M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2023

«Zahartzaro duin batera iristeko, epe luzerako ekimenak behar dira»

Ataria 2023ko mar. 8a, 07:59

Zaintzaileak ez badaude ondo zainduta nekez zainduko dutela ondo dio, eta horretan eragitea beharrezkotzat du; gizartea, eta bereziki gazteak, gaiaren inguruan sentsibilizatu behar direla uste du.

Sandra Ruiz Castellon etxeko zaintzaileak iragan larunbatean Tolosan egin zuten eskualde mailako Topaketa Feministan parte hartu zuen. Gizartea gaiaren inguruan sentsibilizatzea eta epe luzerako proiektuetan pentsatzea beharrezkoa dela dio.

Zergatik hasi zinen zaintza lanetan?

Costa Ricakoa naiz ni. Bertan hamar urtez aritu nintzen arlo honetan lanean adinekoen egoitza batean. Hemen ere egoitzetan lanean aritua naiz. Lan zaila da, baina gustatzen zait. Pertsonekin lan egitea gogoko dut.

Etxeko zaintzailea zara orain. Zaintzaren inguruan egiten duzun gogoeta zein da?

Igaro naizen etxe guztietan antzeko egoera ikusi dut, hau da, familietako emakumeak dira zaintza euren gain hartzen dutenak. Esan beharra daukat beti ez dela horrela izaten; une honetan lanean ari naizen etxeko semeak ere zaintzaren parte dira. Ez emakumeak adina, baina, laguntzen dute behintzat.

Zergatik gertatzen da hori?

Ez da semeei ez zaiela zaintza inporta, baizik eta barruraino sartuta dagoen zerbait da. Belaunaldiz belaunaldi transmitituz joan den zerbait da emakumea etxeko lanez arduratzen dela. Gizonek, berriz, nahiago dute beraiek egin baino beste pertsona baten gain utzi ardura hori, diru baten truke.

Zenbat denbora daramazu zaintzan lanean?

18 urte.

Bilakaerarik nabaritu al duzu urte hauetan guztietan?

Zerbait aldatu dela esango nuke. Lehen ez nuen gizonik ikusten adinekoen zaintzan. Gaur egun bai. Gutxi, baina, bai. Zaintzan lanean aritzen diren gizonezkoen kasuan ez dakit beste lanik topatzen ez dutelako ari diren. Eta, horrela bada, ez luke izan behar. Benetan gustatzen zaigulako egin beharko genuke lan lanbide honetan.

Badirudi edonork egin dezakeela lan mota hori.

Hala dirudi. Batez ere migratzaileen artean adinekoak zaintzen lan gehiago dagoela ikusten dut. Adibidez, badira eraikuntzan lan egin nahiko luketen migratzaileak, baina, horretan topatzen ez dutenez, zaintzan hasten dira. Akats handia da.

Zergatik?

Bokazioa izan ez, baina profesionala izan zaitezke, eta hori nabaritu egiten da eskaintzen den zerbitzuan.

Gizarteak, oro har, heziketa behar duela nabarmendu duzu behin eta berriz.

Hala da. Sistema guztia aldatu beharra dago. Zaintzaileak ondo zainduak izatea, alegia, egoera onean egotea, gustura lan egitea ezinbestekoa da beraiek euren lana ondo egiteko, ondo zaintzeko. Eta hori, erakundeetan eta etxeetan ere eman behar da.

Zainketaren profesionalizatzean jarri da arreta azken urteetan.

Erakundeetatik, adibidez, diru asko ari dira jartzen pertsonak zaintza lanetarako prestatzen, herritarrek zahartzaro duina izateko helburuarekin. Baina, errealitatean ez da hori ikusten. Etxe askotan ikusten dudana da kontratatzen duten zaintzarako pertsonak titulazioa izateari garrantzi handia ematen diotela, ondoren, horri esker diru laguntza jasotzeko. Badirudi hori lehenesten dutela adinekoaren zaintzaren kalitatearen aurretik.

Arloa zertan aldatzea gustatuko litzaizuke?

Gobernuak dioena da bere helburua dela adinekoak ondo zainduak izatea, eta horretarako zaintza sektorea profesionalizatu beharra dagoela dio. Bada, gustatuko litzaidakeena da osasun zaintzaile moduan erakusten diguten hori, praktikan bete ahal izatea. Gure arloa profesionalizatzea beharrezkoa ikusten dut. Baina, horretarako, lehen aipatu moduan, lehendabizi gizartea bera hezi edo sentsibilizatu behar da. Jendeak ulertu behar du zaintza lanetan ari den langilea ez dela neskame bat. Horrekin batera, erakundeek atzean egon behar dutela iruditzen zait, eta nolabaiteko jarraipena egin.

Zer da zure lankideen artean gehien errepikatzen dena?

Zaintzaileak ez daudela ondo zainduta. Ordutegien kasuan, esaterako, agian kontratuan kopuru bat jartzen du, baina errealitatean askoz ere gehiago egiten ditu. Lanik ez duzunean eta beharrak bultzatuta horrelako baldintzak onartzen dira. Nire kasuan, zorionez, orain ondo nagoela esan dezaket.

Aurtengo Martxoaren 8an zaintza jarri da erdigunean.

Gogor lan egin behar dugu gizartea, eta bereziki gazteak sentsibilizatzeko. Beraiek izango dira biharko adinekoak, beraz, konturatu behar dute gauzak orain aldatzen hasi behar dugula. Politikariei, berriz, benetako zahartzaro duin batera iristeko epe luzerako ekimenetan pentsatzea eskatu nieke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!