Mintzoan kux-kux maletak eskuragarri Tolosako liburutegian

Jon Miranda Labaien 2023ko ots. 28a, 07:59

0 eta 6 urte bitarteko umeentzat 10 maleta dauzkate prestatuta liburutegian eta bertan sartutako materialarekin umeen artean literaturarekiko zaletasuna sustatu nahi dute.

Tolosako udal liburutegian 0 eta 6 urte bitarteko umeen artean irakurzaletasuna sustatzeko ekimena da Mintzoan kux-kux. Zortzina liburuz osatutako 10 maleta prestatuta dauzkate liburutegiko arduradunek eta umeek maileguan hartu ditzakete hiru astez. Adinaren arabera maletan sartzen duten materiala ere ezberdina da, eta beraz, 0 eta 3 urte arteko umeentzat bost maleta dituzte, eta beste hainbeste, 3 eta 6 urte artekoentzat.

2018an abiatu zuten ekimena Tolosako udal liburutegian, eta bertako arduradun Susana Larrek aipatu duenez, Galtzagorri elkarteak sustatutako Bularretik mintzora kanpainaren oinordekoa da. «Galtzagorrik haur eta gazteen artean euskarazko irakurzaletasuna bultzatzeko ekimenak sustatzen ditu eta egitasmo horietako bat da maletarena». Maletan album ilustratuak, poesia liburuak, hitz jokoak dituzten liburuak eta CDak ere sartu izan dituzte. Oraindik ere irakurtzen ez dakiten umeei kontatzeko, kantatzeko eta jolasteko baliabideak eskaintzen zaizkie.

«Sei urterekin hasten dira umeak irakurtzen, eta ez da momentu erraza, haurrek ahalegina egin behar baitute. Iruditzen zaigu, prozesu hori hezitzaileek lagunduta egin behar dutela, eta aurreko fasean, 0 eta 6 urte arteko epean ohitura horiek sustatzen baditugu gero errazagoa izango da akonpainamendu hori egitea», dio liburutegiko arduradunak. Maletan liburuekin batera, guraso edo hezitzaileentzako gomendio batzuk ere txertatzen dituzte liburuzainek. «Oso gomendio sinpleak dira. Irakurtzeko momentua aukeratu egin behar dela esaten dugu, umeak harkor egon behar duela, eta ez badu momentu hori konpartitu nahi ez zaiola behartu behar. Azken batean, literatura, umeetatik ondo pasatzeko aitzakia bat izan behar du umeentzat».

Liburuaren presentzia areagotzearen alde egiten du Larrek: «Nonahi irakurri daiteke, edozein izan daiteke une aproposa umearekin literatura konpartitzeko. Medikuaren kontsultan zain gaudela, autobusaren geltokian, parkean... Jostailuak poltsatik ateratzen ditugun bezala atera ditzakegu liburuak ere». Txikitatik momentu «politak eta baikorrak» sortu behar direla uste du Tolosako udal liburutegiko arduradunak, gero helduaroan, literatura horrelako momentuekin lotu dezaten.

Aukeraketa liburuzainek

Maletan sartzen duten materialaren aukeraketa liburuzainek egiten dute. Galtzagorri elkarteak urtero mintegi bat antolatzen du eta bertan haur eta gazte literaturaren arloan urtean ekoizten den material guztiari errepasoa ematen zaio. Bertan egokienak diren liburuekin zerrendak osatzen dituzte eta tokian tokiko liburuzainek maleta bertan egindako gomendioekin betetzen dute. «Ez dute zertan liburuak izan behar. Lo kantak, hitz jokoak, aho korapiloak... horiek ere literatura dira eta aitzakia bat izan daitezke umea zaletzeko. Ohitura hori sustatzea da kontua».

Euskarazko haur eta gazte literaturaren alorrean geroz eta gehiago ekoizten dela dio Larrek, baina aitortzen du, gaztelaniazko ekoizpenarekin alderatuta eskaintza urri geratzen dela. «Asko idazten da euskaraz, baino gehiago beharko genuke. Haur eta gazte literaturaren arloan itzulpenak botatzen ditut faltan». Oraingo aldi honetan, album ilustratuekin osatu dituzte Mintzoan kux-kux maletak, arlo honetan gaur egun dagoen eskaintza oparoari kasu eginda.

Eskuragarri daude, beraz, maletak Tolosako udal liburutegian. Liburutegi sareko txartela edukitzea nahikoa da, bertara gerturatu eta maleta eskuratzeko. «Gurasoak animatu nahi nituzke etorri daitezen eta maleta har dezaten. Sortu dezatela erritual bat, liburuak atera ditzatela altxor bat balira bezala eta partekatu dezatela momentu hori umeekin», esan du Larrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!