Herriko eskulturak zaharberritu eta garbitzeko lanak egingo ditu Tolosako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 7a, 20:00
Lizardiren leihoa

Datozen bi hilabeteetan, espazio publikoetan kokatuta dauden hainbat eskultura zaharberritu eta garbituko ditu udalak, «obra horiek zaindu, balorean jarri eta guztien iraunkortasuna bermatzeko». 

Tolosak hainbat eskultura ditu herriko kaleetan banatuta. Urteen poderioz, egoera klimatologiko eta bestelakoen ondorioz, obra horiek hondatu egiten dira. Hori horrela, eskultura horien balorea aintzat hartuta, guztien egoera ona mantendu eta iraunkortasuna bermatze aldera, udalak herriko eskulturak zaharberritu eta garbitzeko lanak eramango ditu aurrera datozen hilabeteotan.

Lanak faseka gauzatuko dira

Eskulturen garbiketa eta zaharberritzea, adituei dagokien gaia dela gogoratu du udalak, «ezinbestekoa baita,  eskulturaren izaera, ezaugarriak eta materialak errespetatu eta bere horretan mantentzea». Horregatik, lanak eskulturagintzan adituak direnek egingo dituzte eta faseka garatuko dira.

Lehen fasean, esaterako,  Juan Loperen Homenaje al baserritarra, Koldobika Jauregiren Kantu ixila IX eta Eduardo Chillidaren Lizardiren leihoa eskulturak izango dira zaharberrituko direnak. Lehena Lizardi plazan dago kokatuta, Koldobika Jauregirena berriz, Zabalarreta parkean dagoen harrizko pieza da eta Eduardo Chillidaren eskultura Aranburu Jauregiaren aurrean dagoena da.

Egingo diren esku-hartzeen bitartez, eskulturetan urteen poderioz jasandako narriadurak garbitu eta obren jatorrizko itxura berreskuratuko dira. Horretarako eskuz kenduko dituzte zikinkeria, zementu-hondarrak, gorotzak, likenak edota pintura-hondarrak, eskulturen harria eta materiala hondatzen ez dituen material eta produktuekin.

Zaharberritze lanek bi hilabete inguruko iraupena izango dute, betiere baldintza klimatologiko egokiekin eta erabilitako materialak behar bezala lehortzeko denborak errespetatuz.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!