M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2023

Indarkeria matxistaren aurkako II. protokoloa aurkeztu du Tolosako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 8a, 15:00

Genero indarkeria eta sexu erasoak jasaten dituzten emakumeen arreta hobetzea du helburu protokoloak; bestalde, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxearen ate irekien ekitaldia apirilaren 1ean izango da.

Tolosako Udalak indarkeriaren aurkako II. protokoloa amaitu berri du. Genero indarkeria eta sexu erasoak jasaten dituzten emakumeen arreta hobetzeko, erakundeen arteko koordinaziorako protokoloa da. Olatz Peon Tolosako alkateak azaldu duenez, «esku hartzeak eta prozedurak zehazten ditu eta erakundeen arteko koordinazioa indartzen du».

Lehen protokoloa 2014an aurkeztu zuten, eta horren ebaluazioa egin ondoren, erakunde eta eragile ezberdinekin elkarlanean garatu dute protokolo berria, «arreta eta zerbitzuak hobetzeko helburuarekin». «Emakumeen aurkako indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria da, emakume guztioi eragiten diguna; gizarte gisa dugun erronka nagusia da indarkeria mota hau errotik ezabatzea eta gizon eta emakumeen arteko desberdintasun egoerei aurre egitea», gehitu du.

Berdintasunaren alde udala egiten ari den lanketa horretan, protokoloaz gain beste mugarri bat Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxea dela esan du alkateak. Ate irekien ekitaldia apirilaren 1ean egingo da, «espazioa herritarrei ezagutzera eman eta eskainiko dituen zerbitzuen berri emateko».

«Emakumeen Etxea Mugimendu Feministaren aldarrikapen historikoa izan da, eta Tolosako emakumeek aspalditik eskatzen zuten espazioak laster zabalduko ditu ateak», adierazi du Peonek. 2016an eman zituzten Emakumeen Etxea sortzeko lehen urratsak, eta 2018an, lehen partaidetza prozesuari ekin zieten. «Elkarlanean aritu gara Emakumeen Etxea diseinatu eta garatzen». Iaz egin zuten bigarren partaidetza prozesua eta horrekin batera etxearen eraikuntzarako hirigintza proiektua garatu eta martxan jarri zuen udalak. Guzira, 783.914,54 euroko inbertsioa egin du udalak proiektu horretan.

«Proiektu erabat parte hartzaile eta lankidetzakoa izan da, guztiz aberasgarria, luze jo duena, baina bere fruituak emango dituena; Andragora gizarte eraldaketara eta gizarte feminista eta berdinzaleagoa lortzeko ezinbesteko tresna izango da, baita ere emakumeak indartu eta emakumeak ahalduntzeko ere», azpimarratu du.

Berdintasunean «aurrerapausoak»

Udal gobernuak Martxoaren 8a baliatu du «azken urteetan berdintasun alorrean emandako aurrerapausoak» azaltzeko. Esan du genero ikuspegia udal politika guztietan «zeharkakotasunez» landu dutela, eta udalak garatutako plan guztietan txertatu dutela genero ikuspegia: besteak beste, Mugikortasun Planean, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean edota Partaidetza, Gardentasun eta Gobernantza ordenantza berrian. «Kontratazio prozeduretan eta diru laguntzetan ere txertatu dira berdintasun irizpideak, eta udalak genero ikuspegia txertatzeko estrategiarekin aurrera jarraituko du, zerbitzu eta esku hartze publiko eraginkorrago, inklusiboago eta berdintasunezkoaren alde».

Begoña Tolosa zinegotziak esan du Hezkidetza Mahaia ere osatu dutela, «indarkeria matxistaren aurkako borrokan urratsak egiten jarraitzeko, herriko ikastetxeekin eta eragileekin elkarlanean». Bide horretan, Berdintasun Kontseilua ere sortu dute. Beste adibideetako bat Jabetze eskola izan daitekeela zehaztu du. «Nabarmen indartu eta sendotu da legealdi honetan, geroz eta jarduera gehiago antolatzen dira eta izen emate kopuruak gora egin du».

Berdintasunaren aldeko lanetan, «mugarri garrantzitsua» dela aitortu du Jai Berdinzaleen aldeko Ekintza Plana ere: «2017an sortu zen Jaien Berdintasun Behatokia jaien esparruan berdintasunaren alde urratsak egiteko. Urrats berriak egiten jarraitzeko eta herriko jaietan genero ikuspegia txertatu eta emakumeen parte hartzea sustatzeko osatu da Ekintza Plana».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!