Euskelelea izango da Tolosan

Ataria 2023ko mar. 8a, 07:57

Ukelele topaketa izango da igandean, eta Euskelelea ipuin musikatua hilaren 18an Gure Zirkuan, Erlea argitalpen espazioaren eskutik.

Erlea argitaletxeak ondutako Euskelelea emanaldia izango da lehenengoz Tolosan. Era berezian dator, gainera. Izan ere, batetik, martxoaren 18an ipuin musikatuaz gozatu ahalko da, eta bestetik, berritasun moduan, igande honetan, hilaren 12an, ukelele topaketa egingo dute. Bi ekimenak Gure Zirkuan izango dira, eta topaketari dagokionez, 12:00etatik 14:00etara izango da. Enrike Solinis Euskal Barrokensemble taldeko zuzendaria eta Erlea argitalpen espazioko sortzaileak gidatuko du ukelele topaketa.

Miren Zeberio Euskal Barrokensemble taldeko kideak eta Erlea argitalpen espazioko sortzaileak azaldu bezala, «topaketa horretan ukelelearen historia kontatuko da, hau da, instrumentu honek duen jatorria azalduko da, eta, horrez gain, patroi erritmikoak edota ukelelearekin jo izan ohi diren kanta herrikoiak ere landuko dira».

Ukelelea mundu guztian jotzen den instrumentua da, eta tolosarrak esan bezala, «ukelele moduan ezagutzen den arren, ukelele izena izatez Hawaiikoa da. Toki guztietara iritsi den instrumentua da, leku bakoitzera moldatuz eta izen ezberdin bat hartuz». Hala, Enrike Solinisek sortutako pala itxurako ukeleleari Euskelelea izena jarri dio. Portugalera, Bragara, egindako bidaia batean izan zuen horretarako ideia.

Topaketa doakoa izango da, eta adin tarte guztietara egongo da bideratuta. Interesa duenak izena eman beharko du info@erlea.eus helbidera idatzita.

IPUIN MUSIKATUA

Egitarauaren barnean ez du hutsik egingo Euskelelea ipuin musikatuak. Euskal Barrokensemble taldekoen lanaz martxoaren 18an gozatzeko aukera izango da, eta estreinakoz ariko dira Tolosan. «Proiektua sortzen ari ginenean, Tolosako Laskorain Ikastolan haurrei bideratutako hainbat tailer antolatu genituela, baina saio horiek bertsio txikietan egin genituen», esan du Zeberiok. Bilboko Arriaga antzokian aurkeztu zuten lehen aldiz formatu handian, eta hilaren 18koa ere modu horretan izango da.

Emanaldian, Solinisek egindako bidaiaren inguruko kontakizuna egiten dute, Juan Kruz Igerabidek sortutako letrarekin. Abestiak herrikoiak dira, eta tartean antzinako pieza batzuk ere entzun daitezke. «Arriagan egin genuenean jendea oso pozik irten zen, haurrentzako proposamen desberdina baita. Agian, musika aldetik jendea ez dago oso ohituta gure estilora, bertan, antzinako instrumentuak erabiltzen ditugulako. Hala ere, gure musika oso gertukoa da».

Kontzertuan Laskorain ikastolako Lask Abesbatzak ere parte hartuko du, baita Onditz Esnaola eta Jurgi Errandonea dantzariek ere. Bertarako sarrerak 12 euro balio du, eta Babel liburu-dendan, Kopibat, Karela edota info@erlea.eus helbidera idatzita eskuratu ahalko dira.

Egitaraua

  • Martxoaren 12a, 12:00etatik 14:00etara: Ukelele topaketa, Enrike Solinisekin. Sarrera doan (plaza mugatuak). Izena emateko: info@erlea.eus
  • Martxoaren 18a, 18:00etan: Ipuin musikatua (kontzertua). Euskal Barrok Ensemble eta Lask Abesbatza. Musika: Enrike Solinis. Ipuina: Juan Kruz Igerabide. Dantzariak: Onditz eta Jurgi. Sarrerak: Babel liburudenda, Kopibat, Karela eta info@erlea.eus

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!