ELKARRIZKETA

«Amateur izatetik, orain profesionalizatzea lortu dugu»

Leyre Carrasco 2023ko mar. 6a, 07:59

Aitor Elduaien. L. CARRASCO

Mendi Film Festival jaialdiko lanik onenak bildu eta Tolosan eskainiko dituzte gaurtik asteazkena bitarte. 2011z geroztik, urteroko hitzordua da Mendi Tour eta zale asko biltzen dituela aitortu du Aitor Elduaien (Tolosa, 1975) jaialdiko komunikazio arduradunak.

Beste behin, eskualdeko mendizaleak eta zinemazaleak aseko dituzten bederatzi lan izango dira ikusgai Leidor antzokian, eta sarrerak salgai daude dagoeneko Kutxabank webgunean eta Leidorreko leihatilan.

Nola sortu zen Mendi Film Festival?

Lagun talde batek 2008an izandako ezinegon batetik sortu zen. Euskal Herrian mendizaletasunaren inguruan ezinegona bazegoela ikusi genuen eta horren bueltan film jaialdi bat falta zela pentsatu genuen. Egia da 1979tik 1985era mendiaren inguruko film jaialdi bat martxan egon zela Donostian eta oso ekimen arrakastatsua izan zela, baina bukatu zen. Gerora emanaldi desberdinak egin zituzten hainbat herritan, tartean, Tolosako Iparragirre zineman, baina ez zegoen jaialdirik. Beraz, ideia horri bueltaka hasi ginen lanean eta 2008an Gasteizen, film jaialdia berreskuratzea lortu genuen. Arrez geroztik, urtero egin da. Hamaseigarren urtea izango da aurtengoa eta aipatu behar da lehen lau urteetan Gasteizen bakarrik ospatu zela.

Beraz, pixkanaka hazten joan den jaialdia da.

Jendearen bultzada hasieratik oso ona izan zen, beraz, horrekin bakarrik nahiko izan genuen dena aurrera ateratzeko. Amateur izatetik, orain profesionalizatzea lortu dugu. Beraz, bai, oihartzun oso handia du, eta mundu mailan oso ondo kokatuta dagoen zinemaldi bat dela esan daiteke.

Zenbat filmek eta dokumentalek parte hartu dute aurtengoan?

Jaialdian bertan ia 200 filmek eta dokumentalek aurkeztu dute hautagaitza, eta horietatik aukeraketa pasa dutenak 50 izan dira. Horiek izaten dira hamar egunez erakusten direnak.



Horietatik zenbat lanek dute euskal ukitua?

Askok eta horretan ere pauso handiak ematen ari garela esan dezaket. 2022an hamabi edo hamahiru bat produkzio zirela uste dut, euskal protagonista edota euskal produktorea dutenak, alegia. Festibala hasi zen unetik garbi genuen gure erronka nagusietako bat hemengo produkzioa sustatzea izan behar zuela. Garaiak garaiak dira, eta baliabideak geroz eta eskurago dauzkagu denok, baina arrasto bat zabaldu dugula iruditzen zaigu. Alde batetik, hori ikusten dugu eta nabaritzen da jendeak aintzat hartzen duelako Mendi Film, eta bestetik, jendea geroz eta gehiago animatzen delako gauzak egitera.


Ezkerrean, artxiboko argazkia. Aitor Elduaien, Ramon Olasagasti, Pablo Dendaluze, Josu Iztueta eta Xabin Mujika Suedian, Vasaloppet proban, Holmenkolleneko tranpolinaren aurrean. 1998an, Hiru pauso, hiru norabide espedizioa hasi zuten lekua. 
Eskuinean, artxiboko irudia. Batel estropada lehia erakustaldia, 2004ko sanjoanetan. 
Aitor Elduaien, berdez jantzita, ezkerretik lehena.


Faboritorik duzu?

Sekula ez naiz izaten film edo dokumental kuttunena esatekoa, baina aitortu beharra daukat iaz ez zela egon bat besteen gainetik nabarmen geratu zena. Denak izan ziren oso-oso pelikula onak. Egia da Mendi Tour ekartzen dugunean, aukeraketa pasatzen duten 50 film eta dokumental horietatik The best of delakoa egiten dugula, eta hor ikusten dira zeintzuk diren faboritoenak. Aipatu beharra daukat aurten 22 film eta dokumental dauzkagula Mendi Tourrean proiektatzeko moduan, horiek konbinatuz sortzen ditugu programazioak.

