Irati Lakunzak urrezko lau domina irabazi ditu Espainiako Txapelketan

Ataria 2023ko mar. 7a, 21:59

Tolosako igerilariak Euskadiko Hegats Igeriketako selekzioarekin.

Euskadiko Urpeko Jardueren Federazioarekin parte hartu du Torreviejan (Alakant) jokatutako Autonomia Erkidegoen arteko Hegats Igeriketako Espainiako Txapelketan. Haizea Izagirre eta Maite Gibelalde tolosarrek ere parte hartu dute txapelketan.

Irati Lakunza igerilari tolosarrak urrezko lau domina eta zilarrezko bat lortu zituen asteburuan, Torreviejan (Alakant) jokatutako Autonomia Erkidegoen arteko Hegats Igeriketako Espainiako Txapelketan. Euskadiko Urpeko Jardueren Federazioarekin parte hartu du. Eskafandra modalitateko 400 metrotako proban lortu zuen urrezko domina bat. 3.06,42ko denbora egin zuen; Europako Txapelketan lehiatu ahal izateko gutxieneko marka da. Proba horretan, Marina Roman valentziarra izan zen bigarren (3.31,60), eta Lorena Etxeberria nafarra hirugarren (3.37,73).

Ur-azaleko 200 metrotako proban eta erreleboetan (4 x 200 metro eta 4 x 100 metro) lortu zituen urrezko beste hiru dominak. 200 metrokoan, 1.35,14ko denbora egin zuen Lakunzak, Mireia Bayes kataluniarra izan zen bigarren (1.39,61) eta Roman valentziarra hirugarren (1.39,73). 4 x 200 metroko proban, 6.52,18ko denbora egin zuen Euskadik, Herrialde Katalanetako federazioa izan zen bigarren (6.52,49) eta Valentziakoa hirugarren (6.55,81). 4 x 100 metroko proban, berriz, 2.58,59ko denbora egin zuen Euskadik, Valentzia izan zen bigarren (2.59,03), eta Herrialde Katalanak hirugarren (3.02,16). Proba honetan, gainera, Haizea Izagirre igerilari tolosarrak ere parte hartu zuen Euskadirekin, urrezko domina lortuz.

Zilarrezko domina, aldiz, eskafandra modalitateko 100 metroko proban lortu zuen. Modalitate berdineko 400 metroko probako podiumeko protagonista berak izan ziren lehen hiru postuetan. Roman valentziarra izan zen garailea (41,38), Lakunza bigarren (41,97) eta Etxeberria nafarra hirugarren (43,56).

Maite Gibelalde tolosarrak ere parte hartu du txapelketan, ur-azaleko 200 eta 400 metrotako probetan eta eskafandra modalitateko 100 metroko proban. Oraindik junior mailako igerilaria bada ere, maila handian aritu da, eta 100 metroko proban seigarren postuan helmugaratu zen.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!