ELKARRIZKETA

«Ezjakintasunaren apaltasunetik sortu den proiektua izan da»

Leyre Carrasco 2023ko mar. 5a, 07:59

Irati Maritxalar tolosarra. L. CARRASCO

Irati Maritxalar tolosarrak 40 egunez India ezagutu eta bueltan ekarri duen proiektua da Ineh. Indian bizitakoa bitxigintzaren bidez helarazi nahi du eta bide batez, herrialdeari buruzko aurreiritziak apurtu.

2022ko udan Indiara egindako bidaiaren ostean sortu zuen Irati Maritxalarrek (Tolosa, 1993) Ineh proiektua. Indiako kulturaren zati bat Euskal Herrira ekartzea, eta herrialdearen inguruan sortu diren aurreiritzi guztiak apurtzea du helburu. Horretarako, Indiako bitxiak eta piezak eskaintzeaz gain, bertako kulturaren kontakizuna ere egiten du tolosarrak. Horrekin batera, proiektu horren bitartez ateratako etekinen zati bat Baavra izeneko Gobernuz Kanpoko Erakundera zuzendu du, elkarlana bultzatuz.

 

«Sortu diren aurreiritzi guzti horiekin mozteko helburua ere duen proiektua da Ineh»



Nola sortu zitzaizun Indiara bidaiatzeko aukera?

Hasiera batean, nire ideia ez zen izan Indiara joatea. Pandemiaren egoerarekin ezin izan nuen nik nahi nuen tokira bidaiatu. Beraz, helmuga aldatu behar izan nuen. Nik argi nuen norabait joan nahi nuela, baina pandemiak utzitako ondorioak kontuan hartuz bidaiatzea posible  zen herrialdeak aztertu behar izan nituen. India ez zen sekula neure buruan egon. Egia da banuela intentzioa edo gogoa, baina ez zegoen nire lehenengo aukeren artean. Kasualitatez, nire lagun bat bertan egon zen, eta bere bitartez herrialdearen inguruan informatzen hasi nintzen: zein egoeratan zegoen, zein egoera bizi ahal nituen bertan, zer ikusi ahal nuen eta abar. Tolosako emakume bat bertan bizi zela kontatu zidan, beraz, berarekin harremanetan jarri eta berehala bere etxeko ateak zabaldu zizkidan. Bultzada horrek lagundu zidan bertara joaten.



Bakarrik joan zinen?

Bai, ni bakarrik, neure buruarekin.

Opor txiki batzuk igarotzeko asmoarekin joan zinen edo zein helbururekin bidaiatu zenuen?

Asko bidaiatu duen pertsona naiz, baina motxilera bezala ez nuen sekula bidaiatu, eta uste dut esperientzia hori bizitzea falta zitzaidala. Horregatik, Indiara motxilera moduan bidaiatzeko aukera ona izango zela pentsatu nuen.

Pauso handia eman zenuen, beraz.

Inguruan zegoen guztia ikusi nahi nuen, eta bertatik mugitzeko erraztasuna bilatu behar nuen. Banekien Indian bertan trenen kontua oso ondo antolatuta dagoela, beraz, erraztasun horrek ere motxilera bezala joateko erabakia hartzen lagundu zidan. Hala ere, bertako toki asko oraindik ikusteko geratu zaizkit.

Zerk erakarri zintuen gehien Indiatik?

Kontraesanak baditut. Gogorrena izan zen ni bertakoen erdigune sentitzea, egunero nigan begiradak nabaritzen bainituen. Bestalde, egia da beti laguntzeko prest daudela; hau da, bertako miseria eta pobrezia guztia kontuan hartuta ere, daukaten gauza apur hori eskaintzen dizute. Orokorrean, uneoro laguntzeko joera dute. Horixe bera izan zen nik izandako esperientziaren bitartez sentitu eta jaso nuena.

Indiako kulturaren zati bat Euskal Herrira ekartzea erabaki zenuen.