Iruñean, Donostian eta Zangozan aurkeztu duzue dagoeneko. Zein harrera izan du?

Oso ona. 3.000 lagunetik gora izan ziren, eta aretoa itxita. Zine aretoetan hori lortzea izugarria da, eta are gehiago lan komertziala ez denean eta genero zehatz bat denean. Bolumen handiagoan bizitu genuen Donostian eta Iruñean. Donostian Antzoki Zaharrean egin genuen. Hiru egunetan zehar 1.123 ikusle elkartu ziren. Iruñean, berriz, Golem Baionak duen 300 laguneko areto batean izan zen. Aretoa goraino beteta egon zen saio bakoitzean. Lau egunetan zortzi saio eskaini genituen, eta 1.780 ikusle bildu ziren guztira. Zangozan Karmengo Entzutegian ospatu zen, eta 200 lagunetik gora izan ziren aretoa bete zutenak bi ostiral jarraian hartuta. Beraz, oso pozik eta harro gaude. Aurreko urteetan ere beti ondo funtzionatu du, pandemia urtea izan ezik. Urte gordinak izan dira, pixka bat larriak, baina aurten berriro tiro bat bezala doa.

Martxoaren 6tik 8ra bitarte Tolosan izango ditugu lan horietako batzuk. Zeintzuk?

Bederatzi film izango dira guztira Tolosako Leidor antzokian, eta horietako bostek iaz saria jaso zuten, gainera. Martxoaren 6an Agur Artzai (2022ko Euskarazko Film Onena eta Gazte Saria); Egoland (2022ko Ikusleen Saria eta Epaimahaiaren Aipamen Berezia); A Baffin Vacation; eta Tòfol Castanyer, El Corredor Infinit (2022ko Kirol eta Abentura Onena) ikusi ahal izango dira. Martxoaren 7an Adrenaline Sucks; Free Rider eta Everest - Sea to Summit izango ditugu, eta, martxoaren 8an, berriz, This is Beth (2022ko Epaimahaiaren Saria) eta An Accidental Life (2022ko Sari Nagusia).

Programazio zabala.

Oso zabala eta askotarikoa dela esango nuke. Alpinismoa, muturreko eskia, piraguismoa, esplorazioa eta etnografia artzaintza jorratzen dira gainetik, besteak beste. Tolosan nolabait ere ikusten dugu zein publiko motarekin gabiltzan, eta gure eskualdean oso publiko zabala dugu. Leidor antzokira 500 eta 600 lagun inguru joaten dira, eta urtetik urtera guzti horiei eredu ona ematen saiatzen gara.

Programazio horretan hutsik egiten ez duten lanak ere izaten dira tartean.

Beti izaten dira bi pieza derrigor sartu behar izaten ditugunak. Horietako bat, Henna Taylorrek zuzendutako An Accident Life filma da, Bilbon Sari Nagusia irabazi zuena, hain zuzen. Filmaren gaia oso sakona da. Quinn Brett Amerikako Estatu Batuetako eskalatzaileari buruz hitz egiten du, 2017ko urriaren 11n izan zuen istripu potente baten inguruan zehazki. Eskalatzen zegoela erori egin zen. Bizirik irten zen mirariz, baina gerritik behera elbarri geratu zen, eta horri aurre egiten ikasi behar izan du geroztik. Pelikula honek istripu arrez geroztik, Brettek dituen oroitzapenen inguruko kontaketa egiten du, eta gaur egun nola dabilen ere erakusten du. Oso pelikula gordina da, gai oso potenteak jartzen baititu mahai gainean; jasandako depresioa, bere buruaz beste egiteko hausnarketak, bizipozak eta sexu harremanak nola bizi dituen, besteak beste. Pelikula oso ona da.

Azkenean, errealitate bat erakusten du, ezta?

