Irristaka taldekoen emaitza bikainak Euskadiko Txapelketan

Ataria 2023ko mar. 9a, 11:59

Asteburuan Euskadiko Txapelketa izan zen jokoan, eta bertan Irristaka taldeko zortzi patinatzailek parte hartu zuten. Bi egunetan egin zen txapelketa, larunbatean zirkuituan eta igandean pistan.

Master 60 kategorian Peio Aramendia izan zen irabazlea, Oier Azkarate infantiletan eta Jon Urkizar jubeniletan. Junior mutiletan Ximon Villalobos lehenengoa izan zen zirkuituan eta bigarren pistan, eta Julen Urkizar lehenengoa pistan eta bigarrengoa zirkuituan. Irati Osak eta Jare Urkolak bigarren eta hirugarren egin zuten jubenil nesken kategorian, pistan. Azkenik, Aitor Vacas senior kategorian hirugarren izan zen bi egunetan.

Irristaka, Liga Nazionalean lehen aldiz

Irristaka taldeak pauso garrantzitsua eman du bere bidean, lehen aldiz Kluben Arteko Liga Nazionalean parte hartzen ari delako, hau da, estatu mailako txapelketa nagusian. «Aitor Vacas patinatzaile gasteiztarra etorri da taldera, eta beste bultzada ematen ari zaie taldeko gazteei. Taktikoki eta estrategikoki eskarmentua duen patinatzailea da eta ekarpen interesgarria ematen ari zaio taldeari. Bere eskutik pentsatu genuen Liga Nazionalean parte hartzea», azaldu du Beñat Azurmendi taldeko prestatzaileak.

Hiru maila ditu Liga Nazionalak, eta Irristaka sartu berria denez, hirugarren mailan hasi du bere bidea. Tolosako taldetik, Aitor Vacas gasteiztarraz gain, Ilazki Zalakain tolosarra, Ximon Villalobos lasartearra, eta Julen eta Jon Urkizar anaia tolosarrak ari dira parte hartzen ligan.

Lehen jardunaldia Iruñean jokatu zen eta bigarren postua lortu zuen Irristaka taldeak. 12 puntuko abantaila du lehen postuan sailkatuta dagoen taldeak, eta hirugarrena 28 puntu atzerago du Irristakak. Denboraldi bukaeran sailkapeneko lehen bi taldeak igotzen dira. «Nik uste dut eskarmentua hartzeko urte polita izango dela, eta igoera lortuz gero eta datorren denboraldian bigarren mailan arituz gero, denboraldi honetan pilatutako esperientzia baliagarria izango zaie», zehaztu du Azurmendik. «Lehen bi postuetan geratzea da aurtengo helburua. Bide onetik goaz, eta hankak lurrean, bigarren mailara salto egiteko aukera errealak ditugu».

Kluben Arteko Liga Nazionaleko bigarren jardunaldia martxoaren 25 eta 26an izango da, eta gero azken bi jardunaldiak udazkenean izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!