Manifestazioa egin dute «erasoak» salatzeko

Ataria 2023ko ots. 16a, 20:39

Txozna Batzordeak deituta, manifestazio jendetsua egin dute Tolosako kaleetatik, Eraso guztien gainetik, txozna defendatu lelopean.

Manifestazioa Plaza Berritik abiatu eta bertan bukatu da. Txozna Batzordeak azaldu duenez, «urtero egon dira oztopoak txosna aurrera ateratzeko baina aurten, aipaturiko guztiari bi eraso politiko gehitu zaizkio: EAJ-k txosna ahultzeko Euskal Herri plazako debekua, eta ezker abertzaleak Mugimendu Sozialistako eragileak txosnarik gabe uzteko saiakera». Aurten arte, «gainontzeko eragileek Sortu eta Ernai antolakundeekin partekatzen genuen Txozna Batzordea: mahai berean bai baina alde banatan, aurrez ere jakin bagenekien ere, azken gertakariekin ezin argiago frogatu den bezala». Batzordeak gaineratu duenez, «ezker abertzaleak ez du dudarik izan gainontzeko eragileen gainetik pasa eta plaza bereganatzen saiatzeko, ikusi duten lehen aukeran».

«Erasoaren» dimentsioa «handia» dela gaineratu dute, eta bi gauza zehaztu: «Batetik, Tolosan 900 sinaduratik gora bildu dituen EH plazaren aldeko borroka deslegitimatu eta kriminalizatu dute, militanteen gaineko irudi ilun eta gatazkatsua zabaltzeko aprobetxatuz. Bestetik, txosna batzorde paralelo bat sortzen saiatu dira Mugimendu Sozialistako eragileen betoan oinarritzen dena eta aurrera begirako proiekzioa eman diote, hau da, erasoarekin jarraitzeko borondatea adierazi dute. Eta hori dena aniztasunaren izenean».

«Aniztasuna» esaterakoan, soilik «politikoki funtzionalak zaizkien talde eta norbanakoei» buruz ari direla leporatu die Txozna Batzordeak: «Izan ere, txosnako gainontzeko eragileek ezker abertzalearen kritika politikoa egiten dute egunerokotasunean, honek Espainiar Estatuaren egonkortasunean jokatzen duen papera salatuz, lege antiproletarioei ematen dien babesa salatuz, aurrekontu militarizatzaileei emandako baiezkoa salatuz eta abar». Bide horretatik, batzordeak gaineratu duenez, «eragile hauek lan militante bidez indarra hartu duten txosna batean parte hartu ordez, nahiago dute boikotera pasa, aniztasuna aldarrikatuz. Beraiek indarra duten herrietan, berriz, zuzenean desadostasuna sortzen dietenei betoa ezarri diete: hemendik elkartasun osoa Hernani, Gasteiz, Lazkao, Lesaka, Donostiako Egia, Deusto eta betoa jasan duten gainontzeko kideei».

Langilegoaren aurkako «eraso orokor bat» bizitzen ari direla diote batzordetik, eta geroz eta zailagoa dela kalean kartel bat pegatzea, kontzertuetarako baimen bat lortzea edota «eragile politikoen finantziazio independentea» bermatzea. Horren aurrean indarrak batu behar direla esan du Txozna Batzordeak, «txosnaguneak ere jo-puntuan baititu kapitalak, eta Tolosan konkretuki EAJk. Hori baita txosnetan aniztasunerako bidea gure ustez, modu desinteresatu eta politikoan guztion finantziazio eta sozializazio guneak sortzeko eskubidearen defentsa kolektiboa». Borrokak «kriminalizatu» eta «interes partidisten arabera» jokatzen dutenekin ez dutela zer eginik gaineratu dute. «Bide batez, salatu nahi genuke azken egunetan hauteskundeei begirako zirkuan txosnaren afera erabiltzeko bi alderdien saiakera».

Azken egunetan, «bai batzuk zein besteek esan dute tolosarrek ez dutela merezi gatazkarik eta festa merezi dutela», zehaztu du Txozna Batzordeak. «Gure ustez Tolosak eta bertako langile orok merezi duena da inauterietan festa gune bat, kideekin errespetuz sozializatzeko balio duena, politizatua eta politizatzailea, antolakuntzara batzeko deia zabaltzen duena, eta gainera etxegabetzeen aurkako borrokak, jabe autoritarioen aurkako borrokak, zapaltzen gaituen sistemaren eta boterearen aurkako borrokak finantzatzeko balio duena. Eta zer esanik ez, Itaiak eraso matxisten aurrean egiten duena bezalako lan militantez babestua».

Txozna Batzordeak, irakurri duen idatziaren bukaeran, festarako deia egin du: «Oztopo guztien gainetik antolatzea lortu dugun egitarauaz gozatu, gu behintzat gertatuaren ondoren inoiz baino gogotsuago eta indartsuago gaude».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!