Bai, eta askotan eta gehienbat, kirol kutsuko gauzetan bekatu bat dago; hau da, norbaitek zerbait txarra azaldu behar duenean beti kameraren aurrean superwoman edo superman izango balitz bezala azaldu behar duela. Erronka guztiei aurre egin diezaiokegula erakusteko modua izango balitz bezala, baina Quin Brett ez da eredu sentitzen eta ez du horrela erakutsi nahi; hau da, bere burua ez du eredu bezala saldu nahi. Brett parke nazionaletan dabil lanean elbarritasuna edo ezintasunak dituzten pertsonentzako txangoak eta horrelako ekimenak sustatzen.

Dokumental hau, adibidez, Bilbon Sari Nagusia irabazi zuenez, ezinbestean sartu behar genuen lan bat da, eta bestea, berriz, Euskarazko Film Onenaren Saria jasotzen duena izaten da, eta hori Agur Artzai da. Zinematografikoki bereziki oso ondo eginda dagoen pelikula bat da. Goxo-goxoa, artzaintza imajinatzen duzun bezalakoa da, lasai-lasaia eta oso fina. Julen Zubiete bizkaitarrak zuzendutako obra da. Gorbeian geratzen diren azken artzainetako baten, Joseren, kontakizunak erakusten ditu. Zubietek zuzendari lanak egin dituen lehenengo lana izan da, gainera, eta mutil honek kristoren etorkizuna duela uste dut. Tartean Paula Olaz nafar musikagilearen soinu bandaren doinuak entzun daitezke, eta pieza oso polita da.

Tolosan ondo hartzen den jaialdia da?

Oso ondo, eta taldea osatzen dugun denok arabarrak, bizkaitarrak bereziki, eta gipuzkoarrak gara. Tartean, Ramon Olasagasti berrobitarra ere ibiltzen da itzulpen lanak egiten. Olasagasti eta biok harro gaude jaialdia Tolosara ekarri zenetik jaso duen erantzunarekin. Tolosan izaten den publikoa ez da eskualdekoa izaten soilik, Donostialdetik, Goierritik, Urolatik... ere jende pila etortzen da, baita Leitza aldetik, Araitz-Betelutik, edo Iruñerri aldetik ere.

Kirolari eta komunikazioari lotuta eman du Aitor Elduaienek bere ibilbide profesionala. 
Lehen argazkian, Euskadi Irratiko esatariak ageri dira: Xabier Usabiaga, Aitor Elduaien 
bera, Txomin Perurena eta Joxe Mari Apaolaza, 2004ko Vueltako kontakizuna haiek egin zuten. 

Erdian, goran. Pangea espedizioari buruz Ander Izagirrek idatzitako Los sotanos 
del mundo liburuaren aurkezpenean, Aitor Elduaien aurkezle lanetan, 2005ean.
Erdian, behean. 2005ean eta 2007an, Aitor Elduaien, Euskal Bizikletan esatari gisa.
Eta eskuinean, Carlos Peña igerilari tolosarra elkarrizketatzen, Guiness errekorra aurkezteko orduan, 2005ean.

Beraz, ingurukoek ere gustura jasotzen dute.

Bai, geroz eta gehiago, gainera. Gaitegietan denetik izaten dugu. Batzuk gai zehatz baten inguruko filmak eta dokumentalak eskatzen dituzte, eta beste batzuk, berriz, gai zabalagoen inguruan. Hala ere, denek oso gustura jasotzen dute urtero ekartzen dugun programazioa.

Mendi Film Festival jaialdiko komunikazio arduraduna zara. Nola suertatu zitzaizun bertan lanean hasteko aukera?

2008ko kontu hartan hiru lagun elkartu ginen. Mendiaren aitzakiarekin aspalditik elkar ezagutzen genuen, eta oso harreman ona genuen gure artean. Eduardo Martinez Bati zen bat, Gasteizko eskalada munduko artista bat, kirol ekitaldiak antolatzen diharduena. Jabier Baraiazarra zen bestea, jaialdiko arduradun nagusia dena, eta aldi berean nazioarteko erakunde oso potente bateko presidentea, International Alliance for Mountain Film. Baraiazarra berak Pou anai arabar eskalatzaileen proiektu berezi bati jarraipena egin zion, 7 pareta 7 kontinente izenekoa, eta haiekin ibiltzen zen lanean Euskal Telebistarako edukiak sortuz. Nik Euskadi Irratian lan egin nuen garaia izan zen hura, eta asko jarraitzen nuen haien ibilbidea. Baraiazarra eta biok maiz amets egin genuen euskal mendi zinemaldiaren ideiarekin, eta Eduardo Martinezekin ere antzera gertatzen zen, eta, bat-batean, amets horietako bati tiraka hasi eta jaialdia sortu genuen.

