Bi aldiz 11. egin du Eukene Larrartek Munduko Kopan

Ataria 2023ko ots. 28a, 16:00

Eukene Larrarte, kasko eta maiilot zuriarekin, taldearen erdian. RFEC

Munduko Kopako lehenengo hitzordua izan da asteburuan Yakartan, Indonesian, eta bertan egon da txirrindulari tolosarra, hiru probetan parte hartuz.

Larrartek parte hartu zuen lehenengo proba taldekako jazarpena izan zen. Tolosarrarekin batera, Tania Calvo, Laura Rodriguez eta Isabel Ferreres txirrindulariek parte hartu zuten, eta lau kilometroak 4.30,002ko denborarekin amaitu zuten. Ez zuten lortu aurrera egitea, eta orokorrean 11. postuan amaitu zuten.

Hurrengo proba madisona izan zen, eta bertan Larrartek Laura Rodriguezekin batera parte hartu zuen. Ondo konpondu ziren bien artean eta Europako Txapelketan hamargarren egin ondoren, oraingoan 11. izan ziren Munduko Kopan. Oso bizi hasi ziren bi eta hiru puntu eskuratuz lehen esprintetan, baina gero itzuli bat galdu zuten.

Hirugarren proba omniuma izan zen tolosarrarentzat, baina ez zuen bertan lehiatzerik izan, kanporaketa ez baitzuen gainditu. Lehen hamabi sailkatuek parte hartzen zuten proban, eta Larrarte hamahirugarren egin zuen kanporaketan.

Munduko Koparen bigarren hitzordua Karion, Egipton, izango da, martxoaren 14tik 17ra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!