Onartu dute terrazei lotutako ordenantza

Ataria 2023ko mar. 9a, 07:59

Tolosako azken osoko bilkuran terrazak arautzeko araua aho batez onartu dute; 2023ko plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenden aldatzean EH Bilduk kontra egin du.

Tolosako otsaileko osoko bilkura pasa den martxoaren 2an egin zuten, inauterien ondorioz. Bertan aho batez onartu zituzten jorratutako puntu guztiak, bat izan ezik; 2023ko plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda arautzen zuena. EAJ eta PSE-EE alderdien aldeko bozkarekin onartu zen eta EH Bildu aurka azaldu zen. Terrazak, salgai dauden produktuen erakusmahaiak eta bestelako elementu lagungarriak jartzea arautzen duen ordenantza izan zen onartutako beste puntuetako bat, eta baita aldamioen egiturak, garabiak eta obretarako beste bitarteko laguntzaileak bide publikoan jartzeko ordenantza ere. Azken horri lotutako informazioa publiko egingo dute orain, helegiteak aurkezteko epea zabalduz, eta helegiterik ez bada, behin betikoz onartuko dute.

BEHIN BETIKO ONARPENA

Terrazen ordenantza behin betiko onartu zen eta udal ordezkariek esan zuten helburua dela elementuen kokapena arautzea, jarduera ekonomikoaren eta elkarbizitzaren arteko orekak bermatzeko, irisgarritasuna eta sarbideak aintzat hartuta. Ordenantzak jasotzen ditu espazio publikoaren erabilera aukera guztiak; mahai motak, azalerak, azoka egunetako erabilerak, epealdi eta ordutegiak, besteak beste.

PLANTILLA ORGANIKOA

Plantilla organikoari eta lanpostuen zerrendari dagokionez, onartutakoaren arabera, gizarte laguntzaile postu bat eta giza baliabideetako teknikari bat sortuko dira udal langileak egonkortzeko premiari eta prozesuari aurre egin ahal izateko. Xabier Balerdik (EAJ) esandakoaren arabera, gizarte laguntzailearen lanpostua beharrezkoa da «adineko pertsonen eguneko arreta zerbitzua emateko eta bazterkeria egoeran dauden eguneko eta gaueko zerbitzua sortzeko». Giza baliabideetako teknikariarena «estabilizazio prozesuetarako, lan eskaintza publikoak eramateko eta langileen formakuntza planerako» da beharrezkoa, besteak beste. «Legeak horrela baimenduta gizarte laguntzailearen postu berria sortuko da, udalak ematen dituen oinarrizko zerbitzuei lotuta dagoelako eta giza baliabideetako teknikariaren postua berriz, hutsik geratzen da lanpostu bat amortizatuz sortuko da, kasu honetan, Euskaltegiko irakasle baten erretiroa dela eta», gehitu zuen. Izan ere, geroz eta ikasle gehiagok eskatzen dute autoikaskuntza eredua Aitzol Udal Euskaltegian, Balerdik esan zuenez, eta beraz, eskola ordu gutxiago dituzte eta taldeak osatzeko gero eta zailtasun handiagoak. «Giza baliabideen kudeaketak eskatzen du ikuspegi orokor bat eta erabakiak hartu behar dira udalak dituen behar guztiak orokorrean kontuan hartuta», nabarmendu zuen Balerdik.

EH Bildu kontra azaldu zen eta Ander Figuerido Zubiriak esan zuen ez dutela lanpostu berrien beharra zalantzan jartzen, baina bai Aitzol euskaltegiko irakasle postuaren deuseztapena. «Ikasleen beharrak aldatu eta matrikulazioa jaitsi dela bada arrazoia, herritarrak euskara ikas dezaten erraztasunak eta baliabideak jarri behar dira lana, familia eta ikasketen kontziliazioa kontuan hartuta». «Beste behin» langileei eragiten dien erabaki batean langileen ordezkariekin negoziaziorik egon ez dela salatu zuen. Eta bukatzeko azkenaldian epaitegien aldetik euskarak jasandako «erasoak» salatu zituen.

Olatz Peon alkatea pozik agertu zen lanpostuen sorrera zalantzan ez jarri izanagatik, «nik uste dut puntu honetan gakoa hor dagoela, benetako beharra badagoelako. Eta behar horiei erantzuteko hartzen da gaurko erabakia». Erabakiak modu arrazionalean hartu behar direla esan zuen eta Euskaltegiko ratioak ere kontuan hartu behar direla: «Beste gauza bat da euskararen inguruan hartu beharreko erabakiak. Egia da, agian, zerbitzuak ditugula orain urte asko bezala, eta euskarak aurrera egin dezan, beste hainbat erabaki hartu behar direla. Eta hor badugu aukera bat legealdi honetan osatu den eskualdeko euskara mahaiarekin (...) hor aipatzen da baita ere aktibazio soziala, eta uztarketa horretan hori izan liteke modua herria hobeto euskalduntzeko».