Beraz, kirolari amorratua izan zara betidanik.

Gaztetatik denetarik egindakoa, baina bereziki atletismoa eta triatloia ditut gustuko. Mendia ere bai, noski. Normalean, estilo horretako kiroletan jardun izan dut beti.

Eskualdean antolatu izan diren probetan ere ikusi zaitugu.

Bai parte hartu izan ohi dut, eta alde bietara, gainera. Hau da, nire komunikazio puntu edo gaitasun horretatik ere esatari bezala aritu izan naiz antolakuntzan lanean, bereziki, hemen, Tolosan, antolatu izan diren mendi lasterketetan eta kirol proba askotan. Nik beti aitortu izan dudan bezala, herrian herritarrak gure aletxoa jarri edo eman behar dugu, eta horregatik zerbait eskaini didaten unean beti hor egoten saiatu naiz.

Kirola afizio, baina kazetaritza duzu ofizio. Nondik datorkizu kazetari izateko pasioa?

Ez da txikitatik daukaten zerbait, nerabezaroan garatzen joan nintzen zerbait baizik. Idatziz baino, bereziki hitzez hobeto moldatzen naizela esango nuke. Jendearen aurrean hitz egiteko gaitasun hori eduki dut betidanik, eroso sentitu naiz eta gustura aritu naiz horrelako gauzak egiten, gainera. Beraz, inertzia batean, hortik abiatzen da kontua. Hemen herri mailako ekitaldi batean edo bestean aurkezpenak egiten hasi nintzen, eta neure burua pixkanaka bideratzen joan, eta konturatu nintzen Kazetaritza Lizentziatura egin nahi nuela. Azkenean, karrera egitea erabaki nuen. Ikasten nengoela Euskadi Irratian ibili nintzen zazpi urtez, Gazteako Irrati Formula eginez. Holako programetan hasi nintzen, eta irratian lanean egon nintzen buru-belarri. Guztira 22 urtez egin dut lan irratian, nahiz eta tarteka idatzizko prentsan edota telebistan lantxo batzuk ere egin izan ditudan. Baina betidanik irratian ibili izan naiz bereziki. Mendi Film Festival jaialdiari fundamentuarekin eutsi diodanez geroztik, komunikazio munduan murgildu naiz gehiago, zaletasun hori elikatzeko asmoarekin.

Nola gogoratzen dituzu kazetari bezala lan egin zenituen lehen urteak?

Agian, kazetari sentitu gabe, hau da, saltsan ari nintzenaren sentsazioa nuen gehiago, zerbait ezagutzen ari nintzela, dagoeneko lan munduan sartuta nenbilela jakin gabe. Oroitzapen horrekin gogoratzen ditut lehen urteak, baina onartzen dut gerora ia kazetari sentitu naizela. Azkenean, urteak hartzea bezala dela uste dut, ezagutza bat hartzen duzu, baita kontzientzia bat ere. Aurreneko urteak dibertimendu batekin lotzen ditut gehiago, abentura batekin edo ondo pasatzeko une batekin. Azkenean, suertez hori nire ogibide sortu zen.

Irratian maiz entzun izan zaitugu, baina 'Tolosaldeko Hitza'-n ere utzi dituzu aztarnak.

Bai, Egunero-ren sorreratik. Abentura bat izan zen, eta oso-oso polita gainera. Garai haietako oroitzapen oso onak ditut. Ni bertan nenbilen, dantzan, gauza desberdinak probatzen. Hemengo bi lagunekin bizikletako bidaia bat egiten ari ginen Hego Ameriketan. Oso noizean behin ikusten genituen korreoak, baina halako batean korreora sartu eta buzoian Martxelo Otamendi egun Berria egunkariko zuzendariaren mezu bat nuen, proiektu berri baten eskaintza batekin, amua jarriz nolabait. Proiektu hura azaldu zidan; euskarazko egunkariaren inguruan hitz egin zidan, hain zuzen, eta bertan murgiltzeko proposamena luzatu zidan. Lagunekin egiten ari nintzen bizikleta bidaia eteteraino heldu nion amu horri. Bidaia gauzatzeko hiru hilabeteko kalkulua genuen. Nire beste bi lagunek bidaia jarraitu zuten baina nik hilabete eta erdiko ibilbidea eginda neramala, amuari heldu nahi niola erabaki eta etxera bueltatu nintzen.



