Brontzezko bi domina eskualdeko atletentzat 20 urtez azpiko Espainiako Txapelketan

Ataria 2023ko mar. 7a, 16:00

Ane Martin, eskuinean, 20 urtez azpiko Espainiako Txapelketako 1.500 metrotako podiumean. TOLOSA CF

Tolosa CF-ko Ane Martinek eta Bidasoa Atletikoko Mario Estanga tolosarrak lortu dituzte pista estalian egindako txapelketan.

Sabadellen (Herrialde Katalanak) jokatutako 20 urtez azpiko Espainiako Txapelketan, Ane Martinek 1.500 metrotan lortu zuen hirugarren postua, 4.38ko markarekin. Aurreko denboraldian 18 urtez azpiko mailan bilakatu eta gero, kategoriaz aldatuta ere podiumean mantendu da Martin, berriz ere negu bikain bat borobilduaz. Bere aldetik, Mario Estanga tolosarrak podiumera igotzea lortu zuen pertika jauzian 4,50 metroko jauziarekin. 
 
Tolosa CF-ko beste bi atleta ere izan ziren 20 urtez azpikoan. Irati Azpilgain 60 eta 200 metroetan serieetan gelditu zen, 7,88 eta 25,74 eginaz. «Halere, honek ere negu ona egin du bere marka pertsonalak onduaz», azaldu dute klubetik. Ander Aristi ere serieetan gelditu zen, 60 metro hesietan 8,74ko markarekin. «Orain bere proba den 400 hesietarako lan egitea egokituko zaio zerupeko denboraldiari begira», zehaztu dute klubetik.
 
Master kategorian Antequeran (Espainia) egin zen Espainiako Txapelketan eta bertan Tolosa CF-ko bi atleta izan ziren. Andu Martinez de Rituertok bi domina lortu zituen: altuera jauzian urrezkoa lortu zuen 1,54 metroko jauziarekin eta zilarrezkoa 60 metro hesietan 11,46 eginez. Iker Ariznabarreta 7. izan zen 60 metrotan bere marka onduaz 7,89rekin.
 
Bestalde, Durangon orain gutxi egin den Espainiako Jaurtiketa Luzeen Master Mailako Txapelketa, eta Tolosa CF-ko Jose Luis Gonzalez Txilis txapeldun izan zen M75 mailan xabalina jaurtiketan 27,15 metrorekin, eta gainera txapelketako errekorra gainditu zuen. Horrez gain, zilarrezko domina lortu zuen disko jaurtiketan 28,46 metroko markarekin.
 

Jose Luis Gonzalez 'Txilis' atleta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!