak. Tarteka Mariezkurrena II.a nagusitzen zen, eta Peña II.ak erremate on batzuk egiten zituen, eta ematen zuen partidan gehiago sartzen zirela, baina urdinek huts gehiago egin dituzte, eta horrela ez da posible irabaztea Elordi eta Zabaleta bezalako bikote sendo bati. 

Bigarren atsedenaldirako tartea handitu egin dute gorriek, 18-10 iritsiz, eta partidak ez ziela ihes egingo zirudien. Eta horrela gertatu da. Peñak gehiago arriskatu du eta pare bat erremate eder egin ditu segidan, baina azkenean ezin izan dira asko hurbildu eta 22-14 galdu dute. Huts egiteek kondenatu dituzte Peña eta Mariezkurrena. Bien artean 12 galdu baitituzte, eta Elordi-Zabaletak 5 bakarrik. Izan ere, Zabaletari huts egiten ikustea oso zaila da. Gorrien erregulartasunak, eta Elordik lehen mailan jokatzen duen finalerdietako lehen partidan erakutsi duen jokoa eta konfiantza izan dira bere lehen garaipenaren gakoa. 

Partidaren amaieran, Peñak ETBko mikrofonoetan adierazi duenez, «Jonek partida handia egin du. Nire aldetik huts dezente egin ditut, eta zorte txarra ere izan dudala esan daiteke, laguntzera joan naizenean zabaleko arrastora joan direlako pilota batzuk. Zabaletak horrela jokatzen duenean zaila da aurre egitea. Beraiek gehiago izan dira, hasieran alde handia atera digute eta horrela zaila da buelta ematea». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!