Adinekoen erorikoak saihesteko programa jarri dute martxan

Tolosaldeko Ataria 2023ko ots. 28a, 07:58

Inmakulada ikastetxean ari dira garatzen telerrehabilitazio proiektua; Uzturreko zentro sozialeko hamabi erabiltzaile eta beste bi adineko etxetik ari dira parte hartzen.

Inmakulada ikastetxea telerrehabilitazio proiektu bat ari da garatzen Tolosan. Adinekoen erorikoak eta hausturak prebenitzeko programa da, eta erabiltzaile bakoitzak bere etxetik egin ditzake ariketa horiek plataforma bati esker. Uzturre egoitzako zentro sozialarekin elkarlanean ari dira burutzen, eta bertako hamabi erabiltzaile eta beste bi adineko animatu dira programan parte hartzera.

Egiten ari direna, proiektu handiago baten parte dela azaldu du Ixa Imaz Tolosako Inmakulada Lanbide Heziketako irakasleak. «Sare digital aurreratuan, komunitateari osasun zerbitzuak eskaintzeko helburua du proiektuak». Tolosako Inmakuladak bi zati ditu proiektu horretan: bata, telerrehabilitaziokoa, eta bestea, datu babesei eta sistema informatikoei buruz praktika gela bat sortzea.

Sara Sudupe ikasleak azaldu duenez, Inmakulada ikastetxeko ikasleak aritu dira programa prestatzen: «60 ariketa grabatu genituen aitona-amonekin telerrehabilitazioko plataformara igotzeko, eta aitona-amonek ariketak egin ditzakete horrela». Otsailaren 3an hasi ziren lanketa egiten ikasleak. Vivitrail izeneko testa egin zieten erabiltzaileei, eta bakoitzari ariketa programa bat egokitu. Hala, hamabi aste iraungo ditu programak, Estitxu Labaka ikasleak kontatu duenez: «ordu erdian egiteko moduko ariketak dira, eta guk programa baten bidez, kontrolatu egiten dugu ea erabiltzaileek ariketak egiten dituzten edo ez eta hobekuntzak nabari diren; horretaz gain, hamabost egunetik behin beraiekin elkartzen gara aurrez aurre, eta horrela beraiekin ikusten dugu prozesua ona izan den eta zer moduz doazen».

«Oso gustura»

Maria Milagros Ayestaran Uzturre egoitzako zentro sozialera joaten da egunero, hiru orduz. «Oso gustura etortzen naiz, eta gazteak gugana etorriko zirela esan zigutenean poza hartu genuen; asko animatzen gaituzte gazteek, gazteak etortzen direnean beste animo batekin egoten gara». Egunero elkartzen dira egoitzan, eta talde ederra dutela dio: «Oso ondo moldatzen gara elkarrekin, batak ezin du besoa ondo mugitu, besteak ezin du aulkia ekarri, eta elkar lagunduz ibiltzen gara». Programan parte hartzearekin «onurak» izango dituztela argi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!