Zumarditxikiaren proiektuari herritarrek egindako ekarpenak aztertuko dituzte adituek

Ataria 2023ko mar. 10a, 18:00

Udal gobernuak bilera egin du aste honetan Zumarditxikia berreskuratzeko proiektua idazteaz arduratu den ingeniari eta arkitekto taldearekin, proiektua aurkeztu ondoren, herritarrengandik jasotako ekarpen eta kezkak partekatzeko. 

Abendu hasieran aurkeztu zuen udalak jendaurrean Zumarditxikia berreskuratu eta herritarren eskura jartzeko azken urteetan landutako proiektua. Proiektua ezagutzeko, informazio bilera antolatzeaz gain, hainbat informazio euskarri sortu eta jarri dituzte herritarren eskura, tolosar guztien iritziak jasotzeko helburuarekin.

Olatz Peon alkatearen hitzetan, parte hartzeak «garrantzia berezia» izan du proiektuaren garapenean, bi prozesu aurrera eraman baitira proiektua tolosarrekin elkarlanean lantzeko. «Lehen parte hartze prozesuan zehaztu zituzten tolosarrek eremua berreskuratzeko baldintza eta helburuak; irizpide horiek eta indarrean dauden hainbat legedi eta plan oinarri hartuta garatu da proiektua: mugikortasun plana, uholdegarritasuna, genero ikuspegia, irisgarritasun unibertsala, ibaira jaisteko aukera, besteak beste. Parte hartu nahi izan duen tolosar orok izan du aukera ekarpenak egiteko» azaldu du.

«Prozesuak iraun duen denbora guzti horretan, herritarren iritziak jaso ditu udal gobernu honek, mingarria da prozesuaren amaieran sortzea hainbat kezka, egokiagoa zitekeelako kezka horiek abiapuntuan azaldu eta lantzea. Halere, tolosar guztien iritziak jaso eta entzun nahi izan ditugu, baita orain ere; guztien iritziak direlako garrantzitsuak, adituenak noski, eta adituak ez direnenak ere bai, horregatik bideratu ditugu gure indarrak azken denboran proiektua gizarteratzera», gaineratu du alkateak. Peonek azpimarratu du proiektua ez dela udal gobernuak egin duen proiektua. «Baldintza batzuen baitan landutako proiektua da, baita talde profesional batek egindakoa, udaletxeko arkitektoekin batera, herritarrek ezarritako baldintzekin».

Entzute ariketaren ostean, tolosarrek azaldutako kezkak eta egindako ekarpenak kontuan hartuta, Zumarditxikia berreskuratzeko proiektua egin duten arkitekto, ingeniari eta paisajista lan-taldearekin bildu da udal gobernua, jasotako proposamenak mahai gainean jarri eta horiek proiektua egin duten adituekin partekatzeko. «Bilera baliatu dugu herritarrek, proiektua ezagutu ondoren, egindako proposamenak aditu taldeari helarazteko, orain aditu taldeak, horiek aztertuko ditu», adierazi du alkateak. 

Lanketarekin amaitu arte, urratsik ez

Udala aparkalekuen gaia lantzen ari da momentu honetan, eta aparkaleku proposamena itxi bitartean iragarri du aurrerapausorik ez dela emango Zumarditxikia berreskuratzeko proiektuari lotuta; eta paraleloki, Zumarditxikia berreskuratzeko proiektua landu duen aditu taldeak tolosarren ekarpenak aztertuko ditu. «Beraz, gai bakoitzak bere bide-orria eta lanketa izango du, eta gobernu honek, orain artean bezala, gardentasun osoz jokatuko du herritarrekin, lanketa bakoitzaren berri emanez, une oro», berretsi du alkateak.

Halaber, Peonek nabarmendu du «adostasuna» dagoela abiapuntuan, Zumardikitxikia berreskuratzeko egokitasunean. «Zumarditxikia berreskuratzeko proiektuak balio behar du tolosarrak erakarri eta herritarren artean ilusioa pizteko, garrantzi berezia duen eremua batetaz hitz egiten ari garelako, beraz, proiektua baliatu behar dugu herria kohesionatzeko eta ez zatikatzeko; irmo eusten diogu eremua herritarren eskura jartzeko eta berreskuratzeko konpromiso eta apustuari; baita ere entzuketa ariketari, elkarlanean, tolosarren iritziak entzunda eta kontuan hartuta, proiekturik onena mahai gainean jarri eta aurrera eramateko; horixe da gure nahi eta borondate bakarra», adierazi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!