Alpino Uzturre mendi lasterketa taldea aurkeztu dute

Ataria 2023ko ots. 25a, 12:04

Ia 50 korrikalarik osatu dute taldea. 2015ean sortu zen mendi lasterkarien taldea, eta honakoa «bigarren fasea» izango da; taldea «suspertuta» itzuli da lehiara.

Alpino Uzturre mendi lasterkarien taldea 2015ean sortu zen lehen aldiz. Taldeak izan dituen aldaketak tarteko, jendearen joan-etorriak medio, bigarren fase bati ekin diote eta Josu Odriozola taldeko kideak zehaztu duenez, taldeak «suspertuta» abiatuko du mendi lasterketen denboraldia.

Ia 50 korrikalarik osatu dute taldea eta prest dira mendi lasterketetan parte hartzeko, lasterketa motz zein luzeetan lehiatzeko. Odriozolak esan du denboraldi hau trantsizio urte bezala hartuko dutela, taldea sortu berria delako. Eta hurrengo urtetik aurrera talde lehian murgiltzea aurreikusi dute: «Alpino Uzturretik errepresentazioak bidaliko ditugu txapelketetara, eta talde mailan emaitza onak lortzea espero dugu".

Hala ere, aurtengorako badute itxaropena: «Nesken taldea indartu nahi izan dugu, hamaika neska izango dira guztira, eta mutiletan ere badaude goi mailako korrikalariak, eta badakigu aurten poztasun bat baino gehiago emateko moduan izango direla».

Taldekide gehienak tolosarrak dira, baina inguruko herrietatik ere batu zaizkie taldera: «Ibarra, Anoeta, Irura, Orexa, Ikaztegieta eta inguruko herrietako jendea badaukagu, eta puntualki batu dira Lezo, Urnieta, Andoain edota Zumarragatik».

Alpino Uzturrek berea duen kolore urdinarekin atera dute korrikalariak identifikatuko dituen kamiseta. «Tolosarren identifikatuko duten talde bat izatea nahi dugu, herri mailako talde bat gara, adin guztietako jendea gaude; parte hartzea bultzatu nahi dugu, eta bide batez, Tolosan eta Tolosaldea mailan gure koloreak ondo identifikatuta geratzea nahi dugu», esan du Odriozolak.

Gaur goizean egin dute taldearen aurkezpena, Tolosako Trianguloa plazan. Bertan, taldera batu berri diren lasterkariei agurra dantzatu diete.

  • Alpino Uzturre taldeko emakumezkoak:

  • Alpino Uzturre taldeko gizonezkoak:

  • Alpino Uzturre taldea sortu zenetik dauden lasterkariak:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!