Zein da zure lehen oroitzapena inauterien inguruan?
Txaranga munduan txiki txikitatik sartu ginela: Ostegun Gizenean Pintxanan ateratzen hamar urterekin, soinurik ateratzen ez zuten txapa batzuekin. Egia da nire inauteriak bide horretatik egon direla bideratuta, batez ere. Gero helduago egin ahala konpartsetan-eta dantzan atera naiz.
Beno, orain gogoratu naiz, mozorro lehiaketa da benetan nire lehen oroitzapena. Nire amonak jantziak egiten zizkigun niri eta nire lehengusuari, eta kaldereroen asteburu horretako mozorro lehiaketan parte hartzen genuen. Saridunak inauterietan zezen plazako palko batera eramaten zituzten zezenak ikustera, eta noizbait irabazi genuen sariren bat.
Musikarekin asko lotzen dituzu inauteriak.
Inauteriak eta musika lotuta doaz; niretzako musikarik gabe, txarangarik gabe, inauteriak ez lirateke berdinak izango. Nire anaia, lehengusua eta ni Pintxanan hasi ginen jotzen txapekin, eta gero bakoitzak instrumentu bat aukeratu zuen. Ostiral Meheko emakumeen danborradan ateratzen naiz musika jotzen, eta gero Sukalde txarangarekin, bai igandean eta baita asteartean ere. Azken urteetan, lana dela eta ez dela, egun horiek mugatu egiten zaizkit lanera joan behar dudalako.
Gero, dantza aldetik, Ttenttek aisialdi taldearekin ateratzen nintzen amarekin batera. Astelehena ama eta alabaren eguna da.
Zer instrumentu jotzen duzu?
Nik saxofoia jotzen dut. Amarotzen ikasi nuen, Xabier Zelaiarekin. Ez ditut musika eskolako ikasketak; saxofoia jotzeko behar den solfeo maila dut, eta Xabik txikitatik erakutsi zidan saxofoia jotzen.
Inauteriak gerturatu ahala, festari lotutako doinuak ikasten zenituzten?
Hori da. Hasieran oinarria erakusten zizun, behar zenituen baliabideak, eta gero mota ezberdinetako abestiak. Inauteriak gerturatzen ziren heienean, jo eta su inauterietako abestiekin.
Aurten ere Pintxana txarangarekin aterako zara?
Bai, zuzendaritzaren parte naiz, eta txarangako zuzendari bezala ere atera izan naiz. Niretzako Ostegun Gizena sakratua da. Niretzako egun magikoenetakoa da. Pintxana txarangarekin ateratzen naiz, eta eguna oso berezia bihurtzen da, lagun artean gaudelako, eta oso ondo pasatzen dugulako. Ikusten duzu gaztetxoak pixkana sartzen direla txarangan, musikaren mundu horretan, eta gero eta partaide gehiago ditugu. Belaunaldi asko elkartzen dira, eta belaunaldi nahasketa hori oso aberasgarria da.
Aurten ere berriz zuzendari?
Ez, niri ez zait tokatzen. Normalean txandakatu egiten dugu, eta urtero zuzendari desberdin bat ateratzen da, denek ere aukera hori izateko eta bizitzeko.
Eta zuzendari izan zinenean nola izan zen egun hori?
Eguna eta aurreko egunak kontuan hartu beharko nituzke. Etxean inoiz baino gehiago ibiltzen zara prestatzen, erritmoak-eta markatzeko. Oso berezia da eguna, beste ikuspegi batetik bizitzen duzulako; instrumentuarekin zoazenean, besteekin hitz egiten-eta aritzen zara, barreka, eta zu zarenean zuzendaria zuk markatzen dituzu abestiak, geldialdiak... Egun oso polita izan zen, berezia, bizitzan behin egiten duzuna. Gainera, nire anaiarekin partekatuz, horrelako momentuak betirako geratzen dira.
Amarekin jarraitzen duzu Astelenitan ateratzen?
Ama eta alabaren egun bezala mantentzen dugu. Ttenttekena orain dela denbora bat utzi genuen, ezin genuelako joan entseguetara. Erabaki genuen eguna mantentzea, dinamika ezberdin batetik.
Eta mozorrotzeko zer egiten duzu?
Azkeneko bi urteetan, igandean txarangarekin atera ez naizenez, ama eta biok, eta osabak ahal duenean, amonaz ateratzen gara, Joxepi, Maritxu eta Eustaxi izenekin. Hirurak ateratzen gara amonaz jantzita, baina egoera aldatzen: amonak mezetara joaten, amonak kamisoian... Astelenitan zerbait berria ateratzen saiatzen gara, denbora badugu.
Zer dira inauteriak zuretzako?
Niretzako eta tolosar askorentzako aste berezia da, denborarekin prestatzen duzuna, eta ilusio handiarekin. Lagunekin eta familiarekin egoteko denbora da, eta aldi berean festa giroan. Emozioz, ilusioz eta irribarrez beteriko astea da.
MOTZEAN
Egun bat? Ostegun Gizena.
Eguna ala gaua? Eguna.
Une berezi bat? Txupinazoaren unea, denok zain gaudenean inauteriei ongietorria emateko.
Mozorro bat? Joxepi eta Maritxu.
Txaranga doinu bat? Baila Negra.