Zaintzari ez zaiola duen garrantzia ematen eta erakundeek gehiago egin beharko luketela, epe luzerako erabakiak hartu behar direla, zaintzaren inguruan berriro hezi behar dugula, zaintzaileak zaintzea ezinbestekoa dela, gizartea kontzientziatu behar dela edota zaintza emakumeen zapalkuntza dela. Denon bizitza erdigunean izenburupean egin den eskualdeko topaketa feministan entzundako ideia nagusiak dira.
Sandra Ruiz Castellon etxez etxeko langilea, Inma Arroyo Asuncion klinikako langile ohia eta Nekane Berriotxoa Oneka emakume pentsiodunen elkarteko kidea aritu dira Tolosako kultur etxean zaintzaren gaia hainbat ikuspegitatik jorratzen. Eider Olazar Tolosako Asanblada Feministako kideak gidatu du mahai ingurua, eta zaintzaren gaia ez dela berria mugimendu feministan nabarmendu du. «Pandemia garaian ere erdigunean jarri zen, eta ondoren, zaintzaren inguruko lanketa hasi zen mugimendu feministan». Hain justu, zaintza sistema eraldatzeko helburuz mobilizazio prozesua hasi du mugimendu feministak, eta lehen mugarria Martxoaren 8a izango dela iragarri du.
Zaintzeko beharrari nola egiten zaion aurre jarri dute mahai gainean, eta norberaren autonomia bultzatzearen beharra nabarmendu dute. Zaintza eta lana partekatzeak duen zailtasuna aipatu dute, eta horregatik, gizarte zerbitzuek duten garrantzia azpimarratu dute.
Bestalde, lan munduan eta zaintzaren alorrean geroz eta gizonezko gehiago ikusten diren arren, oraindik emakumeak nabarmen gailentzen direla aipatu dute, bai ospitale edo zentroetan bai eta etxez etxeko langileetan ere. Gainera, emakumeek lantokian zein etxean, «ardura gehien» hartzen badute ere, normalean hori ez dela baloratzen aipatu dute, eta gizonezkoak egon ohi direla aginte postuetan. Eta horri lotuta galdera ere luzatu du Ruiz Castellon etxez etxeko langileak: «Zergatik dago soldata arrakala emakumeek pisu eta ardura gehien hartzen badute?».
Zaintza lanen ardura emakumeek euren gain hartzea hezkuntza eta bizipen kontua dela azpimarratu du Asuncion klinikako langile ohiak: «Hori transmititu digute gure aurrekoek, atzetik datorkigun karga bat da, baina lortuko dugu kentzea». Karga horren ondorioz egiten diren hainbat adibide ere jarri ditu mahai gainean Berriotxoak: «ezkontzen zirenean askotan emakumeak lana uzten zuen, eta beste batzuetan haurrak edo gurasoak zaintzeko utzi egin behar izan du». Horri lotu dio, hain zuzen, emakumeek pentsio baxuagoa izatea, eta datuak ere eman ditu: «1.200 eurotik gora jasotzen duten gehienak gizonezkoak dira». Hein handi batean, beraz, zaintzagatik daudela emakumeak egoera desberdinean ekonomikoki esan du: «Zaintza emakumeen zapalkuntza dela geroz eta konbentzituago nago».
Zaintzailea zaindua izatearen ideia ere maiz errepikatu dute. Izan ere, Ruiz Castellonek esan moduan, «nekez zainduko du ondo egoera onean ez dagoen zaintzaile batek». Gainera, geroz eta zaintzaile gehiago beharko direla ere esan dute, beraz, erakundeak jarri dituzte jomugan, gai horretan lan handiagoa egin beharko luketelako, eta epe motzerako baino epe luzerako plangintza egitea beharrezkotzat jo dute. Pandemia ere ekarri dute gogora, eta esan dute beharrik handieneko garaian posible izan bazen, orain ere posible izango dela, «beraz, ez da posible orain pertsonal falta dagoela esatea».
Zaintzaren gaia erdigunean jarri beharreko gaia dela adierazi dute hiru solaskideek, eta azaldu dute herritarren 10tik 8k baino gehiagok eskatzen duela etxean egitea zaintza. Horretarako, zaintzaren inguruan gizartea kontzientzia eta heztea beharrezkoa dela esan dute.
Topaketa taldeko argazkia eginez amaitu dute, baina aurretik, zaintza gorputzaren bidez adierazteko ariketa egin dute musikarekin ere lagunduta, eta koaderno zuria ere pasa diote elkarri mugimendu feministetako kideek, idazten jarrai dezaten.