Dantzari txikiena da Tolosa

Ataria 2023ko otsailaren 18a

Udaberri dantza taldeak dantzez eta kolorez bete ditu Tolosako kaleak. 11:30ean hitzordua zehaztuta zuten Trianguloa plazan eta hortik abiatuta ez dira inaute doinu eta dantzak falta izan Tolosan barrena.

Bi taldetan banaturik Tolosako Alde Zahar eta erdialdeko txoko ezberdinak plaza-dantzak bihurtu dira Zaldunita Bezpera egunez, Udaberri dantza taldeko neska-mutilentzat.

Geldiune bakoitzean pare bat pieza dantzatu -Lantz, txulalai...– eta kalejirari berriro ekin diote dantzari trebeek.

Musikariak ezinbestekoak izaten dira dantzatu ahal izateko eta horretan jaioa bada Udaberri dantza taldea, bere txaranga lagundurik ibili baitira kalez kale. Trikiti eta panderoak ez dira urruti egon ikusleen gozamenerako.

Dantzariak dantzarako alpargatak edo abarkak jantzita; txilabak edo zakuak; lastozko txapelak edo koloredun konoak... Edonola ere, dantzariek koloreztatu dituzte Tolosako kaleak. Eta dantza eta dantza artean sustoetarako tartea ere izan da; inaute hartzak ere bere protagonismoa izan nahi izan du eta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!