Etxera iritsi bezain laster, segituan hasi nintzen lanean. Ez nuen asko iraun, lehenengo urteak bakarrik egon nintzen, urte pare bat besterik ez ziren izango. Proiektuaren lehen bultzadan parte hartu nuen, nolabait. Oso oroitzapen polita daukat. Lantalde txikia ginen, eta dena berri-berria zen guretzat. Gainera, dena gure gain jarri zen, eskualdean ilusio handia zegoen, eta ilusio horri erantzun behar geniola ikusten genuen. Lehen pauso hori ematen oso ondo asmatu genuela uste dut. Horren ostean, oso garai gogorrak etorri ziren. Izan ere, Egunkariaren itxiera etorri zen. Egunero-ren mantxetak, Tolosako gure erredakzio fisikoak bezala, pisuzko indarra izan zuen bidegabekeria hari erantzuna emateko garaian.

Oroitzapen gazi-gozoak dituzu, beraz.

Bai, eta, aldi berean, Tolosako Inauterietako oroitzapenak ere baditut. Hau da, inauterien berri emateak zein lan ematen zuen. Horiek bizitu eta parranda egin nahi zenuen, baina bestalde, lana egin behar genuen. Hala ere, dena uztartzea lortzen genuela uste dut, lanak banatu, antolatu eta oso oroitzapen onak dauzkat.

Nolakoa izan zen irratian izan zenuen ibilbidea?

Zazpi urtez aritu nintzen Euskadi Gaztea Irratian. Eskualdean Egunero proiektuan aritu ondoren, hori uztea erabaki nuen, eta Euskadi Irratira egin nuen salto. Euskadi Gaztea irratian ibili nintzen garaian 17 edo 18 urte inguru izango nituen, karrera hasi baino aurreko udaran, hain zuzen. Hori dibertimendu bat izan zen niretzat. Ikasi, ikasi nuen, baina Euskadi Irratira salto egin nuen horretan, heldutasunera salto egitea bezalako sentsazioa izan nuen. Izan ere, kirolak lantzeko gaitasuna eta zaletasuna uztartu nituen, eta bidaien inguruko programa bat ere egiten ibili nintzen.

Oroitzapen gaziarekin bukatu zenuen Euskadi Irratiko ibilbidea, ordea.

Oso garai traumatikoa izan 2015. urtea. Oposizio moduko istorio erraldoi bat etorri zen. Garai horretako lan baldintzak zehazten zuten moduan, bertan lan egin nahi banuen oposizio horiek gainditu behar nituen, edo bestelakoan kalera. Bat-batean ebazpen bat etorri zen, non gure hizkuntza gaitasuna balioan jartzen zen. Eta euskaraz irratigintza egiteko gai ez nintzela irakurrita, aukera guztietatik kanpo geratu nintzen. Ebazpen hark sekulako mina egin zidan, kolpe handia izan zen. Beti izan dut esku beltzak egon zirenaren susmoa, agian ez kaleratu gintuztenon aurka, baina bai beste batzuen alde egiteko. Horrela izan edo ez, kontua da irratitik kanpo geratu nintzela prozesu hartan. Oso egoera traumatikoa izan zen hori, hain hotz utzi behar izatea hainbeste maite nuen lanbidea.

Zortzi urte igaro dira geroztik. Bere garaian esaten nuen ez nekiela hau urtebeteko haserrealdia izango zen edo zenbat iraungo zuen haserrealdi horrek, eta hala bazen ea noiz emango niokeen buelta egoera honi. Eta, noski, beti izan dudan zalantza izan da ea noiz izango nukeen aukera berriro mikrofono baten aurrean jartzeko. Oraindik ez da iritsi une hori, baina gogoa ez zait falta. Orain ere ez.

