“Non bizi naiz” proiektua abiatu dute gazteen eta instituzioen arteko elkar ezagutza sustatzeko

Ataria 2023ko ots. 23a, 19:58

Unitate didaktiko bat landu dute euskal erakundeak gazteen artean ezagutzera emateko eta instituzioak gazteengana gerturatzeko. Tolosako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, elkarlanean, Tolosako 3 ikastetxeetako batxilergoko ikasleak taldetan banatuta proiektu bat landuko dute eta Batzar Aretoan aurkeztuko dute martxoaren 30ean.

Gazteen artean nabari den euskal erakundeekiko ezagutza eta lotura ezari aurre egiteko helburuarekin sortu da ekimena. Proiektua Tolosatzen Eskola Irekiaren elkar ezagutzaren eta Instituzioak Ezagutzen lan lerroen baitan kokatzen da eta lotura zuzena du Tolosako Udaleko Gazteria saileko ildo estrategikoekin. Garatu berri den Haur, Nerabe eta Gazteen Planean jasotako helburu eta lan ildo nagusietako bat baita herritartasun aktiboa eta gazteen parte hartzea sustatzea.  

Tolosako Udalak eta aldundiak elkarlanean sustatutako proiektua da, herriko ikastetxeekin batera.  Tolosako ikastetxeetako bi ikasle ohiek landu dute proiektua aurrera eramateko unitate didaktikoa. 

Gaur proiektua abiatu da, Herrikide ikastetxean egindako lehen saioan. Datozen egunetan, lanketa bera egingo dute Laskorain Ikastolan eta Orixen, martxoaren 2an eta martxoaren 6an, hurrenez hurren.  Lehen saioan parte hartu dute Tolosako alkateak, Olatz Peon Ormazabalek eta Eider Mendozak, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile eta Gobernantza Diputatuak. 

Alkateak, ikasle zein irakasleen ahalegin eta inplikazioa eskertu ditu aurrez eta elkarlanean garatuta proiektu honen garrantzia azpimarratu du. Eider Mendoza, aldundiko bozeramaile eta gobernantza diputatuak berriz, mota honetako ekimenen garrantzian jarri du azpimarra.

Batxilergoko lehen mailako ikasleak, instituzioekin elkarlanean

Horixe du helburu egitasmoak: erakundeak eta gazteak elkarlanean jartzea eta instituzioak gazteengana gerturatzea, instituzioak zer diren, zer nola eragiten dieten ezagutarazteko. Horretarako, 7 ataletan banatuta dagoen unitate didaktikoa landu da, lan dinamika eta ariketa ezberdinekin. Halaber, ikasle zein irakasleentzako gidak ere sortu dira. 

Atal bakoitzak, bere helburu espezifikoa du:

  1. Saioen nondik norakoen inguruko azalpenak jasotzea, lehen atalaren lanketa egitea eta euskarri ezberdinen erabilera martxan jartzea.
  2. Eusko Jaurlaritzaren sorrera, jatorria eta alderdi nagusienak ezagutzea eta aztertzea.
  3. Gipuzkoako Foru Aldundiaren inguruko alderdiak aztertzea.
  4. Tolosaldeko eskualdean murgiltzea.
  5. Tolosa herrian murgiltzea, inguruko herriei erreferentzia eginda, betiere.
  6. Saio hauen azken erronka azaltzea, eta hura martxan jartzea: taldetan banatuta, proiektu bat egingo dute, eta ondoren, ikastetxe bakoitzetik 3 aukeratuko dira udaletxeko Pleno Aretoan aurkezteko.
  7. Proiektua ebaluatzea. Egindako guztiaren hausnarketa, aldaketak, hobekuntzak eta proposamenak egitea.

Ikasleek beraz, proiektu-proposamen bat garatuko dute taldeka eta Batzar Aretoan aurkeztuko dute martxoaren 30ean. Talde batzuk, Gipuzkoako Foru Aldundiari begirako proiektu-proposamenak landuko dituzte, besteek aldiz, Tolosako Udalari zuzendutakoak. Talde bakoitzak, ideia edo proposamen bat landu beharko du eta laburpen fitxa bat osatu.  Fitxa horretan, proiektuaren ideia nagusiak eta garrantzitsuenak adieraziko dituzte. Aldi berean, erakusketa-poster bat sortuko dute informazioarekin, modu bisualagoan, martxoaren 30ean egingo den aurkezpen saiorako.

Aurkezpen saio hori baliatuko da udaletxetik bisita gidatua egiteko, gazteek udal antolamendua, udal sailak eta udala bera bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dezaten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!