Ez zen ezer pentsatua izan. Geldialdi luze bat egin nuen; hau da, Indian igaro nituen 40 egun horietako hamabost toki finko batean igaro nituen. Egun horietan jende asko ezagutu nuen, eta horietako lagun batek hango bitxiak gurera ekartzeko proposamena luzatu zidan. Hasieran, ideiak ez ninduen konbentzitu, bitxigintzaz ezer gutxi nekielako. Gero, ordea, proiektuak forma bat baino gehiago har zezakeela pentsatu nuen. Ez nuen garbi nolakoa izango zen, baina hona iritsi bezain pronto proiektu horri forma ematen hasi nintzen. Bizitzan pare-parean jarri zitzaidan proiektua, eta aurrera egitea erabaki nuen.

Eta, orduan, Ineh sortu zenuen. Zer da?

Pieza kopuru txikia ekarri nuen hasieran. Ez nekien zein izango zen horren ideia zehatza, baina argi nuen bertako zati bat ekarri nahi nuela. Bertan ikusi eta ezagutu nuen guzti hori hemen transmititzea pentsatu nuen eta horri forma ematen hasi nintzen. Saiakera horretan ari naiz eta proiektua garatzeko pixka bat geratzen zait oraindik. Izan ere, nire lanetik aparte aritzen naiz eta ez daukat nahi beste denbora.

Azkenean, sare sozialen bitartez proiektua ezagutzera ematea erabaki nuen, eta Indiatik ekarri nituen bitxiak aitzakia bezala erabiltzea. Bitxi bakoitza informazio ohar txiki batekin doa eta bertan Indiako errealitatearen berri ematen saiatzen naiz. Horrez gain, bertan atera nituen argazkiak ere igotzen ditut nire sare sozialetara, eta ezagutu nituen bitxikeria horiek jendeari kontatzen dizkiot. Azkenean, India herrialde oso potentea da, gauza oso gogorrak ikusten dira, eta kanpoan ikusten denaren inguruan kontzientzia izan beharko genukeela uste dut. Epe motzeko proiektua izango da, baina jendearengan eragiten saiatuko naiz.

 

«Jendearengan  eragiten saiatuko naiz»



Bitxiez gain, beste zerbait saltzeko ideia duzu?

Nire aparteko lana daukat, eta oso zoriontsua naiz bertan. Hau gehigarri bat da. Nire barruan sentitu nuen hau egin behar nuela, eta aurrera egitea erabaki nuen. Honekin aurrera jarraitzea gustatuko litzaidake, baina bitxi gutxi batzuk ekarri nituen eta printzipioz horiekin amaitzea da asmoa.

Zein materialez osatuta daude?

Batzuk brontzezko bitxiak dira eta beste batzuk Indiako harriekin sortuak.

Zer da bitxi bakoitzarekin zehazki transmititu nahi duzuna?

Pieza bakoitzak bere izena eta esanahia du. Adibidez, duela gutxi bi lagunek Ganesha izena duen bitxia erosi zidaten. Shivaren eta Pavartiren semea da, elefantearen burua eta giza gorputza duen jainkoa, arazoen uxatzailea. Hala ere, hau guztia lantzen ari naiz oraindik eta pixkana forma ematen ari naiz.

Nondik dator Ineh izena?

Ineh-ek Indiatik Euskal Herrira esan nahi du, hitz bakoitzeko lehenengo bi hizkiak hartuta sortu dut, eta proiektu honek bi herrialde horien arteko lotura bilatzen du. Indiako errealitatea hemen transmititzea eta gurean ateratako etekinaren zati bat Indiara bidaltzea da helburua. Azkenean, niri bidaiatzea asko gustatzen zait, begirada zabaltzeko aukera ematen didalako. Horregatik, proiektu hau oso aberasgarria ari da izaten.

Duela gutxi hasi zara proiektuarekin, baina nolako harrera ari da izaten?

