Elkarrizketa

«Denboraldian disfrutatu ez dudana disfrutatu nahi dut orain»

Imanol Garcia Landa 2023ko mar. 1a, 11:59

Argazkia: BASQUE TEAM

Arnas aparatuan birus bat izan du Imanol Rojo iraupen eskiatzaile tolosarrak eta ondoren biriketan infekzioa, eta horrek eragotzi dio berak duen maila erakustea denboraldian zehar.

Iraupen eskiko Munduko Txapelketa jokoan da Planican (Eslovenia). Astelehenean abiatzekoa zen Imanol Rojo (Tolosa, 1991) bertara, igande honetan klasiko erako 50 kilometroko proban parte hartzeko. Berez hiru probatan hartu behar zuen parte tolosarrak, baina osasun arazoak izan ditu eta bakarrean parte hartzea erabaki du.

Zer moduz zaude osasun aldetik?

Azken bi egunetakoak [aurreko ostiralean egin genion elkarrizketa] azken hilabeteetako entrenamendu onenak izan dira. Orain pozik nago, normal entrenatzen ari naiz.

Azken hilabetea zure kirol ibilbideko okerrena izan dela azaldu duzu zure blogean.

Bai, horrela da. Ez nuen oso ondo hasi denboraldia. Osasun arazo batzuk izan nituen, baina ez hainbeste. Gero, Frantziako Munduko Kopa egin nuenean, arnas falta izan nuen, eta hortik aurrera dena arazoak izan ziren.

Arnas aparatuan birus bat izan duzula aipatzen zenuen.

Tour de Ski gaizki egin nuen, birus bat izan nuen eta. Eta ondoren, arnas falta izan nuen Frantziako Munduko Kopan, eta larrialdietara joan nintzen. Medikuek ikusi zuten biriketan infekzioa nuela, eta horrekin egon naiz azken hilabetean. Entrenatzen hasi eta buelta eman behar izaten nuen. Zaila izan da prozesu osoa guztiz sendatu arte, eta horrek eragotzi dit kirola ondo egitea.

Munduko Txapelketa dagoeneko martxan dago, eta zuk proba bakarra egitea erabaki duzu.

Bai, ikusita osasun arazoak izan ditudala, entrenatzailearekin eta medikuarekin erabaki genuen proba bat bakarrik egitea. Orain ondo nago, baina lehiatzeko ez. Oraindik hamar egun geratzen dira 50 kilometroko probarako eta egun gehiago izatea ondo datorkit hobeto osatu eta ahal den heinean sasoian jartzeko proba horretarako.

Eta zer espero duzu egitea 50 kilometroko proba horretan?

Lehen nituen aurreikuspenak pixka bat jaitsi egin behar dira. 50 kilometroko proba oso gogorra da eta ondo prestatuta egon behar da. Nik nahi dudana da bertara iritsi eta azken hilabeteetan disfrutatu ez dudana disfrutatzea. Ahal dudan postu onena aterako dut, baina ez naiz zenbaki jakin batetan pentsatzen ari.

Proba hori zure kuttunena dela esan izan duzu.

Bai, eta horregatik hartu nuen erabakia, eta ahal dudan ondoen egiten saiatuko naiz.

Munduko Txapelketaren ondorengo agenda nola izango duzu?

Ondoren Munduko Kopako bi asteburu gehiago daude, eta Europako Kopako lasterketaren bat egitea ere gustatuko litzaidake, denboraldi honetan ez baititut lasterketa asko egin osasun arazoengatik. Beraz, guztira beste hiru asteburu gehiagotan lehiatuko nintzateke.

Espainiako Txapelketan parte hartzeko asmoa duzu?

Kontua da azkeneko Munduko Kopako probak bat egiten duela Espainiako Txapelketarekin, eta ziurrenik ez naiz Espainiakora joango.

Denboraldi hasieran egindako elkarrizketan esan zenuen maila profesionalean jarraitzeko erabakia lortutako emaitzen arabera hartuko zenuela. Ikusita nola joan den denboraldia, planteamendua aldatuko al duzu?

Osasun kontu hauekin pasatakoak aho zapore gazia utzi dit. Ezin izan dut dudan dena eman lasterketetan. Esan nuen Munduko Txapelketan lortutakoaren arabera erabakiko nuela, baina ikusiko dut denboraldi bukaeraraino zer emaitza lortzen ditudan, eta orduan erabakiko dugu.

Alor fisikoa garrantzitsua da kirolean, baina alor psikologikoa ere hor dago, eta are garrantzitsuagoa bihurtzen da horrelako denboraldi bat izan eta gero.

Oso gogorra izan da, hasieratik gaizki joan delako. Saiatzen eta saiatzen aritu naiz, baina kirola horrela da, eta alor psikologikoa ere zaindu egin behar da. Horretan ari gara orain, ea gertatutakoak ez digun eragiten eta aurrera jarraitzen dugun ahal bezain ondoen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!