Hemen da 13. Mendi Tour Tolosa

Leyre Carrasco 2023ko mar. 1a, 19:59

Mendi Film nazioarteko jaialdiko pelikula onenen zirkuitu ibiltaria Tolosako Leidorrera itzuliko da martxoaren 6,7 eta 8an. Saioetara bertaratzen direnek mendiko zinemarik onenarekin gozatuko dute.

Ekitaldiaren aurkezpenean, Olatz Peon Tolosako alkateak adierazi bezala, «Tolosa mendizaletasun handiko herria da, eta bertan, lotura berezia dugu mendiarekin eta gure ingurunearekin. Mendi Tourren arrakasta, beraz, ez da harritzeko gauza izaten, eztan kasualitatea bezala, espero dut etorkizun motz batean mendizaletasunaren museoa Tolosan kokatua izatea edo aste honetan bertan Alpino Uzturrek 50 lagunez osatutako mendi lasterketa taldea aurkeztea. Bada, beraz, harrobia, bada mendizaletasuna, bada lotura mendiarekiko Tolosako herriak duena».

Bestalde, Aitor Elduaien Mendi Film jaialdiko komunikazio arduradunak aurtengo Mendi Tourrak «markak hausten» ari dela aitortu du: «Ikusle kopuruak gora egiten ari dira, eta zine aretoetarako jarrera orokorrean ona dela pentsatu nahi dut, baina, aldi berean, mendi kulturak eta zinemagintzak duen tiradizo horren isla dela uste dut». Tolosara, berriz, nafar asko etortzen direla gehitu du, «eta aurtengoan ere haiei begirako programazio zabala prestatu dugu».

Honela, bederatzi film eta dokumentalez osatutako programazioa izango da hiru egunetan zehar Leidorren. «Oso programazio aberatsa, gaitegiaren aldetik oso zabala, denetariko gustukoak asetuko dituena», adierazi du.

Programazio aberatsa
Elduaienek aipatu bezala, «iazko abenduan egin zen BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdian sarituak izan ziren hainbat pelikulek osatzen dute aurten Tolosako programazioa, eta horren eredu da Agur Artzai». Julen Zubiete zuzendari bizkaitarrak, Bizkaian bertan sortu eta ekoitzi duen lana da. BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdian bi sari eskuratu zituen, gainera; euskarazko film onenaren saria eta gazte epaimahaiaren saria. «Jose Ereño da protagonista, Gorbeiako artzain erretiratua. Oso film goxoa, barea eta lasaia da, eta 20 urtez asko jo gabeko zine ikasleek saritu duten pelikula bat izan da. Aurtengo Mendi Tourra abiarazteko oso modu egokia izango da», aitortu du Elduaienek.

Egoland filma ere izango da saio horretan. Stop-motion teknika erabiliz eginiko animazio laburmetraia da, alpinismoa eta iruzurra umore puntu batekin uztartzen dituena. Ikusleen saria eta epaimahaiaren aipamen berezia jaso zituen.

Hala ere, asteleheneko «gilda» mendiko lasterketen protagonista handi batekin etorriko dela kontatu du Elduaienek: «Tòfol Castanyer Balearetako korrikalariaren, El Corredor Infinit izeneko filmarekin. Tolosan daukagun mendi lasterketetarako joera aintzat hartuta, oso gustuko izango den lana da. Gainera, haren oso laguna den Iker Carrera ere bertan izango da, Castanyerren inguruan hitz egiten».

Astearteko programazioan, berriz, «harribitxi zinematografiko bat» izango dela aitortu du Elduaienek, eta hori da Michael Dillon zuzendari australiarraren Everest Sea to Summit filma. «Luxu bat da lan hau Tolosan ikusi ahal izatea, 1992ko produkzioa baita. Mendi zinemagintzaren historian gehien ikusi den filmetako bat da», eta iazko abenduan ospatu zen jaialdian sekulako pagotsa izan zuela kontatu du: «International Alliance for Mountain Film elkartearen 2022ko Sari Nagusia jaso zuen saio berean programatu zen pelikula. Dillonek harrera eskertuta, baimena eman zuen Mendi Tourraren parte izateko».

Amaitzeko, asteazkeneko saioan Bilbon sari nagusia jaso zuen Accident Life filma ikusi ahalko da, eta ondoren, martxoak 8ko saioa This is Beth lanak «borobilduko» duela kontatu du Elduaienek. «Bere garaian Tolosan sekulako inpaktua izan zuen Tommy Caldwell atletaren The Dawn Wall filmean Beth Rodden bikotekide bezala ageri zen, baina halako batean Rodden pelikulan desagertu egin zen, eta asteazkeneko filma honetan bere historia ezagutuko dugu».