Oso-oso ona. Ez nuen batere espero. Une batean harrituta geratu nintzen izaten ari zen harrerarekin. Sare sozialetan sartzean argi eta garbi zehazten da zerbait xumea dela Ineh eta ezjakintasunaren apaltasunetik sortu den proiektua izan dela. Azkenean, India bera ulertzea ez da erraza, historikoki, kulturalki edota erlijio aldetik duen guztia kontuan hartuta. Nik oso argi nuen nire proiektua umila izango zela, baina bai, espero nuena baino harrera hobea ari da izaten. Lagunek eta familiak pila bat lagundu didate, eta baita hainbesteko harremana ez dudan pertsonek ere. Asko izan dira proiektua gustatu eta partekatu dutenak. Jende gehienak ulertu du helburua ez dela izan soilik bitxiak saltzea eta are gutxiago negozio bat sortzea.

 

«Jende gehienak ulertu du helburua ez dela izan soilik bitxiak saltzea eta are gutxiago negozio bat sortzea»



Ateratako etekinen zati bat Baavra izeneko Gobernuz Kanpoko Erakundera bideratuko duzu.

Hori da. Proiektuaren asmoetako bat hori izan zen. Argi dut nik hemendik ez dudala etekin handirik aterako, eta etekinaren zati bat Indian bere etxeko ateak zabaldu zizkidan tolosarraren elkarteari bideratzea erabaki nuen. Niri erakutsi eta eman zidatena eskertzeko modua da, eta hemen ateratako etekin hori bueltan doa. Izan ere, han egon nintzen 40 egun horietan asko lagundu zidaten, eta nire laguntzeko modua da.

Zein da Baavra elkartearen jarduna?

Egoera oso larrian dauden haurrekin egiten dute lan, etorkizun hobea izan dezaten. Emakume tolosar batek sortu zuen elkartea da eta alde horretatik banuen gertutasun eta segurtasuna, banekien diru hori nora zihoan. Esfortzu handiarekin sortu den zerbait izan da, egunetik egunera lan handia egiten dute eta nik nire aletxoa jarri dut.

Nola hartu dute elkartekoek zure proiektua?

Oso ondo, eskertuta.

Indiara bueltatzeko asmoa duzu?

Bai, bueltatu nahiko nuke. Hala ere, egia da mundua oso handia dela eta baditudala beste helmuga batzuk. Baina bai, bidaia horietako batean gustatuko litzaidake Indian geldialdi bat egitea. Esaten duten bezala, India maite edo gorrotatu egiten duzu, ez daukazu erdibideko sentimendurik. Eta nik biak bizi izan ditudala esan ahal dut. Oso herrialde potentea da, eta bertara joateko prestatuta egon behar da.



Proiektu honekin  Indiari buruzko aurreiritziak apurtzeko asmoa ere baduzu.

Bai, guztiz. Izan ere, ni hara joan aurretik pertsona batzuk herrialdeaz oso gaizki hitz egin zidaten. Indiaren inguruan beldur handia dagoelako dela uste dut, eta horregatik herrialde horren errealitatea transmititzen saiatu naiz nolabait; hau da, sortu diren aurreiritzi guzti horiek apurtzeko helburua ere badu Ineh proiektuak. Niri pertsonalki bertakoek izugarri lagundu zidaten. Ni bakarrik joan nintzen eta ez zitzaidan ezer gertatu. Bidaian zehar osasun arazok izan nituen eta bertako pertsona guztiak nirekin kezkatu ziren eta zaindu egin ninduten. Jaso nuen guztia hain aberasgarria izan zen, proiektuaren helburuetako bat aurreiritzi guzti horiek moztea ere badela. Bertara bidaiatu behar duen edonork ikusi eta biziko dituenak gogorrak bezain aberasgarriak izango dira.

Nola egin daiteke eskaera?

Instagram kontura —@ineh__— mezu pribatu bat idatzita egin daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!