Asteartita hasteko, anis edalontzia eskuan eta gailetak ahoan

Leyre Carrasco 2023ko otsailaren 21a

Alboradarekin eman diote hasiera Asteartitari, eta hainbat inauterizale izan dira udaletxeko arkupetara gerturatu direnak Udal Txistulari bandaren doinuak entzutera eta dantzatzera.

Atzo Tolosara gerturatutako parranda zale askok, nekeak eraginda, etxerako buelta hartu dute; tartean, ordea, badira oraindik ohean sartzeko gogorik ez dutenak. Horietako askok goizeko 6:00etarako udaletxeko arkupetan zeuden, alborada noiz hasiko zen zain. Beste batzuk, berriz, gosariaren bila joan dira; urtero banatzen duten anis tragoa eta gailetak hartzera.

Hala ere, udaletxe atarian Udal Txistulari Bandak eskaini duen alboradara gerturatu diren guztiek gauza bera partekatzen dute: festarako grina. Txistularien lehen notak entzutearekin batera, saltoka hasi dira herritarrak, anis edalontzia eskuan eta gailetak ahoan zituztela. Atzoko mozorro berarekin jarraitzen zuten gehienek; eta gutxi batzuk izan dira Asteartita eguneko mozorroa estreinatu dutenak.

Behin udaletxe atariko lanak amaituta, Berdura plazara joan dira txistulariak, eta bertatik, Felipe Gorriti plazara. Horren ostean, batzuk lotarako bidea hartu dute, eta beste askok zezen plazarakoa egin dute, txarangen atzetik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!