UZTURRE ZENTROA

Osoko bilkuran Uzturre Asistentzia Guneko prezioak eguneratzeko irizpideak finkatzea onartu zuten bestalde, 2023ko prezioak eguneratuz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako KPIaren urteko metatua kontuan izanik (%5,4). «Balioan jarri nahi dut arreta eta zaintzaren agenda berria Etorkizuna Eraikiz programaren esparruan nola garatzen ari diren, egungo zein etorkizuneko gizarte erronka horiei era partekatuan erantzuteko. Uste dut hori dela eredua», esan zuen Peonek. Uzturre zentroa hainbat lekutan eredu moduan jartzen dela gehitu zuen, «zerbitzua izugarri ona delako eta adibide ontzat jartzen delako Tolosatik kanpo ere. Eta erabiltzaileen asebetetzea oso ona da».

EH Bilduko Figueridok koalizioarentzat zaintza lehen lerroko erronka dela eta gizartea geroz eta adinduagoa izanik, zaintzaren inguruko hausnarketa eta eredu aldaketa sakonak behar direla esan zuen. Zaintza eredu publiko-komunitarioa defendatu zuen elkarlan publiko-pribatuaren aurrean, «zaintzak etxean edo etxean bezala jaso eta zaintzaileen lan baldintza eta eskubideak babestu eta hobetzeko berme bakarra delako».

BESTE PUNTU BATZUK

2023KO DIRU LAGUNTZEN ERANSKINA ALDATZEKO PROPOSAMENA ETA 2023-2025 DIRU LAGUNTZEN PLAN ESTRATEGIKOA ALDATZEKO PROPOSAMENA ONARTU ZEN ERE, HAIN ZUZEN, AKATS ZUZENKETA BATZUK EGITEKO. ONARTU ZIREN ERE UDALAREN ONDASUN ETA ESKUBIDEEN ERROLDA ETA OBRA BITARTEKOEN ORDENANTZA BERRIA ETA EUSKADIKO AHOLKU BATZORDE JURIDIKOAREN IRIZPEN BAT BERRESTEA.

Azken puntu horri lotuta alkateak esan zuen Aholku Batzorde Juridikoak udalaren alde egin duela, eta beraz, «berretsi egiten da udal gobernu honek hartutako erabakia». «EH Bilduk aldiz, zuhurtziaren printzipioagatik prozesua etetearen alde egin zuen, eta horrek bazituen ondorioak langileengan. Horrek ekartzen zuelako, langileek egindako prozedura etetea, frogak gaindituta eskubide osoz har zezaketen lanpostuari uko eginaraztea. Beraz, uste dut ondorio hori okerragoa zela zuhurtzia hori errespetatzea baino, jakinda ere gainera, udal honetako teknikariek egindako lan mardula».

MOZIOAK

Onartutako puntuekin amaituta, ohi denez, mozioen txanda iritsi zen, eta martxoaren 8aren bueltako osoko bilkura izaki, Emakumeen Nazioarteko Egunari lotutako mozio bateratua aurkeztu zuten. Udalean ordezkaritza duten hiru alderdi politikoek gizonen eta emakumeen arteko parte hartze politikoa eta boterearen banaketa orekatua lortzeko eta berdintasunean aurrera egiteko helburuarekin egin zuten bat, «oraindik orain mundu osoan eta gure komunitatean emakumeen aurkako desberdintasunak eta diskriminazioak agerikoak direlako».

Horrekin lotuta Aitana Amondarain Eskisabelek (EH Bildu) ezinbestekotzat jo zuen zaintza mahai bat martxan jartzea, gobernantza feministatik egungo ereduaren azterketa egin eta hori iraultzeko estrategia publiko-komunitarioak diseinatzeko.

Andu Martinez de Rituerto Arregik (EH Bildu) otsailaren 27an ospatutako Mendebaldeko Saharar Errepublikaren 47. urteurrena ekarri zuen gogora, Pedro Sanchez Espainiako presidentearen jarrera «otzana» salatuz, eta Sahararen eta mundu justu batean herri askeen aldeko «borrokalari nekaezin» izan zen Agus Agote gogora ekarriz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!