Inauteriak bereziak dira Tolosaldean eta hauek gozatzeko modu asko daude. Tolosaldeko Ataria-ko langileok argi dugu: kalean gertatutakoa zuei kontatuz gozatu nahi izan ditugu. Nahiz eta atseden gutxi izan dugun azken egun hauetan, txilaba, ileordeak, jantzi bereziak... jarri, festan murgildu eta gertatu den horren berri eman dugu. Hasi txupinazoetatik eta azken ekitaldietarainoko material sorta bildu dugu aurten ere: argazkiak, bideoak, elkarrizketak, iritziak, komikiak...
Gaur berriz, atseden eguna dugu. Azken urteetan, merezitako atseden egun bezala, gorriz markatua izaten dugu gure lan-egutegian Hausterre eguna. Hala ere, ba al da egun hau baino momentu hobeagorik azken egunetako errepasoa egiteko? Horixe egin nahi genuke guk ere, eta guk bildutako material guztia, egoki sailkatu eta segidako puntuetan daukazue:
- Aurretik eta eskualdeko beste herrietako inauteriak
- Ostegun gizena
- Ostiral mehea
- Zaldunita bezpera
- Zaldunita
- Astelenita
- Asteartita
Gainera, gogoratu, inauterietako mozorrorik onena saritu nahi dugula. Sari bikainak ditugu irabazleentzat eta horretarako hemen sartu eta zure argazkia igo besterik ez duzu egin beharko. Animatu eta zorte on!
Eta amaitzeko, eskerrak eman nahiko genizkieke inauterien jarraipena egiteko Tolosaldeko Ataria aukeratu duten guztiei, aurten ere asko izan zarete. Eta noski, eskerrak baita Atarikideei, hauei esker guztia kontatzeko aukera izaten dugu eta.
Gure leloa Egiten Duzuna Gara da eta egiten duzuelako garenez, zenbat eta gehiago izan, orduan eta gehiago eta hobeto kontatzeko aukera izango genuke, horregatik, eta oraindik ez baldin bazara, zu ere Atarikide izatea beharrezkoa dugu. Animatu eta egin Atarikide! Hemen duzu horretarako aukera.