Inauterien balorazio «oso baikorra» egin dute, datorren urterako erronka zehatzekin

Ataria 2023ko mar. 2a, 18:00

2023ko inauteriak igarota, eragileekin bildu ondoren eta datuak esku artean, balorazioa egin du udal gobernuak. 20.000 lagunetik gora bertaratu ziren Zaldunita egunean; aurten, lehen aldiz, Zaldunitan arauak errespetatu ez zituzten karrozak ez ziren kalera atera Asteartitan.

Eguraldiak lagunduta, «jendetsuak eta bereziki parte hartzaileak» izan direla nabarmendu dute udal gobernu zein eragileek eta datorren urtera begirako erronkak zehaztu dituzte. «Oro har, inauteri lasaiak izan dira, betiko legez, alaiak eta umoretsuak, irudimenez beteak, aparteko asistentzia eta intzidentziarik gabekoak», adierazi dute.

Aldaketek «harrera oso ona»

Euskal Herria plazaren erabilerak, sokamuturraren lekualdaketak eta karroza eta konpartsen ibilbide eta antolaketak «harrera oso ona» izan dute inauteri zaleen aldetik. Olatz Peon alkateak esan du karroza eta konpartsen kokapena eta antolakuntza «modu egokian» gauzatu dela, eta kokapenak «errespetatu» direla. «Lehen aldiz zaintza lanetarako taldea aritu da lanean, funtzioa oso ondo bete dute, eta oro har, ezarritako baldintza eta neurriak errespetatu dira. San Frantzisko pasealekuan ezarritako sistema elektrikoa ere aurrerapauso garrantzitsua izan da, eta datorren urtean urratsak egiten jarraituko dugu. Bereziki azpimarratu nahiko nuke karrozen elkartearekin egindako lana, elkarlana erabatekoa izan delako. Gaztetxoen karroza txikiek ere, oro har, errespetatu dituzte ordutegiak eta kokapenak, beraz, iaz eraikitako elkarlanerako bideek eman dute bere fruitua aurten», azaldu du alkateak.

Pertzepzioetatik datu objektiboetara pasatzeko helburuarekin, azken urteotan zarataren neurketa zehatzak egin dira. «San Frantzisko pasealekuan ondo errespetatu dira mugak, salbuespenak izan diren arren. Rondilla kalean, berriz, 90 dezibeliotako muga gainditu zen igandean eta Nafarroa etorbidean kokatutako konpartsa txiki batzuek ere Asteartitan ez zituzten ezarritako mugak errespetatu», adierazi du alkateak. Ondorioz, Zaldunitan musika mugak eta ordutegiak errespetatu ez zituztenek, ez zuten Asteartitan kalera ateratzeko aukerarik izan, eta ez dute diru laguntzarik jasoko. Arrazoi horregatik, Asteartitan, Rondilla kalean ez zen karroza eta konpartsarik kokatu.

Jende gehien, Zaldunitan

Iaz gertatu bezala, Zaldunita izan zen egunik jendetsuena. Garraio publikoa erabiliz Tolosara gerturatu ziren pertsonen datuei erreparatuz, 20.000 pertsona baino gehiago hurbildu ziren Zaldunita egunean Tolosara. Datorren urtera begira, garraio publikoa gehiago indartzeko eskaera egingo du udalak, Zaldunita egunari begira.

Astelenitako Gaztea gunea, Alondegia plazan kokatu zena, «erabat arrakastatsua» izan zela esan du udalak. «Giro ona sortu zen gaztetxoenen artean, eta gune hori Zaldunita egunera zabaltzeko aukera aztertzen ari gara, festa ereduaren aldaketa dela eta», gaineratu du.

Zezen plazako segurtasuna eta sarreren salmenta

Segurtasun eta ebakuazio plana dela eta, edukiera zehatza du zezen plazak, gainditu ezin dena, legez. 2.973 pertsona sar litezke guztira plazara (harmaila eta tendidora) eta zezentokiko eremura, hau da, korsora, gehienez ere 500. Horregatik udalak esan duenez «ezinbestekoa» da edukierak zaintzea eta neurriak hartzea. «Zaldunitan arazoak izan ziren zezen plazarako sarreran, Astelenita eta Asteartitarako neurriak hartu ziren eta sarrera-irteerak arazorik gabe gauzatu ziren. Datorren urtera begira, aurten ezarritako babes-gunea mantentzeko aukera aztertuko da, sarbideak behar bezala egin, kontrolatu eta arintzeko».

