«Urteko zamak alde batera uzteko garaia izaten da»

Endika Apalategi Labayen 2023ko ots. 20a, 07:58

Iñigo Irurtzunek (Tolosa, 1995) inauterien maitale izatearen errua bere aitarena dela dio, eta hartzaile huts izatetik, festako aldagai aktibo izatera igaro da.

Zer dira zuretzat inauteriak?
Festa, irudimena eta gozamena. Inauteriak entzun eta barrenak urduritasunez betetzen zaizkion horietako bat naiz. Inauteri aurreko prestaketak, entseguak… asko gozatzen ditut eta ostegunetik astearterako egunak ez amaitzeko gogoz egoten naiz.

Nola bizitzen dituzu inauteriak?
Ahalik eta gehien. Ostegunetik igande goizera arte musikaren aitzakian gozatzen dut festaz. Hortik aurrera, mozorrotu eta lagunekin aritzen naiz gora eta behera, ahal ditudan momentu guztiak disfrutatuz. 

Zein dira zure lehen oroitzapenak inauterien inguruan?
Lehen oroitzapenak aitari lotuak daude. Bera izan da gure etxean inauteria maitatzearen erruduna. Etxean behin eta berriz entzuten genituen inauterietako abestiak. Gainera berak ikaragarri maite zuen mozorrotzea, bizpahiru trapu zahar hartu eta pertsonaiak sortzea. Alde Zaharrean bizi ginen eta zaila izaten zen txaranga doinuetatik ihes egitea. Hortik datorkigu inauteri sena eta hori denari esker hasi ginen pixkanaka inauterietan parte hartzen . 

Zerk egiten ditu berezi inauteriak?
Jendeak eta musikak. Orokorrean inauterietan poza sentitu daiteke kaleetan, egunerokotasuneko zamak uzteko garaia izaten da, bestela bizitzen ez ditugun momentuak bizitzeko unea. Egun hauetan kaleaz gozatzeko aukera bikaina ematen dute mozorro eta bestelakoek. 
Musikari lotuta, inauterietako abesti guztien melodia jarraitzeko gai izaten gara nahiz eta musikaz ez asko jakin, hori bada zerbait.  Horretaz gain, txarangaren atzetik saltoka normalean gerturatuko ez zinatekeen jendearekin topatu eta agian besotik helduko diozu; hori ez da beste edozein egoeretan bizitzen.  

Umetako oroitzapenetatik zertan aldatu dira inauteriak?
Orokorrean festa asko handitu dela iruditzen zait, bai parte-hartzaile kopuruagatik bai eta bisitarien aldetik ere. Honek festa moldatzea ekartzen du, eboluzionatzea, eta aldaketak egonda ere, jendeak inauteria gozatzeko helburuarekin dihardu. Pertsonalki aldiz, orain inauterietako prestaketak guk geuk antolatzen ditugu, inauteriak lehen pertsonan bizitzen ditugu eta honek ikaragarrizko momentu onak ematen dizkigu.

Urte hauetan guztietan, zein izan da zure papera inauterietan?
Esango nuke hartzaile huts izatetik, festaren aldagai aktibo izatera jo dudala. Hasieran, familiaren eskutik gozatzen nuen inauteriaz… Zezenak, txaranga, barrakak… Ondoren lagunekin ateratzen hasi ginen, baita aisialdi taldeetan ere. Ferialekuan orduak igaro genituen lehen konpartsak sortuz, gero karroza handietan amaitzeko; horietan denetan asko ikasi nuen. Orain aldiz mozorroari bizia nola eman dihardugu, jendeari zer eskaini pentsatuz. Musikari izateak ere kaleaz eta festaz gozatzeko aukera handia ematen dizu eta hori ere dezente aprobetxatzen dudala esango nuke.

Txarangaren batean parte hartzen al duzu?
Bai. Ostegunean txarangarekin ateratzen naiz, aurtengoa oker ez banaiz, hamalaugarren urtea jarraian. Lagun artean inauteriei hasiera emateko aukera ezin hobea da. Horretaz gain, ostiralean noizbehinka Kabi Alai txarangarekin ere ateratzen naiz, elkarteko kidea naiz eta. Larunbat goizean Udaberriko Fanfarrearekin alaitzen ditugu kaleak. Tolosako Musika Bandako kide bezala, Zaldunita Bezperako danborradan eta Dianan ere parte hartzen dut. Azkenik, Asteartitan La Jara elkartearen txarangaz atera izan gara azken urteetan. Aspertzeko astirik ez beraz!

Inauterietako zenbat abesti dakizkizu?
Esango nuke inauterietako errepertorioko abesti guztiak dakizkidala; elkarteetako abestiekin aldiz, agian bateren batekin nahastu naiteke, baina pare bat aldiz entzunda, melodiari jarraitzeko arazorik ez nuke izango.

Mozorrotzea gustuko duzu?
Bai, batez ere mozorrotzen naizen pertsonaian sartzea gustatzen zait. Urte guztiko monotonia apurtu eta Iñigo desberdin bat izateko aukera ematen dit.

MOTZEAN

Egun bat?  
Inauterietako egun guztiak dira bereziak, baina Zaldunita aukeratuko  nuke.

Une bat? 
Diana, zalantzarik gabe.  

Txaranga doinu bat? 
Molinatxo doinua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!