 

«Harreman batean gertatzen den bezala, pasio horri eusteko gai baldin bagara tira egiteko indarra izaten dugu, eta gu buru-belarri horri tiraka jarraitzen dugu»



Hala ere, beste ate batzuk zabaldu eta bide berriak jorratzeko aukera izan zen hori, ezta?

Hori da. Orain, adibidez, Mendi Film Festival jaialdiko kontuarekin buru-belarri sartuta nabil, proiektu honekin aurrera jarraitzeko geroz eta gogo gehiago dudanaren sentsazioa dut, gainera. Azkenean, nire ofizio bihurtu den lagunarteko istorio bat izan da, eta oraindik ere pasio horri eusten diogu. Harreman batean gertatzen den bezala, pasio horri eusteko gai baldin bagara tira egiteko indarra izaten dugu, eta gu buru-belarri horri tiraka jarraitzen dugu. Neure buruari aitortzen diot, nire bizitzan etapa desberdinak bizitu izan ditut eta bizituko ditut, eta hau ere beste batzuetan bezala iraungi daiteke. Oraingoz bide onetik doa. Ez dut neure burua bertan urte luzez egongo naizen edo ez aurreikusten, ez dakit zer gertatuko den, baina orain honetan buru-belarri ari naizela, bai, baieztatzen dut. Neure buruari ere aitortzen diot nolabaiteko gaitasun kamaleoniko bat dudala; hau da, batean ez bada, beste batean moldatuko naiz. Orduan, egoera berrietara egokitzen jakin behar dela ezinbestekoa dela uste dut. Zerbait berria datorrela? Ba egokituko gara!

 

«Nire ofizio bihurtu den lagunarteko istorio bat izan da, eta oraindik ere pasio horri eusten diogu»



Zure ibilbidea ikusita, gainera, horretarako arazorik ez duzu.

Ez dakit hori seinale ona edo txarra den, baina argi dudana da aberatsa dela. Zenbaitek ez dela egonkorregia esango dute, baina ni betetzen nau, guztiz, gainera.

Kazetaritza munduan bilakaeraren bat egon dela uste duzu?

Nik denbora luze honetan, eta kazetaritza bizitu eta ezagutzen dudan esparru mugatu horretan, sekulako aldaketa pila bat egon direla esan dezaket. Nik aipatu ditzaketen artean, unibertsitatean, adibidez, maketazioa eskuz egiten ikasi genuen; hau da, egunkari eta aldizkariak eskuz maketatzen genituen. Garai haietan idazmakinak erabiltzen ziren oraindik. Iraultza nagusia etorri da Internetarekin, dudarik ez dago, eta horren segidan, informazio guzti hori hain eskura edukitzeko gailuak. Hori oso interesgarria izan dela uste dut, batik bat, kazetari dena zer eduki behar duen erakusten duelako, eta oinarri printzipalenetik hasita kazetari batek horri aurre egiten erakutsi behar duela uste dut. Izan ere, hor ikusten da zeinek daukan pasioa eta balioa kazetari izateko, eta zeinek ez. Oso erraza da bestela, mugikorra hartu eta listo. Gailu honek nahi duzun informazio guztia ematen dizunez, listo, horrekin nahikoa daukagu landu behar duguna lantzeko. Hori ez da horrela. Kazetari batek kezkatu behar du, kritikoa izan behar du eta informazioa bilatu eta kontrastatu behar du, ahal dela iturrietara joz.

 

«Leku desberdinetako jende pila bat elkartzen duen bilgune bat sortzen da»



Amaitzeko, nola animatuko zenituzke eskualdeko herritarrak Leidorren eskainiko duzuen Mendi Tour jaialdia ikustera joateko?

Inspirazio bila etortzeko, eta oxigeno edota arnasaldi handi bat jasotzeko prest egoteko, oso programazio polita, aberatsa eta zabala baitaukagu. Hortik aurrera betikoa esango nieke. Baina bereziki azpimarratu nahiko nuke leku desberdinetako jende pila bat elkartzen duen bilgune bat sortzen dela. Atmosfera oso aberatsa sortzen da, eta aukera ematen dizu ideia eta proiektu berriak sortu eta garatzeko.

 

«Atmosfera oso aberatsa sortzen da, eta aukera ematen dizu ideia eta proiektu berriak sortu eta garatzeko»

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!