Tolosako Jabetzeko Eskolak 18 jarduera antolatu ditu udaberrirako

Ataria 2023ko mar. 1a, 11:00

Martxoaren 20tik ekainaren 14a bitartean hitzaldiak, tailerrak, ikastaroak, irakurketa taldea edota batukada  egingo dituzte.

Jarduerez beterik dator Tolosako Jabetze Eskolaren udaberriko egitaraua. Guztira 18 dira antolatutako jarduerak, Tolosaldea Garatzeneko Aniztasun sailarekin edota udaleko beste hainbat sailekin elkarlanean, hala nola, Kultura, Gazteria, Kirola sailak eta Gazte Topagunea. Egitarauaren barruan, mota askotariko jarduerak daude: tailerrak, hitzaldiak, ikastaroak, irakurketa taldea eta batukada.

Jabetze Eskolak emakumeen ahalduntzea eta parte hartze soziopolitikoa sendotzea ditu helburu, gizarte justu, anitz eta osoago bat lortzeko. Horrela, berdintasuna eta feminismoa ardatz hartuta, mota askotariko jarduerak eskainiko ditu aurtengo udaberrian ere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren bidea lantzeko bizitza pertsonalean, kolektiboan, sozialean eta politikoan baliagarriak diren tresna berriak eskainiz. 

Horiek horrela, egitaraua lantzeko garaian kontuan hartu dituzte Jabetze Eskolako ikasleek, Berdintasun Kontseiluko kideek edota Topagunean parte-hartzen duten neska nerabe zein gazteek egindako proposamen eta iradokizunak. Horri jarraiki, udaberrirako aurkeztutako egitarauaren barruan jarraipena izango dute orain artean arrakastatsuak izan diren eta parte-hartzaileen artean harrera ona izan duten ikastaro, tailer eta taldeek, hala nola euskarazko zein gaztelaniazkoa irakurketa taldeak (liburu egile berriekin) edota ikasketak homologatzeko saioak.  Autoestimua eta zaintza emozionalaren lanketak ere jarraipena izango du, banaka zein taldeka, kasu honetan maitasunarekin, heriotzarekin eta gorputzekin lotutako ikastaro eta tailer berrien bitartez. 

Arteak ere bere lekua du egitarauaren baitan, gai eta teknika artistiko berriekin, baita batukadak, etxeko autonomia eta autosufizientzia programazioko jarduerek, indarkeria haurtzaroan, neska nerabe eta gazteentzako autodefentsa feminista tailerrak edota Tolosako eta eskualdeko emakume kirolarien esperientziei buruzko hausnarketa saioak ere. 

Hauek dira udaberrirako antolatutako ekintza batzuk: 

  • Emakumeak eta maitasuna: berdintasunean maite
  • Xilografia tailerra (linoleo gainean): Sormena eta aldarrikapenak
  • Biodantza: beste begirada
  • Argazkilaritza dokumentala begirada feministetatik
  • Euskal emakume idazleen irakurketa feminista taldea
  • Batukada feminista Munduko emakumeen literatura taldea
  • Munduko emakumeen literatura taldea
  • Sormen akelarrea! Hartu pintzelak eta dibertitu!
  • Hil Arte Bizi: heriotzaren aurrean ere, gure erara
  • Oinarrizko iturgintza tailerra
  • Emakume margolariak itzalean: piztu ditzagun argiak!
  • Emakume kirolariak: esperientziak, lorpenak eta erronkak
  • Autodefentsa Feminista (11-16 urteko neska gazteentzat)
  • Haurtzaroko indarkeriatik haurtzaroko sexu-abusuetara

Egitarau guztia hemen ikusgai

Guretzako: jatorri anitzeko emakumeentzako gunea

Ohi bezala, udaberrian ere beste hainbat ekimen berezi antolatu dira Jabetze Eskolako Guretzako gunean garatzeko. Espazio hori jatorri anitzeko emakumeentzako aisialdi, laguntza eta elkartasun espazioa da, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailarekin elkarlanean garatzen dena. 

Lau ekintza egingo dira espazio horretan:

  • Nik ere ikasketak ditut. Nola homologatu?, hitzaldia.
  • Antzerki terapeutiko tailerra
  • Xaboi naturalak egiten ikasteko tailerra: 2. Fasea
  • Sendabelarren tailerra 

Izena ematea zabalik

Ekintza horiek guztiak martxoaren 20tik ekainaren 14a bitarte eskainiko dira eta ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea. Horretarako, matrikulazioa martxoaren 2an zabalduko da Tolosakoudala.org/berdintasuna webgunean eta interesdunek ekintzaren data baina bi egun lehenago arte eman ahal izango dute izena. 

Zailtasunik izanez gero, informazioa edota laguntza eskatzeko 943 67 03 83 telefonora deitu edo berdintasuna@tolosa.eus helbidera idatzi edo Kultur Etxera gerturatu.  

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!