Etxebizitza tasatuen zerrenda ikusgai dago

Ataria 2023ko otsailaren 23a

Tolosako Udalak argitaratu ditu Iurramendin eta San Kosme eta San Damian eremuetan eraikiko dituzten etxebizitza tasatuetan izena emandakoen onartu eta baztertuen behin behineko zerrendak. Iragan ostegunean argitaratu zituen, eta udalaren webgunean (Tolosa.eus) daude ikusgai. Alegazioak aurkezteko epea martxoaren 14an amaituko da.

60 etxebizitza tasatu eraikiko dituzte, 40 Iurramendin eta beste 20 San Kosme eta San Damian esparruan. Zozketatuko diren etxebizitza tasatuak honela daude banatuta: hiru logelako 38 etxebizitza; bi logelako 19 etxebizitza; mugikortasun murriztu iraunkorra duten pertsonentzat gordetako 3 etxebizitza, bina logelakoak (etxebizitza egokituak). Etxebizitza guztiek izango dute garaje eta trastelekua.

Iurramendi pasealekuko azpi esparruan eraikiko diren 40 etxebizitzetatik, 27 araubide bereziko oinarrien bidez esleituko dira, eta gainerako 13ak araubide orokorreko oinarrien bidez. San Kosme eta San Damian azpi esparruko etxebizitza guztiak, berriz, oinarri orokorren bidez esleituko dira, Tolosako udal etxebizitza tasatuak arautzen dituen ordenantzari eta Plan Orokorrak zehazten dituen oinarriei jarraiki.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!