Saio guztiak 19:30etan hasiko dira, eta jatorrizko bertsioetan eskainiko dira, azpitituluekin lagunduta. Zeinu hizkuntza interpretazioa ere eskainiko da aurkezpenean. Sarrerak eta hiru eguneko bonua salgai daude dagoeneko Leidorreko leihatilan nahiz mendifilmfestival.com webgunean.

PROGRAMAZIOA

MARTXOAK 6, ASTELEHENA

  • Agur Artzai. Azkenetan den bizimodu bat erretratu nahian, Julen, Gorbeian geratzen diren azken artzainetako batengana hurbilduko da, Joserengana. Elkarrekin konpartituko duten denboran iraganerako ateak irekita geratuko dira atzean utzitakoari erreparatzeko. *Iraupena 27’ / Jatorrizko bertsioa: euskara / Azpit: ES
  • Egoland. The Great Troll mendiaren gailurrera iristear daude Marek Molek eta Bruno Grassi, artean inork eskalatu gabeko mendia. Baina, ekaitz erauntsi betean, indarrak ahituta, eta elur baldintza eskasekin, gailurrera iritsi ezinik geratuko dira, bertatik bertara eduki arren. Eztabaida piztuko da bien artean: egia kontatu ala ez. Stop-motion animazioa. *Iraupena 19’ / Jatorrizko bertsioa: hitzik gabea
  • A Baffin Vacation. Erik Boomer eta Sarah McNair-Landry 45 eguneko espedizio batean murgilduko dira Baffin irlako paraje urrun eta galduetan barrena. Eskalatzeko horma ikusgarriak eta ur-lasterretako kayakean  nabigatzeko ibai esploratu-gabeak aurkitzea dute helburu. *Iraupena 12’ / Jatorrizko bertsioa: ingelesa / Azpit: EU-ES
  • Tòfol Castanyer, El Corredor Infinit. Tòfol Castanyer, korrikalari mugagabea, mendietako erregea. Haren nortasun handian barrena eginiko ibilbidea da hau. Mendiko lasterkarien aitzindaria,  benetako heroi bat, ezezaguna, atleta isila, baina kirol-profesional onenen eta ospetsuenen maila berekoa. *Iraupena 48’ / Jatorrizko bertsioa: katalana / Azpit: EU-ES

MARTXOAK 7, ASTEARTEA

  • Adrenaline Sucks. Matthias Giraud eskiatzaile eta BASE jauzilari ezagunak abentura kirolei buruz duen ikuspegia esplikatuko du, eta argituko du zergatik ez duen bere burua “adrenalinaren menpeko” jotzen. *Iraupena 12’ / Jatorrizko bertsioa: ingelesa / Azpit: EU-ES
  • Free Rider. Sam Anthamatten (eskia) eta Victor de Le Rue (snowboarda) Alaskako bazter basatienean muga berrien bila. Helburua: horma bertikalak konkistatzea konpromiso handiko bideetan, zein baino zein muturrekoagoa. *Iraupena 33’ / Jatorrizko bertsioa: ingelesa/frantsesa / Azpit: EU-ES
  • Everest Sea to Summer. Mendiko zinemaren historian izan den filmarik sarituenetakoa. Tim Macartney-Snape alpinista australiarra Everest gailurrera oxigenorik gabe igo zen 1984an. Haren lagun Michael Dillon zinegilea, ordea, ez zuen balentria hark harritu. Hala esan zion: “Mendiaren garaiera itsas-mailatik neurtzen da, beraz behar bezala igo duzula esan ahal izateko handik abiatu beharko zenuke”. Macartney-Snape izan zen lortzen lehena, 1990ean. *Iraupena 59’ / Jatorrizko bertsioa: ingelesa / Azpit: EU-ES

MARTXOAK 8, ASTEAZKENA

  • This is Beth. Beth Rodden eskalatzailearen ibilbide arrakastatsuak, errealitate gogorra du ezkutuan: gorputz-itxurarekin eta barne-hizketaldi krudelekin borroka betean bizi izan da. Dinamika suntsitzaile hori eraldatzen asmatu eta, eskaladari eta bere buruari zor dion maitasuna berraurkitu du, ordea. *Iraupena 18’ / Jatorrizko bertsioa: ingelesa / Azpit: EU-ES
  • An Accident. Quinn Brett-ek eskalada istripu larria jasan zuen El Capitanen, Yosemiten, 2017ko urriaren 11n. Gertatutakoaren berri konta dezake, mirariz eutsi baitzion bizirik, baina gerriz behera elbarri geratu zen eta horri aurre egiten ikasi behar izan du geroztik. *Iraupena 86’ / Jatorrizko bertsioa: ingelesa / Azpit: EU-ES

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!