Animaliak babesteko lege berriaren ondorioz, Ostegun Gizen bezperan jakin zuen udalak ez zuela zezentxoak eskaintzeko aukerarik izango; zezentxoen ordez bigantxak jartzeko erabakia hartu zen. Ostiral Meheko eta Piñata Eguneko zezen plazarako sarrera librea izan ohi da, baina bigantxen kasuan udala behartuta dago edukierak neurtzea eta zezentokira sartuko diren gaztetxoenen adina zaintzea, 16 urte azpikoak izan ez daitezen. Hori dela eta jarri ziren herritarren eskura gonbidapenak. «Aurten gertatutakoak errepika ez daitezen edukierak neurtzeko beste formula batzuk aztertuko ditugu», esan dute.

Garbiketari aipamen berezia

Garbiketa zerbitzu eta taldeko langileek egindako lana goraipatu eta azpimarratu nahi izan du alkateak. 43 langile aritu dira aurtengo inauterietan lanean, 6:00etatik 12:00etara eta Asteartitan, 5:00etatik 12:00etara. «Uste dut aipagarria dela egiten duten lana, esker mezu ugari jaso ditugu eta egiten duten lana balioan jarri eta eskertu nahi genuke», berretsi du alkateak.

Kale garbiketa zerbitzuak 34,7 tona hondakin bildu ditu, iaz baino tona bat gehiago. Mankomunitateko hondakin bilketa zerbitzuak, aldiz, 14.879 kilo hondakin jaso ditu aurten, iaz baino 1.697 gehiago. Erabilitako ur litro kopuruari dagokionez, aurten 513.000 litro ur erabili dira garbiketarako, iaz baino 255.400 litro gutxiago; Euskal Herria Plazaren erabilerari lotuta, errazagoa eta arinagoa da Plaza Berriaren garbiketa, Euskal Herria Plazak duen zorua garbiketarako konplexuagoa delako.

Datorren urterako erronkak

Eragile zein herritarrekin atzo egindako bilerak balio izan zuen datorren urterako erronkak eta bide-orria zehazteko. Musika bolumenari muga jartzea eta alkohol kontsumo arduratsua sustatzen jarraitzea izango dira lehentasun nagusiak. Horien lanketa eragileekin elkarlanean egingo du udalak, orain arte bezala. Musika mugatzaileak jartzeko aukera aztertuko dute, ordutegia ere bai, baita aurten ezarritako sistema elektrikoa zabaltzeko aukera ere. Kalera ateratzen diren karroza eta konpartsek bete beharreko baldintzak eta musika ekipoen ezaugarriak zehaztuko dituzte; horretarako ordenantza berria garatuko da, segurtasuna eta elkarbizitza bermatzea helburu, arriskuak ekidite aldera.

«Alkohol kontsumoari dagokionez, azken urteetan egindako lanketa eta prebentzio esku-hartzeei esker nabarmen murriztu da alhokol kontsumo neurrigabeagatik artatu beharreko pertsona kopurua», adierazi du udalak. Halere, alkohol kontsumo arduratsua sustatzeko lanean jarraituko duela esan du.

Datorren urtera begira, ondorengo hauek dira aztertu eta landuko diren beste gaietako batzuk:

  • Hondakin gutxiago sortzea.
  • Txosna gunearen txandakatzea herriko plaza ezberdinetan.
  • Rondilla kalea oinezkoentzat uzteko aukera.
  • Kale salmenta postuen oinarri eta kokapena eta legez kanpoko salmentaren kontrola.
  • Kale salmenta postuen sorgailuen intsonorizazioa.
  • Euskal musikaren sustapena, karroza eta konpartsetan.
  • Txarangen alardea, Zaldunitan ere egiteko aukera.

Amaitzeko, alkateak adierazi du aurten «inoiz baino bilera gehiago» egin direla inauterietako eragile guztiekin. «Lanketa horren emaitza begi bistakoa da. Aurrerapauso garrantzitsuak egin ditugu azken urteetan, baina oraindik ere bidea dago egiteko. Txarangak, mozorroak, karrozak eta konpartsak, eta bereziki alaitasuna eta umorea izan dira nagusi aurtengo inauterietan; gure inauterien esentziaz gozatzeko aukera izan dugu beste behin, beraz, balorazio baikorra egiten dugu. Modu berezian eskertu nahi dut inauterien aurretik eta inauteri egunetan lanean aritu diren udal langileen ahalegin eta inplikazioa: udaltzaingoa, brigada, kultura saila, berdintasuna, obra eta zerbitzuen saila... karrozen elkarteari ere eskertu nahi diot elkarlana eta aipatu nahi nituzke ere txarangak, Udal Musika Banda, txistulariak eta herriko eragileak, guztiei esker izaten baitugu inauteriez gozatzeko aukera». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!