Amalur jardunaldiak egingo dituzte martxoaren 2tik 31ra

Irati Saizar Artola 2023ko ots. 24a, 19:59

Natura, bidaia eta antropologia ardatz hartuta, zazpi hitzaldi antolatu dituzte martxoan zehar, Amalur jardunaldien baitan, Topic aretoan; Afrikaren erronkari buruzko mintegi bat ere egingo dute.

Amalur jardunaldien hamazazpigarren edizioa iristear da Tolosara. Martxoaren 2tik 31ra, zazpi hitzaldi eskainiko dituzte adituek, Topic aretoan. Besteak beste, Beatriz Montañez, Amets Arzallus, Jordi Esteva, Patricia Almarcegui, Xavier Aldekoa, Asier Hilario eta Gabi Martinez izango dira hizlariak.

Zazpi hitzaldiez gain, horietako bakarra euskaraz eta beste bat elebitan, mintegi bat eta prestakuntza jardunaldi bat ere egingo dituzte, iaz egin moduan. Mintegia Xavier Aldekoak eskainiko du, martxoaren 20an eta 21ean, 30 lagunentzat, Afrika. Etorkizuneko kontinentea kontatzeko erronka izenpean. Hain justu, aste honetan lortu du Aldekoak kazetaritzako Ortega y Gasset saria, Afrikako Kongo ibaiaz egindako erreportaje batengatik. Horrez gain, prestakuntza jardunaldia batxilergoko 2. mailako ikasleei zuzenduta egongo da, aldaketa globalaren aurrean kontzientzia kritikoagoa garatu dezaten.

Alberto Luengo da Amalur jardunaldien sortzaile eta sustatzailea, eta esan du aurtengo jardunaldian «gai asko» ukituko dituztela: «Biodibertsitatea, geodibertsitatea, bidaiei eta naturari buruzko literatura, liternatura eta klima aldaketaren aurkako borroka bezalako gaiak jorratuko dituzte adituek». Eta argia da jardunaldien helburua: «Kalitatezko informazioaren bidez kontzientzia kritikoa eraikitzen jarraitzea, bizi dugun garaiaren araberako ingurumen postulatuetarako trantsizioa ahalbidetzeko».

Jardunaldien balioa nabarmendu du Jose Ignacio Asensio ingurumen diputatuak, esanez, «balio iturri» bat direla. «Alberto Luengok, Amalur jardunaldien bidez, egiazko bihurtzen ditu gaur egun Europako agendaren erdigunean dauden trantsizio ekologikoaren balioak eta ideiak, hala nola, klima aldaketaren erronkak, biodibertsitatearen krisia, ekosistema oreka eta garapen jasangarriaren sustapena, gizartearen ongizatearen oinarri gisa».

Patxi Amantegi Tolosako Udaleko Ingurumen zinegotziak esan duenez, «aisialdia eta prestakuntza uztartzen dituzten jardunaldiak» dira, eta hizlarien «maila altua» nabarmendu du. «Klima aldaketa eta jasangarritasuna bezalako erronka garrantzitsuei buruzko hausnarketa, ikasketa eta kontzientzia hartzen laguntzen diguten adituak datoz», gehitu du.

Jardunaldietan parte hartzeko gonbidapenak eskuratu beharko dira, doan, Tolosako Ekinbide Etxearen webgunean. Gonbidapenak ekitaldia baino astebete lehenago izango dira eskuragarri. Eta aurten ere streaming bidez emango dituzte hitzaldiak, Youtube-ko kanalean.

Egitaraua
  • Hitzaldiak, Topic aretoan, 19:00-20:30.
    • Martxoak 2. Egoa eta pinpilinpauxa, Beatriz Montañezen eskutik, gaztelaniaz.
    • Martxoak 3. Miñan liburuaren inguruan, Amets Arzallusekin, euskaraz.
    • Martxoak 9. El impulso nomada, Jordi Esteva eta Patricia Almarceguiren arteko elkarrizketa, gaztelaniaz.
    • Martxoak 10. Japoniaren nahia, Patricia Almarceguiren eskutik, gaztelaniaz.
    • Martxoak 23. Xavier Aldekoaren Quijote en el Congo liburuaren aurkezpena, Aldekoa eta Agurtzane Belaunzaranen eskutik, gaztelaniaz.
    • Martxoak 24. 100 izar geologiko istorio sinestezin baterako: Lurra, Asier Hilarioren eskutik, euskaraz eta gaztelaniaz.
    • Martxoak 31. Lagarteko bidea edo «alternatiboaren» balioa, Gabi Martinezen eta Josep Mª Palauren eskutik.
  • Mintegia, Topic aretoan, 19:00-20:30.
    • Martxoak 20-21. Afrika. Etorkizuneko kontinentea kontatzeko erronka, Xavier Aldekoaren eskutik, gaztelaniaz.
  • Prestakuntza jardunaldia, Topic arteoan, 10:00-13:00.
    • Iraila. Gazteria eta aldaketa globala: kontzientzia kritikoaren garapena, batxilergoko 2. mailakoentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!