«Ilusio handiko egunak izaten dira inauterietakoak»

Endika Apalategi Labayen 2023ko ots. 18a, 07:58

Beñat Azaldegi erdian, laukidun alkandora jarrita.

Beñat Azaldegik (Tolosa, 1994) inauterien gaineko oroitzapen asko dituela dio. Txikitatik asko gustatu izan zaio mozorrotzea. Ikastolan egiten zuten desfilea ilusio handiz hartu eta familiarekin konpartsan ateratzeaz gain, bere garaian Pintxana txarangan ateratzen zen musika jotzen urte luzez.

Zer dira zuretzat inauteriak?
Inauteriak ilusio egunak bezala definituko nituzke. Lagunekin eta familiarekin egoteko, dantza egiteko, jolasteko eta mozorrotuz urte guztian zehar ezkutatzen dugun lotsa hori alde batera uzteko balio duten egun zoragarriak direla esango nuke.

Nola bizitzen dituzu inauteriak?
Intentsitate handiarekin bizi ditut inauteriak. Asteazkeneko txupinazo alternatibotik hasi, eta Asteartita bitarte egunero izaten dugu zer egina. Denbora luzez egoten gara zertaz mozorrotu dezakegun pentsatzen, eta naiz eta karroza askotan ez parte hartu, parte hartu izan dudan urteetan ikusi dut lan handia dagoela horren atzean. Egia esan leher eginda amaitzen ditut festak, baina esango nuke tolosar ia denei pasatzen zaigun zerbait dela.

Zein dira zure lehen oroitzapenak inauterien inguruan?
Inauterien gaineko oroitzapen asko ditut buruan. Txikitatik asko gustatu izan zait mozorrotzea, eta ikastolan egiten genuen desfilea ilusio handiz hartzen nuen. Familiarekin konpartsan ateratzea ere gustuko nuen, eta inauteriak barru-barrutik bizi genituen. Kuadrillako lagunek ere ederto pasatzen genuen, eta gogoan dut 16:00etan elkartzen ginela, elkartearekin txarangaren igoera egin, eta ondoren zezen plazan buelta bat emateko. 

Zerk egiten ditu berezi inauteriak?
Nire iritziz, jendeak mozorroak egiteko eta festan murgiltzeko daukan ilusio eta grinak egiten ditu berezi inauteriak. Jendeak beti ematen die buelta bat euren mozorroei, originaltasun handiko mozorroak eramaten dituzte soinean, kaleko edozein txokotan egoten da zer ikusia eta jendearekin partekatzeko momentuak. Sentsazio horiek guztiak inauterietan bakarrik aurkitu ditzakegu. 

Umetako oroitzapenetatik zertan aldatu dira inauteriak?
Inauteriak azken urteetan asko aldatu direla esango nuke. Bizitzeko era ezberdin bat da gaur egun daukaguna; gaur egun ez gara orain dela 25 urte bezala bizi, eta festarako eredua aldatu egin da. Orain, ez da horrenbeste dantzatzen, karrozek eta zaratak zeresan handia eman dute baina horrek denak ez nau kezkatzen, festak jarraitu egin behar du askatasun osoz, eta hori dena ona da. Hemendik 25 urtera, beste modu batera disfrutatuko dugu inauteriez ziurrenik.

Urte hauetan guztietan, zein izan da zure papera inauterietan?
Inauterietan daukadan papera, parte hartzaile aktibo batena dela esango nuke. Mozorro asko eramaten ditut soinean astean zehar, eta normalean konpartsa txikietan hartu izan dut parte, gehiago gustatu izan baitzait Alde Zaharreko inauteri txikia, karroza handietakoa baino.

Txarangaren batean parte hartzen al duzu?
Gaur egun ez dut txarangaren batean jotzen. Bere garaian, Pintxana txarangan ateratzen nintzen, baina urte asko pasa dira azken aldiz atera nintzenetik.

Inauterietako zenbat abesti dakizkizu?
Abestia gehienak dakizkidala esango nuke. Entzun behintzat, denak egin ditut eta nahiko frikiak garenez gure kuadrillan, gehienak kantatzeko gai gara. Anekdota bezala, abesti guztiak buruz dakizkien lagun bat daukagu, Eneko Artxuaga, eta berarekin joko bat egiten dugu. Guk, abesti bat ahapetik kantatzen dugu eta berak segundo bat igarotzerako erantzuten digu abestiaren izena.

Mozorrotzea gustuko al duzu?
Bai, asko gainera. Inauteriak ez ditut mozorrotzea ez den beste zerbaitekin ulertzen, eta festaren parte da. Joko handia ematen du eta leku askotako jendea Tolosara mozorrotuta etortzen dela ikustea oso berezia da.

 

MOTZEAN

Egun bat? 
Zaldunita eguna aukeratuko nuke

Eguna ala gaua? 
Biak gustatzen zaizkit, horretan behintzat ez daukat preferentziarik.

Une bat? 
Zaldunita egun hasieran lagunekin topatzen naizen unea, oraindik festa hasten ari den momentua baita.  

Mozorro bat? 
La Jara txarangaz mozorrotzea  dut gustuko, urte askotan parodiatu izan baitugu.

Txaranga doinu bat?
Habanera aukeratuko nuke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!