Peña II.a finalerdietako ligaxkan izango da

Ataria 2023ko martxoaren 6a

Partida erabakigarria nagusitasunez irabazi zioten tolosarrak eta Mariezkurrena II.ak Peio Etxeberria eta Rezustari, 22-10. Finalerdietako ligaxkako lehen partida larunbatean izango dute, Elordi eta Zabaletaren aurka.

Asteburuan bi partida irabazi behar zituzten Peña II.ak eta Mariezkurrena II.ak Binakako Pilota Txapelketako finalerdietako ligaxkan izateko, eta baita lortu ere. Bietan, gainera, nagusitasunez irabazi dute. Azkena atzo bertan, Peio Etxeberria eta Rezustaren aurka. 22-10 irabazi zuten tolosarrak eta berriozartarrak, eta nafarraren partida izan zen nabarmentzekoa. Mariezkurrena nagusitu zen atzeko koadroetan, eta finalerdietan gerra emango dutela erakutsi dute.

Beraiekin batera, ligaxkan zuzenean sailkapena lortu zuten Elordi-Zabaleta eta Altuna III-Tolosa izango dira, eta laugarren bikotea Laso-Imaz izango da. Finalerdietako ligaxkaren lehen jardunaldia asteburuan jokatuko da. Peña II-Mariezkurrena II bikoak Elordi-Zabaleta izango dituzte aurkari, larunbatean, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Altuna III-Tolosa bikoak Laso-Imaz izango ditu aurkari, igandean, Gasteizko Ogeta pilotalekuan.

Iztueta ez da finalerdietan izango

Martxel Iztueta atzelari tolosarra ez da promozio mailako finalerdietako ligaxkan izango, asteburuan kanporaketa galdu ondoren. Agirrerekin batera 11-22 galdu zuen Iztuetak Zabala-Gaskue bikoaren aurka.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!